Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoa aukeratu dute 14 emakume ekintzaile europarrek osatutako talde bat hartzeko

Gipuzkoa aukeratu dute 14 emakume ekintzaile europarrek osatutako talde bat hartzeko

«The Break» Emakumeen Ekintzailetza Erakartzeko Programa berria da. Industria Ministerioaren Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren barruan dago, eta Naturklima eta Impact Hub Donostiaren eskutik iritsi da Gipuzkoara.

2022/10/04
The Break

Gure lurraldean dauden bitartean, Europako 14 emakume ekintzailek osatutako talde bat Gipuzkoako enpresak karbono aztarna borondatez konpentsatzera animatzeko erronkari erantzuten saiatuko da, eta sinergiak eta aliantzak sortuko dituzte tokiko eragileekin negozio eredu berriak garatzen laguntzeko.

Mónica Pedreira: «Europa mailako ekimen hau Gipuzkoan hartzea aukera bat da ekintzailetza eta tokiko enpresa txiki eta ertainak sustatzeko, enpresek aukera ezin hobea izango baitute esperientziak partekatzeko, sinergiak sortzeko eta etorkizunerako negozio ereduak aurkitzeko».

Mónica Pedreira Ingurumen zuzendariak "The Break" programaren barruan Gipuzkoan izango diren 14 emakume ekintzaileei harrera egin eta egonaldia inauguratu du. Europar Batasuneko NextGeneration funtsek finantzatutako ekimena da, eta Espainiako Gobernuko Industria Ministerioaren Suspertze eta Erresilientzia Planaren barruan dago. Emakumeen ekintzailetza programa honen helburua da Europako 140 emakumezko ekintzaile hartzea, Espainiako enpresa eta industria ekosistema bertatik bertara ezagutu dezaten eta, horrela, merkataritza harremanak ezarri eta gure herrialdean inbertitu ahal izan dezaten.

Espainian ekintzaile taldea hartzeko aukeratutako 12 tokietako bat Gipuzkoa izan da. Talde horrek egonaldi batzuk egingo ditu gure lurraldeko inbertsio aukerak ezagutzeko eta, era berean, Espainiako toki garapenaren aldeko erronka sektorialak konpontzen laguntzeko.

Naturklimaren bulegoetan egindako inaugurazioan, Ingurumeneko zuzendariak nabarmendu du programa honek garrantzi handiko bi kontzeptu batzen dituela: emakumeen ekintzailetza bultzatzea eta tokiko ekonomiak bultzatzea. Horrez gain, azpimarratu duenez, «lankidetza eta sinergia ekosistema bat sortu nahi du, berdintasunezko ekonomia, sozialagoa eta lokalagoa sustatzeko, eta hori da trantsizio ekologikoarekin bultzatzen ari garen ildoetako bat». 

Impact Hub Donostia 14 emakume ekintzailez osatutako bi talderen anfitrioia izango da 2022ko urria eta azaroa bitartean; 24 egunez, prestakuntza saioak eta elkarbizitza uztartuko dituzte, beren negozioan lanean jarraituko dute, baina aldi berean bertatik bertara ezagutuko dute Gipuzkoako enpresa eta antolaketa ekosistema aberatsa eta askotarikoa, eta tokiko erronka bati irtenbideak bilatuko dizkiote. Mahai gainean jarriko zaien tokiko erronka izango da estrategiak eta irtenbideak diseinatzea Gipuzkoako enpresek, Naturklimaren Borondatezko Karbono Funtsaren bidez, karbono aztarna konpentsatzeko borondatezko inplikazio handiagoa izan dezaten. 

  

4213