Gipuzkoa prest dago 2016-2017 Neguko Bidezaintza Plana aktibatzeko
Gipuzkoa prest dago 2016-2017 Neguko Bidezaintza Plana aktibatzeko
Aurtengo kanpainak hainbat berritasun izango ditu, hala nola eskualdekako aurreikuspen meteorologikorako sistema bat edo gatza ontziz aldatzeko errendimendu handiko ekipo bat
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016-2017 Neguko Bidezaintza Plana aurkeztu du. Aurten, urtero bezala, azaroaren 15ean aktibatuko da, eta apirilaren 15era arte egongo da indarrean. Kanpainak aurten dakartzan berritasunen artean dago eskualdekako aurreikuspen meteorologikorako sistema bat. Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek esan du “baliabideak optimizatzeaz gain”, sistema horrek “osatu” egingo duela EUSKALMETen eguraldi iragarpena. “Sistema berria eskala txikiagoko eredu batean oinarritzen da, errepideetan dauden estazio meteorologikoetatik ateratzen baititu datuak.
Horrela, eskualdekako informazioa eskuratu dezakegu, denborarekiko zehatzagoa”, adierazi du Oiarbidek.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak gatza ontziz aldatzeko errendimendu handiko ekipo bat du orain. Ekipo horrek bikoiztu egiten du elurra kentzeko kamioien karga ahalmena eta, gainera, zisterna kamioiak kargatzeko aukera ere ematen du, ondoren Gipuzkoa osoan zabalduta dauden 38 biltegiak hornitzeko.
2,5 milioi euroko aurrekontuarekin, Neguko Bidezaintza Planak elurra kentzeko 80 kamioi, 12 ibilgailu arin eta 8.100 tona gatz izango ditu. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzak garabiak jarriko ditu N-1 eta A-15 errepideetan. Ahalmen handiko garabi horiek erabiliko dira ibilgailu astunen batek errepidea oztopatuz gero edo arazoren bat izanez gero. Giza baliabideei dagokienez, langile kopurua elur kotaren araberakoa izango da. Elur kota itsas mailara iristen bada, 180 pertsona inguru aktibatuko dira.
Urtero bezala, erakunde arteko koordinazioa funtsezkoa da Neguko Bidezaintza Plan honek funtzionatu dezan. Hala bada, Bide Azpiegituretako Departamentua lankidetzan jardungo da hainbat erakunderekin: Bidegi, Gipuzkoako suhiltzaile etxeak, Eusko Jaurlaritza, Ertzaintza, Nafarroako Gobernua eta Araba eta Bizkaiko aldundiak.
Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu du Gipuzkoak eskura dituen bitarteko guztiak erabiliko dituela erabiltzaileei ahalik eta "segurtasun eta erosotasun handiena bermatzeko" eta errepideak hondatzea "saihestu edo minimizatzeko". “Plan honen helburua da Gipuzkoako errepide sarea erabilera baldintza egokietan mantentzea: Izotzik eta elurrik gabe. Hala ere, baldintza meteorologikoak oso txarrak direnean, autoa hartzea saihestu behar da, eta hori ezinezkoa denean, ibilgailua ahalik eta egoera onenean dagoela egiaztatu behar da", erantsi du Oiarbidek, ahal dela arriskuak saihestu egin behar direla gogoraraziz.
baldintza meteorologikoak oso txarrak direnean, autoa hartzea saihestu behar da, eta hori ezinezkoa denean, ibilgailua ahalik eta egoera onenean dagoela egiaztatu behar da"
Neguko Bidezaintza Plana aktibatuko da Euskal Meteorologia Agentziak izotzagatiko (edozein kota) edo elurragatiko (1000 metrotik behera) abisuak ematen dituenean.
1653