Gipuzkoa Ogasunak martxan jarri du aitatasun bajen PFEZa birkalkulatzeko prozedura
Gipuzkoa Ogasunak martxan jarri du aitatasun bajen PFEZa birkalkulatzeko prozedura
PFEZa era automatikoan birkalkulatuko du foru erakundeak zergadunaren ezkontide edota izatezko bikoteak amatasunaren itzulketa eskatu badu, edota eskaria hala eskatu duten zergadunei; eskatu ez dutenek, dagokion eskaera orria aurkeztu beharko dute
Gipuzkoako foru Ogasunak gaur jarri du martxan preskribatu gabeko urteetan PFEZa birkalkulatzeko prozedura, kontuan hartuta aitatasun bajen prestazioak salbuetsita daudela. Foru erakundeak era automatikoan birkalkulatuko die PFEZa hala eskatu dutenei, eta baita zergadunaren ezkontide edota izatezko bikoteak amatasun prestazioen salbuespena dela eta eskaria aurkezte dutenei. Eskaria oraindik egin ez duten zergadunek honetarako prestatu den inprimakia bete beharko dute. Idatzia eskuragai dago foru erakundearen web orrian (www.ogasuna.eus), Ogasunaren bulegoetan eta Zergabidea plataforman.
Inprimakiak zergadunaren izena, helbidea, NAN zenbakia eta berrikustea eskatzen den PFEZaren likidazioaren urtea bakarrik eskatzen dizkio zergadunari. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak igorri dio jada Aldundiari beharrezko informazioa eta, beraz, ez da beharrezkoa inongo dokumentaziorik aurkeztea eskariarekin batera. Idatzia Zergabidea plataformaren bidez aurkeztu daiteke, era telematikoan, erarik arin eta erosoena; bestela, Ogasunaren edota Gipuzkoako Foru Aldundiaren edozein bulegotan aurkeztu daiteke, eta posta bidez bidaltzeko aukera ere badago.
Inprimakiaren bitartez, preskribatu gabe dauden (2014tik 2017ra) ekitaldietako errenta aitorpenak zuzentzeko eskatuko dute zergadunek, eta honela aitatasun prestazioak salbuesteagatik dagokien itzulketa lortu. Errenta aitorpena aurkeztu ez zutenek, orain aurkeztu beharko dute, dagokien itzulketa jaso ahal izateko. Azkenik, 2018 urteari dagozkien prestazioei dagokienean, aurtengo Errenta kanpainan erregularizatuko dira. Apirila eta ekainaren artean egin ohi da kanpaina hau.
Segurtasun juridikoa
Neurria pasa den udazkenean Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren ondotik dator. Orduan, epaitegiak amatasun prestazioak salbuetsita uztea ebatzi zuen, eta itzulketa gehienak egin ditu jada Gipuzkoako foru Ogasunak. Aitatasun prestazioen zergapetzearen inguruan, berriz, Gipuzkoako foru Ogasunak dauden berme guztiekin egin du itzulketak egiteko prozeduraren prestakuntza, betiere lurraldeko zergadunen segurtasun juridikoa bermatuz.
Foru erakundean dituen aurreikuspenen arabera, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak igorrita informazioa oinarri hartuta, aipatutako urteetan 42.383 amatasun eta/edo aitatasun prestazioa eman ziren, 34.134 zergadun gipuzkoarri eragiten dietenak. Hala ere, ez da ezagutzen itzuli beharreko zenbatekoa. Aitatasun baimena 15 egunekoa zen 2014, 2015 eta 2016 urteetan, eta lau astetara handitu zen 2017an. Pasa den urtean, uztailean, bost astetara aldatu zen.
DGN.actualidad.detalle.adjunto:
2467