Gipuzkoa Basket elkarteak eta Naturklimak bat egin dute klima aldaketaren aurkako borrokan
Gipuzkoa Basket elkarteak eta Naturklimak bat egin dute klima aldaketaren aurkako borrokan
Naturklima Aldaketa Klimatikoaren Gipuzkoako Fundazioak Gipuzkoa Basket saskibaloi-klubarekin lankidetzan jardungo du 2022 - 2023 denboraldian, 200.000 euroren bitartez, ekonomia zirkularreko eta klima aldaketaren aurrean sentsibilizatzeko mezuak helarazteko. Gipuzkoa Basket, gaur egun LEB Oro Ligako kidea dena, erreferentziazko klub bihurtzen da ingurumenarekiko eta trantsizio energetikoarekiko konpromisoari dagokionez, eta, gainera, iragarri du sortutako karbono-aztarna bere borondatez ebaluatu eta konpentsatuko duela Naturklimaren laguntzarekin.
José Ignacio Asensio, Naturklimako presidentea eta Ingurumeneko diputatua: «Lehiaketa-kirolak beti balio behar du eredu eta jarraibide gisa lehiakortasun- eta errespetu-balioetan trebatutako gizarte osasuntsu bat garatzeko. Gipuzkoa Basket elkarteak hamarkadak daramatza Gipuzkoako gizartearekiko hurbiltasuna eta konpromisoa erakusten, eta poztekoa da lankidetza horri ekin ahal izatea zaleei mezu garrantzitsuak helarazteko. Besteak beste, honelako mezuak helarazteko: trantsizio energetikoa eta ekonomia zirkularreko ereduak garrantzitsuak eta ezinbesteko tresnak dira ingurumenaren aldetik jasangarria den etorkizun bat eraikitzeko».
Ignacio Núñez, Gipuzkoa Basket elkarteko presidentea: «Gipuzkoa Basketen saskibaloi-klub bat baino zerbait gehiago izateko konpromisoa daukagu. Gizarte konprometitu eta solidario batean sinesten dugu, eta uste dugu gizartea aldatzeko eragile gisa egiten dugun lana indartu egin behar zela. Akordio horrekin, behar-beharrezkotzat jotzen ditugun eta egunez egun landu behar diren balio batzuen abangoardian jartzen gara. NATURKLIMAri eta horrek irudikatzen duenari esker, zeharkako eraldaketa mezu bat helarazi ahal izango diogu gizarteari, dimentsio globaleko kausa baten alde egiteko. Naturklima - Gipuzkoa Basket batasunari esker guztiok haziko gara eta espero dugu balio izatea jasangarritasun, trantsizio energetiko, birziklapen edo ekonomia zirkular terminoak gertuagokoak izateko gure jarraitzaileentzat eta Gipuzkoa osoarentzat».
Naturklima Gipuzkoako Klima Aldaketaren Fundazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari atxikiak, ikusgarritasun handia izango du saskibaloiaren munduan LEB Oro Ligaren 2022 – 2023 denboraldian, Gipuzkoa Basket klubarekin sinatutako 200.000 €-ko lankidetza hitzarmenari esker. Lankidetza horri esker, saskibaloiaren zaleak, ez bakarrik gipuzkoarrak, baita Gipuzkoa Basket taldeak denboraldian zehar bisitatuko dituen kantxetan egongo denak ere, gozatuko du bere elastikoan Naturklimaren logoa eramanez lehiatuko den talde batekin.
Ekonomia zirkularrarekin lotutako ekintzak denboraldi osoan egongo dira presente eta ikusgai, partidetan jokalariek berotzeko ariketak egiteko erabiliko duten elastiko jasangarritik hasita. Jantzi horiek % 100 jasangarriak izango dira, material birziklatu eta birziklagarriarekin egindakoak, eta diseinuaren ardura Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak sortutako GK Green Fashion moda jasangarriko klusterrak izango du. GK Recycling berrerabilpenaren eta birziklapenaren Gipuzkoako klusterrak ere protagonismoa izango du aurtengo denboraldiko Illunbeko publizitate-olanak modu jasangarrian egiteko. Gainera, Gipuzkoa Basket taldeak Illunben jokatuko dituen partidetan, zaleek jasangarritasunarekin lotutako hainbat gairi buruzko lehiaketetan parte hartu ahal izango dute.
Horrez gain, zaleek parte hartu ahal izango dute klubaren sare sozialetan antolatuko diren proposamen energetiko jasangarriekin lotutako hainbat ekintzatan.Ez dira faltako Gipuzkoa Basketeko jokalarien bideoak eta mezuak, zaleei animatzen eta kontsumo arduratsuari buruzko aholkuak ematen; eta ez hori bakarrik, baita eredu ematen ere euren elikaduraren bidez, funtsezko alderdia baita kirolarien zaintzan, eta jasangarria ere izan baitaiteke.
Karbono-aztarnaren ebaluazioa eta konpentsazioa
Jasangarritasunaren aldeko kontzientziazio ekimenez gain, klubak beste ekintza batzuk abiaraziko ditu helburutzat hartuta klima-neutraltasuna eta berotegi-efektuko gasen murrizketa eta/edo konpentsazioa. Xede horrekin, Gipuzkoa Basketek bere ingurumen-aztarnaren ebaluazioa egingo du Naturklimaren bidez, eta hura murriztearen alde egiteko, hainbat ekintza gauzatuko ditu, hala nola eguzki panelen bidez energia elektrikoa sortzea partidetan erabiltzen diren argi-paneletarako. Partiden aurretik, elektrizitatea sortuko duten bizikletak ere jarriko dira Illunbera joaten direnentzako.
Gainera, eta emisioak Gipuzkoako Borondatezko Karbono Funtsaren bidez konpentsatzeko, beste ekimen batzuk jarriko dira abian, hala nola bigarren eskuko arropa-azoka jokalarien arroparekin. Ekintza horietatik lortzen diren irabazi guztiak Naturklimako Borondatezko Karbono Funtsera bideratuko dira. Funts horren helburua da enpresek eta entitateek sortzen dituzten berotegi-efektuko gasak konpentsatzea, itsasoak, ibaiak eta basoak berreskuratuz; izan ere, horien kontserbazio egoera funtsezkoa da karbono-hustuleku gisa duten zeregina bete ahal izateko. Ildo horretan, Gipuzkoa Basket elkarteak espezieen landaketa eta lurzoruen kontserbazioa sustatuko du Naturklima Gipuzkoa Basket izeneko lursail batean, zeina jokalariek eta zaleek berek landatuko baitute.
Ingurumeneko diputatu eta Naturklimako presidente José Ignacio Asensiok nabarmendu du Gipuzkoa Basketek klima-neutraltasunarekiko eta gizarte jasangarri baten eraikuntzarekiko konpromisoan hartzen duen erreferente zeregina:
«Gipuzkoan gertatzen ari diren mota horretako balentriak harro sentiaraztekoak dira, eta eredu izan behar dute ahalik eta erakunde gehien batzeko klima aldaketaren aurkako borrokaren helburu komunean. Denboraldi honetan, Naturklimak eta Gipuzkoa Basketek ahaleginak bikoiztuko dituzte kontzientziatuz irabazteko».
Ignacio Núñezek ere azpimarratu duenez «ahaleginak egingo ditugu % jasangarria eta karbono-aztarnari dagokionez neutrala den talde bat izateko».
2798