Gipuzkoa herri txiki konektatuenak dituen Europako lurraldea izango da 2019an
Gipuzkoa herri txiki konektatuenak dituen Europako lurraldea izango da 2019an
Markel Olano diputatu nagusiak deialdia iragarri du banda zabal ultra azkarra zabaltzeko, Gipuzkoak “jauzi lehiakorragoa egin dezan”
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Ainhoa Aizpuru, Ekonomia Sustapena, Landa Garapena eta Lurraldeko Orekako diputatua eta Iñaki Labaka, Lurralde Orekako zuzendariarekin batera, proiektuaren lehen deialdiaren publikazioarekin batera gaur abiatzen den Banda Zabal Ultra Azkarraren hedapen plana azaldu du. Proiektu honek lurraldeko 49 herri txikiek bizi duten arraila digitalari aurre egitea du helburu, baita ekonomia jarduera berriak sustatzea ere. Egitasmo hau Landagipuzkoa+ plan estrategikoaren baitan dago eta lehen fase honetarako 1.480.000 euroko aurrekontua bideratu da.
Proiektua hiru fase ezberdinetan gauzatuko da eta hauek burutzean, 2019an, Gipuzkoa digitalki herri txiki konektatuenak dituen Europako lurraldea izango da. 2.500 biztanle azpiko udalerrietako herritarren %90ak 300Mbps-ko gutxieneko konexioaz gozatzeko aukera izango dute. Proiektu honi esker, Gipuzkoako errealitateak Europa 2020 Estrategiak ezartzen duena gaindituko du, 2020. urterako herritarren %50ak soilik banda zabal ultra azkarra eduki beharko lukeela zehazten baitu (100Mbps gutxienez).
Deialdiaren aurkezpena Larraulgo esnetarako behi ustiategi batean egin da, Olanok adierazi duen bezala “proiektu honek ustiategi eta enpresei eskainiko dizkien onurak” irudikatzeko. Era berean, jarduera ekonomiko hauetara Banda Zabal Ultra Azkarraren hedatzeak “sektorearen efizientzia nahiz efikazia hobetu eta Gipuzkoak jauzi lehiakorragoa egin dezan ekarri du”, ziurtatu duenez. Banda Zabal Ultra Azkarraren proiektua Landagipuzkoa+ planaren lau oinarrietako bat da, eta 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoaren helburuetako bati erantzuten dio: Gipuzkoa lurralde lehiakorra, adimentsu, orekatua eta sortzailea izatea lortzea, aberastasun jasangarriaren sortu eta pertsonen ongizatea bermatuz. Aldundiarentzat ezinbesteko helburua da hori, horregatik eta horretarako sortu zen Lurralde Orekako zuzendaritza.
Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, “proiektu honek alor guztietan ezberdintasunari aurre egitea ahalbidetuko du, bai aisi eta baita lan esparruan ere”. Era berean, lurraldearen kohesioa foru gobernuaren funtsezko helburua dela gogorarazi du, eta proiektu honek ahalbidetuko duela uste du Olanok, “lan guztiak bukatzerakoan, `Gipuzkoako biribilguneak´ azpiegituren arloan egingo duen bezala. Bide sare hau burutzea erronka handienetakoa izan da, “honi esker gipuzkoar guztiek gehienez 15 kilometrotan ahalmen handiko bide bat (autobia edo autopista) izango dutelako” gehitu du. Azkenik, proiektua “eredu aitzindari” batean oinarrituta dagoela adierazi du Olanok, eta “seguruenik gure orografia eta zailtasunak dituzten beste lurraldeetarako eredugarria” izango dela ziurtatu du.
Bestalde, Ainhoa Aizpuruk “Landagipuzkoa+ egitasmoak herri txikietako kalitatezko etorkizuna bermatuko duela” adierazi du, “herritarrak bertan bizitzen jarraitzea lortuz eta kanpotik bizilagun berriak erakarriz”. Era berean, herri txikiek Gipuzkoako izaera eta kulturaren garapenaren alde egiten duten guztia balioan jarri du, “lurralde bezala gure izaeraren zati handi bat dira eta horregatik hauen etorkizuna bermatzeko lanean jarraituko dugu” gehitu du. Hala ere, Aizpururen arabera, merkatuen dinamikek ez dituzte kontuan hartzen berezitasun horiek, horregatik, banda zabal ultra azkarra zabaltzeko proiektuak operadoreak bultzatu nahi ditu herri txikietan konexio ultra azkarrak hedatu ditzaten. Testuinguru honetan, Aizpuruk gogora ekarri duen bezala, Aldundiak “erronka digital honetan txikienetatik hasteko eredu bat garatu du”.
Foru diputatuak azaldu duenez, herri txikietako mila baina unitate higiezin gehiagok lehen deialdi honetaz baliatu ahal izango dira eta konexio ultra azkarra instalatzeagatik ez dute ezer ordaindu beharko. Deialdiaren bitartez Aldundiak instalazioaren inbertsioaren %95arte ordainduko du eta gainontzekoa operatzaileen esku geratzen da. Gainera, “onuradunak izan daitezkeen herritarrek ez dute gestiorik egin beharko, beraiekin jarriko baitira harremanetan ondorengo asteetan”, azaldu du.
Banda zabal ultra azkarra hedatzeko “aitzindaria” den eredu honi esker, “herri txikietan ez da diskriminaziorik emango instalatutako teknologia edota prezioari dagokionez”. Zehaztu duenez, “gaur iragartzen dugun deialdian idatzitako zehaztasun teknikoei esker, bizilagunek hirietan aurkitu dezaketen konexio aurreratuena eskuratu ahal izango dute. Espezifikazio hauek adierazten dutenez, modu simetrikoan 300 Mbps-ko datu transferentzia nominala duten eskaintza komertzialak eskaini ahal izango dira”.
Azkenik, Ainhoa Aizpuruk operadoreak nahiz herri txikietako bizilagunak animatu nahi izan ditu, herri txikietan aurkezten den “aukera” honetaz baliatu daitezen. Abiadura handiko internet konexioak eskaintzen dituen “aisiarako aukeretaz gain”, ikuspuntu ekonomikotik ere “potentzial handia” ahalbidetuko du. “Hainbat ikerketen arabera, banda zabaleko zerbitzuei esker, ekonomia digitala gainontzeko alorretakoa baina zazpi aldiz azkarrago hazten da”. Gainera, konexio aurreratu honek hainbat alorretan ekonomia jarduera berriak sortzea ekarri dezake, telemedikuntza, urrutiko zaintza edota industria 4.0, besteak beste.
Landagipuzkoa+
Gipuzkoako landa eremuetan eta herri txikietan dagoen desorekari aurre egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak Landagipuzkoa+ egitasmoa abian jarri zuen 2015-2019 legealdirako. Egitasmo honetarako, legealdi osoan zehar 25 milioi euroko baliabideak bideratuko dira. Plana 2 esparruetan gauzatuko diren 4 programa ezberdinetan banatzen da: 2.500 biztanle arteko herrietan ekonomia suspertzeko proiektu estrategikoak garatu eta banda zabal ultra azkarra hedatu, eta Gipuzkoako landa eremu osoan, baserri bideak konpontzeko plana eta argi indar sarea berritzeko proiektua.
Informazio gehiagorako: www.landagipuzkoa.eus1611