Gipuzkoa, nahi gabeko bakardadeen kontra
Gipuzkoa, nahi gabeko bakardadeen kontra
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik bultzatua, eskualde guztietan aurkeztu da Hariak estrategia, eta 1.300 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute.
Hariak estrategiaren aurkezpena gaur arratsaldean amaitu da Donostian. Hilabete eta erdi Gipuzkoan zehar eman ondoren, aurkezpenak eta jarduerak 10 udalerritan eginez, gaur arratsaldean amaitu da Gipuzkoako bakardadeen aurreko estrategia gizarteratzeko lehen fasea. Gaur arratsaldean, Alderdi Ederreko lorategietan eta Donostiako Udalean egin da azken aurkezpena, eta bertan izan dira Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Mariaje Idoeta zinegotzia, Maite Peña Gizarte Politikako diputatua, eta Adinberriko arduradunak, Rakel San Sebastian zuzendaria eta Ainhoa Becerra berrikuntzako arduraduna.
Diputatu nagusiak Hariak izaten ari den erantzuna eta inplikazioa nabarmendu ditu: “Antolatutako jardueretan 1.300 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute, eta estrategiarekiko 500 atxikimendu baino gehiago lortu dira. Horrek indartu egiten du nahi ez diren bakardadeei aurre egiteko apustu partekatua; izan ere, bakardadearen fenomeno hori hazten ari da, eta gizarte osoaren inplikazioa eskatzen du”. Joan den maiatzaren 20az geroztik, Hariak estrategia Legazpin, Arrasaten, Tolosan, Irunen, Zarautzen, Beasainen, Pasaian, Urnietan eta Eibarren aurkeztu da, eta, gaur, Donostian. Estrategiaren aurkezpena bateratu egin da adin guztietarako, arratsaldean zehar, egin diren ekitaldiekin, musikarekin eta jarduera kulturalekin; estrategian bertan jasotzen diren konpromisoak eta balioak islatzen dituzten elementu eta sinboloen bidez.
Hariak estrategia errealitate bihurtu da, azken bi urteetan erakunde publikoekin eta gizarte antolatu osoarekin lankidetzan egindako “partaidetza prozesu sendo” bati esker; prozesu horretan 400 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute. Diputatu nagusiak azaldu duen bezala, estrategia horrek, gizarte eta komunitate loturak indartuz, Gipuzkoa osorako ibilbide-orri bat ezartzen du bakardadearen fenomenoari aurre egiteko. Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eta Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren barruan kokatzen den estrategia bat da, etorkizuneko politika publikoak modu partekatuan eraikitzea eta Gipuzkoa zainketen abangoardian kokatzea bilatzen duena.
“Gipuzkoan, 55 urtetik gorako pertsonen %30 inguru (88.500 pertsona) bakarrik sentitzen dira, baina soilik %5,5ek –15.000 pertsona– aitortzen dute egoera hori modu irekian”, azaldu du Olanok, eta gaineratu du “lehen mailako erronka dela, baina aukera-testuinguru batean mugitzen garela”. Horregatik, eskualdeka estrategia aurkeztu ondoren, Aldundiak eta Adinberrik herritarrei eskatu diete Hariak mugimenduarekin eta otsailean Donostian egingo den nazioarteko kongresuarekin bat egiteko.
Bakardadeen aurrean Gipuzkoak duen estrategiak hiru helburu ditu: bakardadeei buruzko elkarrizketa publiko bat eraikitzea, pertsonen arteko loturak eta harremanak indartzea, eta bakardade egoerak prebenitzen eta gainditzen laguntzea. “Hariak estrategiak lurralde bat eraikitzen lagundu nahi du, non pertsonek gaitasun eta baliabide pertsonal gehiago izango dituzten bakardade egoeren aurrean, esanahi handiko lotura sozial eta afektiboak izango dituzten, eta, horrela, parte-hartze eta lotura sozial handiagoak izango dituzten. Horretarako, denok gara beharrezkoak” esan du Olanok.
Atxikimenduaren bila
“Atxikimenduak konprometitzen gaitu gomendioei jarraitzera, konpromisoak garatzera eta estrategia gure egunerokoan eta gure antolakundean integratzera. Horren truke, laguntza teknikoa eta finantzaketa ematen ditu proiektuak gauzatzeko eta jarduketak politika publikoetan txertatzeko”, azaldu du Rakel San Sebastianek. “Erronka erraldoi horri erantzuteko gai izango den Gipuzkoa eraiki nahi dugu, eta horregatik eraiki dugu elkarrekin jarduketa esparru komun hau, bakardadeen fenomenoari aurre egiteko balioko diguna, belaunaldi arteko eta elkarlaneko ikuspegi batetik”.
San Sebastianek zehaztu duenez, estrategiak 12 esku-hartze maila biltzen ditu: prebentzio unibertsala, espazio fisikoen eraldaketak, sentsibilizazioa, aisialdiko eta boluntariotzako jarduerak; prebentzio selektiboa, bizikidetza-dinamikak sortuz, auzo-komunitateak dinamizatuz eta eten digitala murriztuz; eta prebentzio egokitua, etxeko laguntzei eta konpainia-jarduerei esker, besteak beste. Gainera, gehitu du estrategia bi urteko jarduera planetan gauzatzen dela, eta lehenengoak 2022 eta 2023. urteak hartzen dituela. “Guztira, 91 gomendio jaso ditugu, komunitate ikuspegiarekin, pertsonalizazio ikuspegiarekin, aniztasunean, parte-hartzean eta gizarteratzean oinarrituta, prebentziora bideratuak, zeharka eta modu berritzailean”, amaitu du.
2520