Gipuzkoa Argitu 2021 eskaintza
Gipuzkoa Argitu 2021 eskaintza
Gipuzkoa Argituren eskaintza berria, egungo beharretara egokitzeko
Gipuzkoa Argitu 2021ek tresna berriak, eduki berriak eta zerbitzu berriak aurkezten ditu eraginkortasun energetikoa eta energiaren aurreztea bultzatzeko, COVID 19ak eragindako egoera berri honetan.
Etxeetako energia-kontsumoa optimizatzeko aukera emango duen energia-kalkulagailua, herritarrentzako energia-aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzua eta on line energia tailerrak.
José Ignacio Asensio: “Herritarrei ahalmena eta energia-ezagutza eta -irizpideak ematea beharrezkoa da energia-trantsizio bat egin ahal izateko” “Ekintza honek, Klima Aldaketari aurre egiteaz gain, Gipuzkoako 60.000 etxe baino gehiagori eragiten dien kalteberatasun energetikoa erauzten laguntzen du”
José Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak eta Garbiñe Olaberria Ingurumen teknikariak Gipuzkoa Argitu 2021eko produktu eta zerbitzuen eskaintza berria aurkeztu dute.. Covid 19ak eragindako egoera berriak Gipuzkoa Argitu 21eko programazioa eta zerbitzuak berritzera behartu gaitu herritarren artean eraginkortasun energetikoa eta energia aurreztea bultzatzen jarraitzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko foru diputatuak adierazi duenez “Herritarrei ahalmena eta energia-ezagutza eta -irizpideak ematea beharrezkoa da energia-trantsizio bat egin ahal izateko”
Alde horretatik, aurten inoiz baino gehiago, Gipuzkoa Argituren helburua da herritarrei eraginkortasuna hobetzeko eta etxean elektrizitate gutxiago kontsumitzeko behar diren ezagutzak ematea. Asensio diputatuak gaineratu duenez, “Ekintza honek, Klima Aldaketari aurre egiteaz gain, Gipuzkoako 60.000 etxe baino gehiagori eragiten dien kalteberatasun energetikoa erauzten laguntzen du”
Aurkezten diren zerbitzu berrien artean, nabarmentzekoa da kalkulagailu energetikoa, etxeetako energia-kontsumoa modu pertsonalizatuan diagnostikatzeko balio duena. Gipuzkoa Argitu web orrian eskuragarri egongo den kalkulagailu energetiko honi esker, herritarrek jakin ahal izango dute zenbat energia kontsumitzen duten eta etxean erabiltzen duten energiaren ze portzentaia dagokion gailu bakoitzari, hala nola argiztapenari, hozkailuei etab. Gainera, etxeetan gehien kontsumitzen duten ekipoak zeintzuk diren eta kontsumoan duten eragin energetikoa ezagutzeko aukera ere emango du kalkulagailuak. Era berean, kontratazioaren potentzia optimoari buruzko argibideak emango ditu, bai eta energian eta dirutan aurrezteko aholku pertsonalizatuak ere.
Bestalde, aurten ere Herritarrei Aholkularitza energetikoa emateko Trebakuntza Ikastaroak ere emango zaizkie udaletxe eta eskualdeetako teknikariei; hauek herritar bakoitzaren beharrei eta eskaerei modu pertsonalizatuan erantzun ahal izateko. Helburua da tokiko erakundeetan teknikari trebatuak prestatzea, bai energia-ezagutzan, bai jendeari arreta emateko gaitasunean, herritarrek beren energia-beharrei buruz dituzten galderei modu pertsonalizatuan erantzun ahal izateko. Zerbitzu hori urteko bigarren seihilekoan aktibatzea aurreikusten da.
Argitu tailerrei dagokienez, eta COVID19 delakoak gaur egun dituen baldintzak kontuan hartuta, aurten gehiago sustatuko dira online tailerrak. Lehen seihilekoan bost online tailer egingo dira, eta beste bost bigarren seihilekoan. Hauek dira lehen seihilekoko online tailerren datak:
- Martxoak 25: Elektrizitate kontsumoaren datuen ezagutza tailerra
- Apirilak 29: Erosotasunik galdu gabe aurrezpena eta eraginkortasuna tailerra.
- Maiatzak 13: Etxebizitzen birgaitze energetikoa tailerra
- Maiatzak 27: Energia berriztagarriak etxebizitzetan tailerra
- Ekainak 9: Mugikortasun jasangarria tailerra
Bigarren seihilekoan, bost online tailerrak errepikatuko dira, eta programa indartzeko 25 tailer presentzial egingo dira.
Bestalde, informazio-bideo praktikoak ere egingo dira, herritarrek energia-eraginkortasunaren hobekuntzari buruzko kontzeptuak barnera ditzaten “Isolamendua”, “Leihoak”, “Aireztapena” eta “Errehabilitazioa” bezalako eremuetan.
Aurtengo Argituren programazioa Gipuzkoako sei lanbide-heziketako zentrotan emango den formakuntza saio espezifikoekin osatuko da. Formakuntza saio hauek formakuntza profesionaleko erdi mailako zikloko ikasleei emango zaie (“Mendekotasun-egoeran dauden pertsonentzako arreta” zikloa ikasten ari direnei hain zuzen ere) Helburua, etorkizunean zaindu beharreko pertsonen eta etxeen eraginkortasun eta optimizazio energetikoa zaindu ahal izatea da.
Programa hau klima aldaketaren aurka borrokatzeko Gipuzkoako Estrategiaren (Gipuzkoa Klima 2050) barruan dago. Estrategia hori 2018ko maiatzaren 29ko 18/2018 Foru Dekretuaren bidez onartu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuaren bultzadarekin. Estrategia horren helburua da karbono gutxiko energia eredu baten alde egitea, eta energiaren aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzea da haren jarduera ildoetako bat.
Ingurumen diputatuak nabarmendu duenez, bere departamentua urratsak ematen ari da Gipuzkoak aurrera egin dezan energia eredua aldatzeko eta Europar Batasunak energia eraginkortasuna hobetzearren ezarritako helburuak lortzeko: «Ezagutza, sentsibilizazioa eta elkarlaneko ekintza funtsezko zutabeak dira klima aldaketaren aurka borrokatzeko estrategiak garatzeko, eta oinarri horien gainean lantzen dugu Argitu programa Gipuzkoan".
1459