Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoak jasangarritasuna bultzatzen du kirolean

Gipuzkoak jasangarritasuna bultzatzen du kirolean

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea Gipuzkoa Basket Club-en kantxara ere iritsi da. Izan ere, jasangarritasunaren aldeko hainbat jarduera burutuko dira.

2022/11/25
Gipuzkoa Basket

Merchandising-lerro berria aurkeztu da, % 100 birziklatutako materialekin, portatil-fundekin, saguentzako-alfonbrilekin eta diru-zorro batzuekin.

Bigarren eskuko azoka txiki bat, bere instalazioetan edalontzi berrerabilgarriak erabiltzea, birziklatzeari buruzko bi lehiaketa eta sari jasangarrien zozketa bat izango dira, besteak beste, igande honetan Angulas Aguinaga Arenan burutuko diren ekintzak.

José Ignacio Asensio: «Ezinbestekoa da herritar guztiei helaraztea ekonomia zirkularreko ereduak garrantzitsuak direla ingurumenari dagokionez jasangarria den etorkizuna eraikitzeko tresna gisa. Eta bide horretan, aliatu handi bat aurkitu dugu, Gipuzkoa Basket, pertsona askorentzako eredu bat”.».

Hondakinak Prebenitzkeo Europako Astea dela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak eta Gipuzkoa Basketek jasangarritasunaren inguruko hainbat jarduera burutuko dituzte. Lankidetza hori Hondakinak prebenitzeko Asteko ekintzen parte da, eta asteari amaiera emateko modu ezin hobea izango da.

Gipuzkoa Basket erreferentziako kluba da ingurumenaren eta trantsizio energetikoaren aldeko konpromisoari dagokionez, aurtengo abuztuan babesletza hitzarmen bat sinatu baitzuen; hitzarmen horren baitan, ekonomia zirkularra ikusgai izango da denboraldi guztian. Hasteko, jokalariek partidetako beroketak egiteko erabiliko duten elastikoa jasangarria izango da. Jasangarritasunaren aldeko kontzientziazio ekimenez gain, klubak neutraltasun klimatikoaren eta berotegi efektuko gasak gutxitzearen edo konpentsatzearen inguruko ekintzak burutzen ditu. Helburu horrekin, Gipuzkoa Basketek bere ingurumen aztarna ebaluatu eta konpentsatu du Naturklima Aldaketa Klimatikoaren Gipuzkoako Fundazioaren bidez, betiere aztarna hori murrizteko asmoz.

Premisa horren baitan, klubak eta Ingurumen Departamentuak igandean bigarren eskuko arroparen azoka txiki bat egingo dute, 16:00etatik 18:00etara, Angulas Aguinada Arena estadioaren kanpoaldean, taldeko jokalarien arropekin; ekintza horrekin bildutako dirua Naturklima borondatezko karbono funtsera bideratuko dute. Era berean, Juaristi ISB taldearen aurkako igandeko partidan edalontzi berrerabilgarriak emango dira instalazioko tabernetan, eta bi lehiaketa egingo dira, birziklatzeari buruzko bat kantxan eta birziklatzeari buruzko galderen inguruko beste bat pantaila erraldoietan; jarraian, sari jasangarriak zozketatuko dira.

Ekintza horietatik lortzen diren etekin guztiak aipatutako funtsera bideratuko dira, helburu baitu enpresek eta erakundeek sortzen dituzten berotegi efektuko gasak konpentsatzea itsaso, ibai eta basoak berreskuratuta, horien kontserbazio egoera ezinbestekoa baita karbono hustubide gisa duten papera bete dezaten. Ildo horretan, Gipuzkoa Basket elkarteak espezieen landaketa eta lurzoruen kontserbazioa sustatuko ditu Naturklima Gipuzkoa Basket izeneko lursail batean, zeina jokalariek eta zaleek berek landatuko baitute.

Ingurumeneko diputatu José Ignacio Asensiok azpimarratu du garrantzitsua dela jasangarritasunaren garrantzia zaleei helaraztea: «ezinbestekoa da horrelako mezu garrantzitsu bat helaraztea, alegia, ekonomia zirkularreko ereduak garrantzitsuak direla ingurumenari dagokionez jasangarria den etorkizuna eraikitzeko». Asensiok gaineratu duenez, «bide honetan aliatu handi batekin topo egin dugu, Gipuzkoa Basketekin. Izan ere, pertsona askorentzat eredu da eta hamarkadak daramatza erakusten Gipuzkoako gizartearengandik gertu dagoela eta konpromisoa baduela».

  

3632