Gipuzkoa osoko erakargarritasunak bultzatuko ditu turismo marka berriak
Gipuzkoa osoko erakargarritasunak bultzatuko ditu turismo marka berriak
Donostiaz haragoko lurraldeak duen potentziala, bere nortasuna eta eskualdeekin partekatutako lanak duen garrantzia nabarmenduko ditu
Foru Aldundiak bere marka turistiko berria aurkeztu du gaur, lurralde osoko erakargarri turistikoen presentzia indartzeko asmoz, eta datorren astean Fitur azokan jarriko du martxan. Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak nabarmendu duenez, legegintzaldi honetako lehentasunetako bat izango da "turismo eredu orekatu baten alde lan egitea, baita lurraldeari dagokionez ere, horrela, bisitari fluxuak lurralde osoan zehar banatzeko eta ditugun erakargarritasunak ezagutarazteko: paisaiakoak, naturalak, gastronomikoak, arkitektonikoak, kulturalak…". Ahalegin horrekin bat etorriz, marka berriak "hobeto islatzen du Gipuzkoak helmuga gisa duen potentziala eta Donostiatik haratago duen erakargarritasun guztiari balioa emateko borondatea".
Iker Goiria Turismo zuzendaria ondoan duela, Lasak adierazi du gaur egun oraindik Donostia eta kostaldea direla turista gehienek Gipuzkoara, "eta baita Euskadira ere", etortzeko erabiltzen duten sarbide nagusia. "Hori dagoeneko modu naturalean gertatzen den zerbait da. Horregatik, markaren aldaera batean Donostiak agertzen jarraitzen du, baina, turismo fluxuak barnealdera erakartzeko egiten ari garen lanaren ildotik, fluxu horrek ere jarduerari mesede egin diezaion, ibilbide berri honetan lurralde osoa ikusarazi nahi da, nortasuna eta ondarea nabarmenduta. Ildo horretan, gogorarazi du Gipuzkoako kostaldean eta barnealdean bidaiarien sarrerak % 4,1 eta % 6,4 igo zirela udan, hurrenez hurren, baina hazkunde hori hiriburukoa eta metropoli eremukoa baino txikiagoa dela, eta, beraz, "arlo hori sakontzen jarraitu behar dugu».
Aurreko markarekin alderatuta, desagertu egin da 'region' kontzeptua, eta Gipuzkoa marka berriaren bi bertsioetan ageri da. Aldaketa horri esker, Gipuzkoako eskualdeek eta udalerriek beren burua ezagutarazteko erabili ahal izango dute marka, eta aurreko bertsioan baino "erosoago" sentituko dira. Izan ere, azken hilabeteetan hainbat lan saio egin dira Gipuzkoako eskualdeetako turismo arduradunekin, eta horiekin kontrastatu da bereizgarri berria: "Legegintzaldi honetan eskualdeekiko lankidetza areagotuko dugu, eta prozesu hau lankidetza horren lehen urratsa baino ez da".
Hala, lurraldea sustatzeko orduan profil desberdinetara egokitzeko asmoz, ikur bera duten bi marka sortu dira publiko ezberdinentzat: bata, lurraldeko eta hurbileko bisitarientzat, eta, bestea, atzerriko turistentzat. Inguruko bisitarientzat 'Gipuzkoa Turismoa' erabiliko da, lurraldeari protagonismoa emanez. Atzerriko turismoari zuzentzeko, berriz, 'Gipuzkoa, Around San Sebastian' leloa erabiliko da; horren bidez, gonbidapen irmoa egin nahi zaio turistari, lurraldea hiriburutik haratago ikus dezan. Lehenengoa izango da gehien erabiliko den marka, baita eskualdeek ere. Bestalde, 'Gipuzkoa, Around San Sebastian' ekimena Donostiako turismo bulegoan eta atzerrirako garatutako estrategian agertuko da.
Bi markak batzen dituen elementu piktografikoa SS letren batasunetik sortzen da, batasuna eta infinitua irudikatzen ditu, eta, era berean, Gipuzkoan-Donostian aurki daitezkeen lekuen ezaugarrien isla da: txikiaren eta handiaren arteko batura; itsasoa (olatuak) behealdean, eta mendiak gainean. Gama kromatikoa degradatu batek osatzen du, itsasoa eta lurra lotzen dituzten koloreek sortutakoa, Foru Aldundiaren eta itsasoaren urdinetik hasi eta mendien kolore berdeetaraino.
Aldaketarekin lortu nahi den beste helburuetako bat da Euskadiko turismo estrategiarekin eta Basque Experiences markarekin modu naturalagoan uztartzea, eta Gipuzkoako gainerako markekin bateragarri egitea, haien erakargarritasunei eta esperientzia turismoari lotuta: Euskal kostaldea, Sagardoaren lurraldea, Landa paradisua, Ignaziotar lurraldea eta Donostia.
Era berean, eta ingelesa soilik erabiltzen zen aurreko markan ez bezala, oraingo honetan euskara lehenesten da hurbiltasun markan, eta atzerrira zuzendutako markan hainbat hizkuntza erabiltzeko aukera ematen da, heldu nahi den merkatuaren arabera: "Horrela, malgutasun handiagoa bultzatzen dugu, jomugaren arabera, eta hobeto identifikatzen dugu benetan garrantzia eman nahi diogun elementu eta ezaugarrietako bat, alegia, gure hizkuntza".
Fiturreko aurkezpena
Marka berria Fitur Nazioarteko Turismo Azokaren 40. edizioan aurkeztuko da, urtarrilaren 22tik 26ra bitartean. Azokak bere posizioa finkatu du eta turismoaren industriaren mundu mailako erakusleiho handienetakoa bihurtu da. 2019an, parte hartzaileen errekorra hautsi zuen: 165 herrialde/eskualdetako 10.190 enpresa erakusle eta 140.120 profesional elkartu ziren. Asteburuan, 7.856 kazetari eta blogari akreditatu eta 110.860 bisitari baino gehiago izan zituen, eta profesionalen eta negozioen arteko topaketak % 10 igo ziren.
Aldundiaren ordezkaritzak, marka berria ezagutzera emateaz gain, hurrengo legealdirako Gipuzkoako turismo estrategia berria partekatzeko aprobetxatuko du ekitaldia; estrategia horren ardatz nagusiak dagoeneko zehaztuta eta lurraldeko turismo eragile nagusiekin kontrastatuta daude. Behin betiko dokumentua udaberrirako prest egotea aurreikusita badago ere, Lasak aurreratu du estrategia berriaren helburua dela "turismo eredu jasangarri eta ordenatu bat finkatzea, lagunduko duena enplegua eta aberastasuna sortzen, modu orekatu batean eta lurralde osoan zehar banatuta, eta gure kulturaren berezitasuna sustatzen lagunduko duena".
Horretarako, funtsezko sei lan arlo mugatu dira, eta horietatik abiatuko dira helburu eta ekintza espezifikoak, Nazio Batuen 2030erako Agendarekin eta horren barruan ezarritako garapen jasangarrirako helburuekin bat etorriz: bisitariak, enpresak eta industria, gobernantza, jasangarritasuna eta kultura, komunitatea eta adimena.
2873