Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoa bete-betean sartu da errepide adimendunen aroan, 'Living Lab'-aren bidez

Gipuzkoa bete-betean sartu da errepide adimendunen aroan, 'Living Lab'-aren bidez

'Gipuzkoa Living Lab'-en testatutako proiektu pilotuak lurraldeko errepideetan ezartzen hasiko dira: kutsagaiak neurtzeko gailuak edo txirrindularientzako bide-segurtasuneko sistema adimenduna, adibidez.

2023/02/15
Markel Olano diputatu nagusia, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua eta Alfonso Brazález CEITeko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko...

Markel Olano diputatu nagusia, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegitura diputatua eta Alfonso Brazález CEITeko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko zuzendaria.


Markel Olano diputatu nagusiak, Aintzane Oiarbide, Bide Azpiegituretako diputatuarekin batera, Gipuzkoa Living Lab-en azken aurrerapenak aurkeztu dituzte. Ekimen honek Gipuzkoako errepideetan garraio adimenduneko, bide-segurtasuneko eta energia-eraginkortasuneko zerbitzu eta teknologia aurreratuak garatzen ditu, lankidetza eta I+G-a sustatuz. Hala, azken hilabeteetan garatutako eta laster gure errepideetan ikusiko ditugun adimen artifizialeko esperientzia pilotuen xehetasunak emateko baliatu dute agerraldia. Prentsaurrekoan Alfonso Brazález, CEITeko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko zuzendaria ere izan da, Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa Living Lab-en garapenerako duen kide teknologikoa, hain zuzen.

"Etorkizuneko errepide adimendun, konektatu eta jasangarriek behar dituzten teknologia eta sistemekin bertatik bertara esperimentatzeko tresna da Gipuzkoa Living Lab", Olanok azaldu duenez: "Errepideetako fase berri bateranzko jauzi kontzeptual bat da". Horrela, Gipuzkoak "azpiegituren garapen handien garaia" pixkanaka osatuko du, Gipuzkoako Biribilgunea amaituta dagoela, eta "adimen artifizialaren aroan bete-betean sartzen da, errepide seguruagoekin, eraginkorragoekin eta erosoagoekin, azken teknologiari esker", Olanoren hitzetan.

            Hiru ekimen aurkeztu dituzte foru arduradunek prentsaurrekoan, Gipuzkoa Living Lab-en aurrerapenen erakusgarri, eta lurraldeko errepide sareko hainbat puntutan jarriko dira martxan: AP-8/AP-1 errepidearen mugaz gaindiko korridorearen garapen teknologikoa, Orion gai kutsatzaileak detektatzeko esperientzia pilotua eta zikloturistentzako bide segurtasuneko sistema adimendun berri baten demoa, aste batzuen buruan Gaintxurizketan egingo dena.

Kutsagaien neurketa

Esperientzia pilotu berriena AP-8ko erdi-lotuneko irteeran egin da, Orion, otsailaren 6ko astean. Bertan, ibilgailuen substantzia kutsatzaileen isuriak neurtzeko eta kontrolatzeko sistema bat instalatu da. Frogatutako sistemak ikuspen artifizialeko kamera bat eta bi sentsore optiko ditu, bana bidearen alde bakoitzean, ibilgailua detektatzen dutenak eta denbora errealean neurtu dezaketenak CO2 edo bestelako kutsagaien uhin-luzera. Aintzane Oiarbidek nabarmendu duenez, "saileko berrikuntza-proiektu interesgarrienetako" bat da hau, eta aitzindaria da Estatuan eta Europan, teknologia mota hori erabiliz zuzeneko neurketak egiten baitira errepidean bertan. Datuak plataforma batean erregistratzen dira, eta plataforma horrek informazio zehatz eta erabilgarria ematen du, bai gidarientzat, bai errepidearen kudeaketarako. Aurreratu duenez, laster ikusiko dugu teknologia hori instalatuta gure errepideetan. Oiarbideren hitzetan, teknologia mota horrek aukera ematen du bidesariak doitzeko, ibilgailuek igortzen duten poluzio errealean oinarrituz tarifikazio bidezkoagoa izateko, gero eta zorrotzagoak diren Europako jarraibideekin bat eginez. Gipuzkoak lehen eskuko informazioa izango du errepideetako kutsadura ezagutzeko eta kontrolatzeko, datu zehatzekin ibilgailuen kutsadura mailaz benetan sentsibilizatzeko. Gainera, sistema adimenduna instalatu ondoren, aplikazioak oso desberdinak dira, eta ibilgailuetan matxura batzuk detektatu daitezke unean bertan, edo hirietako etorkizuneko emisio txikiko guneetarako sarbidea erregulatzeko erabili.

Txirrindularientzako bide-segurtasuna

Hurrengo asteetan egingo den demoa Gaintxurizketan izango da, eta bide-segurtasunarekin lotutako esperientzia pilotu bat izango da, tarte zailetan edo ikuspen gutxiko tarteetan zikloturistak ibiltzen diren errepideetan. Esperientzia pilotua aste batzuk barru egingo da, GI-636 errepidean, bideak batzen diren gunearen tartean. Tarte hori maldan dago eta bihurgune bat du, zikloturistek urte osoan maiz erabiltzen dutena. Sistema adimendunak ikusmen artifizialeko kamera bat eta komunikazio-baliza bat izango ditu errepidearen sarreran, eta sentsoreak instalatuko dira tarte horretan. Gailu horiek txirrindulariak errepidean daudela detektatuko dute, eta haien egoerari buruzko informazioa jasoko dute. Gaitutako gailuak dituzten ibilgailuei balizen bidez emandako informazioaren bidez jakinaraziko zaie haien presentzia eta egoera. Baliza horiek, halaber, pantaila duten bi alerta-seinaletara bidaliko dute informazioa, eta errepidean zikloturistak daudenean baino ez dira aktibatuko. Probaren ondoren, Bide Azpiegituretako Departamentua sistema hori lurraldeko lehentasunezko puntuetan instalatzeko plana diseinatzen hasiko da.

Txirrindularientzako bide-segurtasuna

Gipuzkoa Living Lab 2021 urtean hasi zen, AP-8 eta AP-1 errepideak bide teknologia berrien proba banku gisa egokitzeko eta ekipatzeko lehen etapa batekin. Mugaz gaindiko korridoreak balizatze eta komunikazio sistema bat du oinarrizko azpiegitura teknologiko gisa. 2022an, dagoeneko martxan dauden sentsoreak eta balizak zabaldu dira Zarautz eta Donostian eta Irungo eta Txingudiko ordainlekuetan. Urte honen amaierarako osatu egingo da sistemaren instalazioa, eta 25 detekzio- eta komunikazio-gailu aurreikusten dira korridore osoan zehar.

Aldi berean, informazioa prozesatzeko hodeiko zerbitzu informatikoa garatuta dago, eta Android sistema eragilea duten telefono mugikorretarako egokitzapena amaitzen ari da, aplikazio propio batekin. Ondoren, Android Auto-rako bertsioa eta Apple-rako (iOS eta Apple Car) eta ibilgailuen komunikazio- eta segurtasun-sistema integratuetarako garatuko da sistema. IZFEren garapena da eta hodeiko sistemak errepideetako sentsoreek ematen dioten informazioa denbora errealean aztertzen du eta bestelako datu-iturriekin uztartu (hala nola, eredu meteorologikoak, trafikoko aplikazioak edo satelite bidezko informazioa). Adimen artifizialak bide-segurtasunari eta gidatze eraginkorrari buruzko informazio prediktiboa ematen die gidariei denbora errealean.

            Azkenik, aipatzekoa da Gipuzkoako mugaz gaindiko korridoreak interes handia piztu duela Europa mailan, kontinentearen hegoaldeko garraio-ardatz nagusietako baten barruan duen kokapen estrategikoagatik. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Ipar Euskal Herriko Elkargoa elkarlanean ari dira korridorea mugaz haratago garatzeko. Gainera, lankidetza hori Europa mailako partzuergo berria batekin hedatzen da, alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Ceit, Tecnalia eta Basque CCAMekin bat eginez, eta, bestetik, Atlandes-ekin, Landetako A-63 errepidearen Frantziako emakidadunarekin.

Lankidetzazko proiektu irekiak

Gipuzkoa Living Lab-en bazkide teknologikoa Ceit zentro teknologikoa da, eta harekin lau urte daramatza sailak proiektua garatzen. Horrela, zentroak Bide Azpiegituretako departamentuaren esku jarri ditu arlo horretan garatutako aktiboak, eta garapenetarako ezagutza eta teknologia eman ditu. Ildo horretan, Alfonso Brazález, Ceit-eko arduradunak nabarmendu du beharrezkoa dela “etorkizunari begira, mugikortasun-estrategia bat zero istripu ikuspegiak eta klima-neutraltasunak zuzendutakoa”. Brazálezek nabarmendu du, gainera, gaur egun Gipuzkoa “mugikortasun berriaren abangoardian” dagoela, lurraldearen potentzial handiari esker.

Gipuzkoa Living Lab-ek, halaber, bere bokazio kolaboratiboa hedatu nahi du proben banku honetan beren zerbitzu eta teknologiak garatu edo testatzeko interesa duten enpresa, unibertsitate eta zentro teknologikoetara. Diputatu nagusiak aurreratu duenez, hainbat start-up eta zentro teknologiko dagoeneko ari dira mugaz gaindiko korridorean garapenak probatzen, eta Aldundiak deia egin nahi du puntako ekimen honekin enpresa gehiagok bat egin dezaten.

  

3669