Breadcrumb

Asset Publisher

Back Argituk etxebizitzetako energiaren aurreztea, eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatuko ditu

Argituk etxebizitzetako energiaren aurreztea, eraginkortasuna eta energia berriztagarriak sustatuko ditu

Berritasun nagusia da etxebizitzen birgaitze energetikoa eta energia berriztagarriak jorratzeko tailer espezifikoak egingo direla.

2019/10/18

Erdi-mailako Heziketa Zikloen ikasleentzako programa espezifikoa abian jarriko da ere, mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretari buruzkoa, eta beste bat Gipuzkoako ostatu turistikoei zuzenduta, energia horniketa, eraginkortasun energetikoaren hobekuntza eta bere instalazioetan iturri berriztagarriak ezartzeari buruzkoa.

José Ignacio Asensio: “Klima aldaketari aurre egiteko estrategiak garatzeko ezinbestekoak dira ezagutza, sentsibilizazioa eta lankidetza eta Gipuzkoa Argitu programan hauek dira lantzen ditugun oinarriak”.

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak, Mónica Pedreira Ingurumeneko zuzendariak eta Garbiñe Olaberria Ingurumeneko teknikariak, Gipuzkoa Argitu, eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko tailerren bigarren seihilekoaren programazioa aurkeztu dute. Oraingoan nobedade ugari ditu, berritasun nagusia izango da etxebizitzen birgaitze energetikoa eta etxebizitzetako energia berriztagarriak jorratzeko tailer espezifikoak egingo direla. Erdi-mailako Heziketa Zikloen ikasleentzako programa bat abian jarriko da ere, mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretari buruzkoa, eta beste bat Gipuzkoako ostatu turistikoei zuzenduta, energia horniketa, eraginkortasun energetikoaren hobekuntza eta beste instalazioetan iturri berriztagarriak ezartzeari buruzkoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak zuzentzen duen Gipuzkoa Argitu programa, 2017tik geroztik Gipuzkoako 1100 herritarrengana baino gehiagora iritsi den plangintza da. Lurraldeko udalerri ezberdinetan aurrez aurreko 105 tailer egin dira eta tailerren hezkuntza jaso duten pertsonek, gaur egun energia kontsumo gutxiago eta eraginkorragoak izateko beharrezko ezagutza eta baliabideak dituzte. Gipuzkoa Argitu programaren helburua da energiaren, eta bereziki elektrizitatearen, kontsumoaren murrizketa sustatzea era erraz eta soil batean, Gipuzkoako etxebizitza, komertzio eta enpresa txikientzako abian jarritako baliabideen bitartez. Jomuga dugu eraginkortasun energetikoa areagotzea eta zaurgarritasun nahiz pobrezia energetikoaren prebentzioa eta murrizketa lortzea, eta baita energia berriztagarriak sustatzeaere.

Programa hau klima aldaketari aurre egiteko Estrategiaren barne kokatzen da, Gipuzkoa Klima 2050. 18/2018 Foru Dekretuaren bitartez onartu zen, maiatzaren 29an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak sustatuta. Estrategia honen helburua da karbono baxuko eredu energetikorantz aurrera egitea eta bere ekintza lerroetako bat da aurrezte eta eraginkortasun energetikoa bultzatzea.

Ingurumeneko diputatuak nabarmendu du Departamentua urratsak egiten ari dela Gipuzkoak aurrera egin dezan eredu energetikoa aldatzean eta Europar Batasunak eraginkortasun energetikoa hobetzeko ezarritako helburuak lortzean: “Klima aldaketari aurre egiteko estrategiak garatzeko ezinbestekoak dira ezagutza, sentsibilizazioa eta lankidetza eta Gipuzkoa Argitu programan hauek dira lantzen ditugun oinarriak”.

2019ko bigarren seihilekoari begira, aurrez aurreko 36 tailer berri aurreikusten dira; 8 argindar kontsumoaren datuak eskuratzeari eta kontsumoa murrizteari buruz,  beste 8 etxean energia aurreztear buruz erosotasunik galdu gabe eta 20 gehiago etxebizitzetako energia berriztagarrien ingurukoa. Lan-lerro berria abian jarriko da ere, Gipuzkoako Turismo Jasangarriaren diagnosian (Gipuzkoa Klima 2050 Klima Aldaketari aurre egiteko Estrategia gipuzkoarraren esparruan egina) parte hartu zuten 77 ostatu turistikoei zuzenduta egongo dena.  Energia horniketa, eraginkortasun energetikoaren hobekuntza eta bere instalazioetan iturri berriztagarriak ezartzeko 4 tailer burutuko dira alor honetan.

Bestalde, Erdi-mailako Heziketa Zikloen ikasleentzako programa bat abian jarri da ere, mendekotasun egoeran dauden pertsonen arretari buruzkoa. Saio espezifikoa izango da, izan ere, etorkizunari begira beraien jarduerak eragin zuzena izan dezake etxebizitzen kudeaketa energetikoaren alorrean. Saioa eskola-ordutegian irakatsiko da eta honako eskola hauek parte hartuko dute: Donostiako Easo Politeknikoa, Azkoitiko Urola Lanbide Eskola, Aretxabaleta Lanbide Eskola, Elgoibarko Meka Lanbide Eskola, Irungo Plaiaundi eta Tolosako Inmakulada Lanbide Eskola.

Gipuzko Argituko lehendabizi eta bigarren multzoko tailerrak martxan jarraituko dute, zehazki, kontsumoari buruzko datua ezagutzeko eta ulertzeko eskubideari buruzko 8 tailer egingo dira eta beste 8 energia-aurrezkia eta eraginkortasunari buruzkoa. 2018an eskolei zuzendutako Argitu programa pilotua abiarazi zen. Ikasgelan energiaren gaia lantzeko eta Usurbilgo Lanbide Eskolaren instalazioak bisitatzeko aukera zabaldu zen. Usurbilgo Lanbide Eskolan ikasleek aurrezte eta eraginkortasun energetikoarekin zerikusia duten instalazioak ikusi ahal izan dituzte. Guztira, 6 izan dira proiektu honetan parte hartu duten eskolak orain arte: Eibarko La Salle, Tolosako Herrikide Ikastetxea, Oiartzungo Haurtzaro Ikastola, Beasaingo Institutua, Urretxu-Zumarraga Ikastola eta Azkoitiko Floreaga Salestar Ikastetxea.

Argitu proiektu pilotua 2015. urtean abiatu zen, eta, hari esker, 400 familiak ezagutu zuten beren etxebizitzetako argindar kontsumoaren eguneroko kurba; hala, aukera izan zuten jokatzeko, aurrezpen energetikoko neurriak hartuz eta beren kontratu elektrikoa optimizatuz.  Programa pilotuaren emaitzak esanguratsuak izan ziren, zeren eta etxebizitzek % 6 inguru murriztu baitzuten beren argindar kontsumoa ekimenak iraun zuen urtean zehar. Proiektuak halako emaitza onak izan zituenez, Ingurumeneko Departamentuak erabaki du Gipuzkoa Argitu izeneko programa berri hau diseinatzea, lurralde osora iritsi ahal izateko.

Badaude energiari buruz askotariko informazio eta dokumentazio iturriak, bai publikoak bai pribatuak, baina sarri askotan, barreiatuta daude, hizkera teknikoegia darabilte edo informazioa ez dago kontrastatuta, eta horrek bide ematen du okerreko interpretazioak egiteko edo okerreko erabakiak hartzeko.  Gipuzkoa Argitu programaren helburua da energia-alor garrantzitsuen inguruan informazioa bildu, egiaztatu eta sortzea, Gipuzkoako gizarteari helarazteko. Horretarako, ahalik eta komunikazio eta interakzio formaturik askotarikoenak erabiliko ditu, eragile aktibo bihur dadin kontsumo arduratsuan eta energiaren sorrera iraunkorrean; eta, bereziki, zaurgarritasun edo pobrezia energetikoaren egoeran dauden etxebizitzetarako, zeintzuentzat informaziora internet bidez iristea askotan ezinezkoa izaten baita.

DGN.actualidad.detalle.adjunto:

  

1591