Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoa Bostongo MITek sustatutako nazioarteko sarean sartu da mugikortasuna hobetzeko proiektuak lantzeko

Gipuzkoa Bostongo MITek sustatutako nazioarteko sarean sartu da mugikortasuna hobetzeko proiektuak lantzeko

Foru Aldundiak, MUBILek eta lurraldeko ezagutzaren arloko eragileek unibertsitatearen baliabideak erabili ahal izango dituzte, eta hainbat hirirekin lankidetzan jardungo dute, besteak beste, Torontorekin eta Shangairekin.

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Ane Insausti MUBILeko zuzendaria, Jonathan Williams-en argazkia

Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatua eta Ane Insausti MUBILeko zuzendaria, Jonathan Williams-en argazkia


Foru Aldundiak, Mubil Fundazioak eta Massachusetts Institute of Technology (MIT) delakoak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute, ‘City Science Lab Gipuzkoa’ sortzeko; horrela, mugikortasun proiektuak abian jartzeko berrikuntza laborategi bihurtuko da lurraldea. Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Ane Insausti MUBILgo zuzendariak eta Kent Larson MIT City Science Network erakundearen zuzendariak hitzarmen bat sinatu dute Bostonen, Gipuzkoa ‘City Science Network’ sarean sartzeko; sare hori mundu osoko hiriak elkarlanean aritzeko sare esklusiboa da, MITek babestua, eta bertan parte hartzen dute Shanghai, Helsinki, Toronto, Taipei, Hanburgo, Guadalajara (Mexiko), Andorra, Ho Chi Minh eta Concepción (Txile) hiriek.

Nazioarteko erakundeen eta ikertzaileen komunitate bat da, “komunitateak bizigarriagoak, ekitatiboagoak eta erresilienteagoak izan daitezen laguntzeko helburua partekatzen duena”. "City Science Network" delakoak lan metodologia apartekoa planteatzen du, mundu osoko erreferentziazko hirien ikerketa laborategietan oinarritzen dena, herritarren erronkei erantzuteko eta hiri/eskualde eredu berri baterantz aurrera egiten laguntzeko. Ekimenaren esparruan, laborategi kooperatiboen nazioarteko sareko kide diren hiri horiek MIT Media Lab-ekin elkarlanean aritzen dira, ingurune errealetan ezarri eta ebaluatzen diren funtsezko kontzeptu eta teknologiak garatzera bideratuko dituzten ikerketak egiten, betiere esperimentazioa ardatz hartuta.

Gipuzkoaren kasuan, ikerketa lan eta proiektu berritzaile horiek mugikortasunaren eremuan oinarrituko dira, lurraldeko eskualdeetako herritarren beharrei erantzungo dien eta haien bizi kalitatea eta ongizatea hobetzen lagunduko duen eredu berri bateranzko trantsizioa bultzatzeko. Hala, Gipuzkoa sare horretan sartzea mugarri bat da Etorkizuna Eraikiz ekimenaren mugikortasun berriaren misioa hedatzeko. Misio horrek planteatzen du, 2030erako, Gipuzkoan “mugikortasun intermodal eta interkonektatuko esperientzia bat garatzea, oso eraginkorra, jasangarria, irisgarria, segurua eta pertsonetan oinarritua, lurraldearen egituraketa indartuko duena”.

Sare horretako kide bihurtzeak aukera emango dio gure lurraldeari, alde batetik, MITen ikerketarako, ezagutzarako eta teknologiarako baliabideak erabiltzeko, besteak beste, ‘CityScope’ delakoa, zeina baita 3Dko errealitate areagotuko plataforma bat, hiri datu konplexuak bistaratzen dituena lurraldearen eskala txikiko eredu batean, denbora errealean. ‘Big data’ abiapuntu hartuta, irisgarritasunarekin, lurralde orekarekin, garraio publikoarekin, ibilgailu autonomoekin eta/edo elektrikoekin eta emisio kutsatzaileak murriztearekin zerikusia duten hainbat eta hainbat eskuhartze eta proiekturen inpaktua

simulatzen du plataformak. “Azken batean, datuaren ustiapenak aukera emango digu erabaki hobeak hartzeko, proiektu eraldatzaileak abian jartzeko eta mugikortasun adimendunaren eta jasangarriaren aldeko gure apustua areagotzeko. Ilusioz beterik hasi gara bidea urratzen”, nabarmendu du Jabier Larrañagak.

Bestalde, hitzarmenak 1,2 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa izango du, eta hiru urteko indarraldia, amaieran luza daitekeena. Hitzarmenak bultzada handia emango die Gipuzkoari eta Euskadiri esparru honetan ikerketa eta garapena lantzeko, ingurune errealetan soluzio eta proba pilotu berritzaileak probatuz, gizartearen egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko. Era berean, lurraldea erreferentziazko ikerketa- eta esperimentazio-zentroen nazioarteko komunitate batean sartu ahal izango da, eta horiekin lankidetzan aritu eta lotu ahal izango da metodologia eta prozesu berritzaile berriak hartu eta abian jartzeko.

“Dagoeneko sarea osatzen duten hiriekin lankidetzan jardun ahal izango dugu, eta haien esperientzietatik ikasi. Sareko lanak eta elkarrenganako ikaskuntzak aukera izugarriak zabaltzen ditu”, eta Ane Insaustik adierazi duenez, “hori ez da MITen, Aldundiaren edo Mubilen proiektu bat soilik, Gipuzkoako ikerketa zentroen inplikazioa ezinbestekoa izango baita, bai taldeen konfigurazioan, bai proiektuen dinamizazioan, emaitzak arrakastatsuak izan daitezen”.

MIT Media Lab eta Gipuzkoaren arteko harremana aspaldikoa da. MUBILen eta TECNUN Nafarroako Unibertsitateko ingeniaritza eskolaren arteko lankidetzari esker, zeinak MITekin harreman akademikoa baituen aspaldidanik, iazko apirilean MIT Media Labeko kideek MUBILek antolatutako jardunaldi batean parte hartu zuten, mugikortasuna birpentsatzeko, lurraldeko unibertsitate, enpresa eta zentroekin batera. Emaitza gisa, MIT Media LABek ikusi du gure lurraldeak potentzial eta baldintza ezin hobeak dituela, bere nazioarteko sarean sartzeko: gaitasun sendoak I+Gn; berrikuntzaren eta esperimentazioaren aldeko bokazioa eremu publikotik bultzatuta eta sektore pribatuarekin, ezagutza zentroekin eta herritarrekin estu lotuta; garraio publikoaren onarpen zabala; ibilgailu elektriko edo hibridoen erabilera gero eta handiagoa garraiobideen floten artean; eta garraiobide bigunen (bizikleta, adibidez) erabileraranzko trantsizioa, zeina beste garraiobide batzuen aurrean lekua irabaziz joan baita.

“Ospe handiko eragile batek eta MITek Gipuzkoaren eredua aitortzea mugarria da, eta balioa eman behar zaio. Etorkizuna Eraikiz ekimena sortzen ari diren erronkei eta beharrei erantzutea da, lurraldearen etorkizuna modu partekatuan eraikiz. Erronka horiek kolektiboki detektatzea da, horiei aurre egiteko modua diseinatzea, irtenbide posibleak ingurune errealetan esperimentatzea, eragileen laguntzarekin, eta ikasitakoa aplikatzea. Horretarako, hartu-emanak egingo dira hausnarketak, erronkak eta anbizioa partekatzen dituzten sareekin, ezagutza zentroekin edo nazioarteko erreferentziazko eragileekin. Beraz, Etorkizuna Eraikizen filosofia horri % 100 erantzuten dion proiektu batez ari gara”, adierazi du amaitzeko diputatuak.

Aurkezpen ekitaldia

Gipuzkoa sareko kide bihurtzeko ekitaldia Cambridgen egin dute, MITen campusean, zehazki Samberg hitzaldi zentroan, zentroko 40 ordezkari inguru bertan zirela. Lurraldearen ordezkaritza Jon Gurrutxaga Berrikuntzako zuzendariak eta Raúl Anton TECNUNeko zuzendariak osatu dute. Zentro horrek modu aktiboan parte hartuko du ‘Gipuzkoako City Science Lab’ delakoan egingo diren ekintzetan. Hitzarmena sinatzeaz gain, MITek Gipuzkoarako interesgarriak diren arloetan (nanoteknologia, teknologia kuantikoak edo adimen artifiziala) egiten duen lana ezagutu ahal izan dute bi egunez egin dituzten bisitetan eta adituekin izan dituzten topaketan.

Massachusettseko Teknologia Institutua (MIT), munduko unibertsitate onenetako eta ospetsuenetakoa da hainbat rankingen arabera, eta 1861ean sortu zen, berrikuntzaren, garapen teknologikoaren eta giza talentuaren bidez industria iraultza sustatzeko helburuarekin. Hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza erakundearen elementu bereizgarriak dira, eta maila globalean ezagutza sortzeko erreferente gisa eratzen da. 1985ean, MIT Media Lab sortu zuen, gaur egun mundu mailako erakunde akademiko eta ikerketa erakunde nagusienetako bat. Etorkizun digital baten ikuspegia eta sormenezko asmakuntza estilo berri bat uztartzen dituzten era askotako esparruetako ikertzaileak bilduta sortu zen, eta lehen hamarkadan, ikaskuntza, entretenimendua eta autoadierazpena eralda zitzaketen teknologia berrien garapenean jardun zuen, iraultza digitalaren lehen urratsetan lagunduz.

  

4578