Gipuzkoa ongizatean hazi dadin landutako 2025eko foru aurrekontuak onartu dituzte BNek
Gipuzkoa ongizatean hazi dadin landutako 2025eko foru aurrekontuak onartu dituzte BNek
Aldundiak bere historiako aurrekonturik sozialena edukiko du datorren urtean, pertsona guztien ongizatean aurrera egin ahal izateko, politika publiko "eraginkor, berritzaile eta partekatuen" bidez
Gipuzkoako Batzar Nagusiek argi berdea eman diete gaur 2025erako foru aurrekontuei. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere historiako aurrekonturik zabalena eta sozialena izango du: 1.218 milioi euro guztira, aurtengo aurrekontu luzatuak baino 97 milioi euro gehiago. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak nabarmendu duenez, "albiste positiboa da, aurrekontu hauek pertsona guztien ongizatean aurrera egiteko behar den giharra emango baitiote Gipuzkoari, politika publiko eraginkor, berritzaile eta partekatuen bidez".
Mendozak komunikabideei erantzun die Batzar Nagusietan, 2025eko aurrekontuak onartu diren osoko bilkuraren amaieran. EAJ-PNV, PSE-EE eta PPko batzarkide-taldeen babesa jaso du aurrekontu proiektuak. Diputatu nagusiak azpimarratu duenez, aurrekontu horiek "hiru zutabe estrategikoetan oinarrituta" landu dira, “pertsonen, ekonomiaren eta iraunkortasunaren” inguruko “hiru zutabe estrategikoetan oinarrituta", alegia. Bere hitzaldian, 2024an lortutako akordioen balantzea egin du, "urte emankorra izan baita adostasunen ikuspegitik, akordioak lortu ditugu alderdi politiko guztiekin, hainbat erakunderekin eta sindikatuekin". Ildo horretan, urtea aurrekontu hauek onartzeko akordio batekin amaitu izanari balioa eman dio.
Ongizatean hazteko aurrekontuak
Gaur osoko bilkuran onartutako partidei esker, aipatutako zutabeetan jauzi kualitatiboa egin ahal izango da. Ildo horretan, Mendozak azaldu du historiako aurrekonturik sozialenak direla gaur onartutakoak eta, zalantzarik gabe, eragin positiboa izango dutela Gipuzkoako gizarte osoaren ongizatean.
Besteak beste, gaur onartutako aurrekontuek aukera emango dute pertsona zaurgarrienak babesten jarraitzeko, gizarte berrikuntzaren eta komunitatearen inplikazioaren bidez, pertsonengan oinarritutako gizart -babeseko eredu batean sakonduz, hori guztia are eta desberdintasun gutxiago dituen eta kohesionatuagoa izango den Gipuzkoa bat eraikitzeko helburuarekin. Hala, aurrekontu horren bidez, besteak beste, zainketako tokiko ekosistemetan inbertituko da, Gipuzkoako udalerri gehiagotara zabaldu daitezen –gaur egun 15 udalerritan daude aktibo–; egoitza berriak eraikiko dira Elgoibarren eta Irunen; genero-indarkeriaren biktimei arreta emateko zentro berriak irekiko dira Arrasaten eta Goierrin; eta Elkar-Ekin Lanean gizarteratzeko eta laneratzeko programa bultzatuko da, bazterkeria arriskuan dauden pertsonen mesedetan.
Ekonomiaren alorrean, Aldundiak aurrera egin ahal izango du ekonomia berritzailea, lehiakorra eta aukerak sortzen dituena sustatzeko helburuan. 2025eko aurrekontuei esker, halaber, MUBIL mugikortasun iraunkor eta adimenduneko poloa abiaraziko da, eta IBMren
konpuntazio kuantikoko zentroa martxan jarriko da Donostian. Era berean, laguntza ildo berriak jarri ahal izango dira martxan, enpresa txiki eta ertainei beren helburuak betetzen laguntzeko, lurraldeko I+G bultzatzeko, abangoardiako teknologietan ikerketan aurrera egiten jarraitzeko behar diren inbertsioak lagunduz, eta industria-garapen berrietan ekintzailetasuna bultzatzeko, hala nola teknologia kuantikoetan edo terapia aurreratuetan.
Aurrekontu hori onartuta, ekonomia zirkularra, trantsizio energetikoa eta ekonomiaren deskarbonizazioa bultzatuko dituen garapen iraunkor orekatuaren ereduan aurrera egin ahal izango da. Era berean, garraio publikoa indartu eta hobetzeko eta herritar guztiei bidezko sarbidea bermatzeko lan egingo da.
Aurrekontu horiek, gainera, erronka sozial berriei erantzuteko diseinatu dira: udalerri txikiagoetan etxebizitza eskuratzea; nahi ez den bakardadea; lurralde oreka berdea zaintzea, Basotik bezalako ekimenen bidez basoen zaintza bertan behera geratzea saihestuz; euskararen erabilera bultzatzea; edo Gaintxurizketako errepideko (GI-636) bide segurtasun arazoa konpontzea, besteak beste.
Batzarkide taldeekin 25 bilera baino gehiago
Aurrekontu hauek eratzeko eta ahalik eta adostasun handiena lortzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak 25 bilera baino gehiago egin ditu batzarkide talde guztiekin joan den udatik hona. Hala, Mendozak adierazi duenez, egindako lan eskergaren emaitza dira aurrekontu hauek. Diputatu nagusiak eskua luzatzen eta etorkizunean ere elkar ulertzeko ateak zabalik izaten jarraitzeko konpromisoa berretsi du. “Negoziazioak hasi zirenetik, talde guztien adostasuna lortzeko lan egin dugu. Gure atea beti irekita egon da elkarrizketarako, baita talde batzuen aldetik ezezko erantzunak jaso ditugunean ere, eta horrela jarraituko dugu, gure gizartearen ongizaterako akordio eraldatzaile eta positiboak lortzeko ahalegin betean”, laburbildu du.
246