150 profesional eta 44 enpresa elkartu ditu Gipuzkoa Talent Forumek
150 profesional eta 44 enpresa elkartu ditu Gipuzkoa Talent Forumek
Aurrez-aurreko formatua berreskuratu, eta interes handia piztu du ostera topaketak, gaur Reale Arenan.
Gipuzkoa Talent Forumek atzerrian lan egiten duten edo nazioartean esperientzia handia duten lurraldeko kualifikazio maila handiko profesionalak I+G enpresa, eragile eta zentroekin elkar lotu ditu berriro. Gipuzkoako Foru Aldundiak talentua sortzeko, erakartzeko eta fidelizatzeko estrategiaren barruan bultzatutako foro honek formatu presentziala berreskuratu du bi urte, 2020 eta 2021en ondoren, pandemiaren murrizketen ondorioz bertan behera utzi behar izan baitzen. Gabonetako ohiko hitzordua da, eta 2019an bezala, Reale Arena berreskuratu du agertoki gisa. 150 profesionalek eta 44 enpresa eta eragilek parte hartu dute.
Ekitaldian parte hartu duten konpainiak, I+G zentroak eta ekosistema ekonomikoko erakundeak honako hauek dira: ABC Compressors, Afry, Alcad, Ampo S. Coop., Angulas Aguinaga, Batea, Biele, CAF, Cidetec, Cyber Surgery, Danobat Group s.coop, Egile, Elkargi, Emovere, Epowerlabs, Fagor Automation, Fagor Ederlan, Fidenet, Ibermatica, Ieteam, Ikerlan, Ikor, Ingroup, Inzu Group, Irisbond, Irizar E-mobility, Jema Energy, Kirolbet, Lemu Group, LKS Next, Lortek, Naru intelligence, Orbea, Orona, Panoramic Team, Plastigaur, Salto Systems, Sarralle, Spyro, Ulma, Uvesco, Vicomtech, VIVEbiotech eta Zuchetti.
Reale Arenak 10: 00etan ireki ditu ateak, eta 10:30ean enpresa parte-hartzaileak hiru mahaitan banatu dira: Biozientziak-ikerketa eta elikadura, Mugikortasuna, eta Industria eta IKTak-Teknologia. Horiek guztiak Gipuzkoako etorkizuneko ekonomian estrategikoak diren sektoreekin bat datoz. Etorkizuna Eraikizko erreferentziazko zentroekin eta lurraldeko beste eragile batzuekin lankidetzan, Gipuzkoako enpresa-ekosistemaren erronkak, aukerak eta etorkizuneko beharrak azaldu dira. Mahai horietan parte hartu dute Jabier Larrañaga Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak, Iker Estensoro Ekonomia Sustapeneko zuzendariak, ZIUR (zibersegurtasuna) eta MUBIL (mugikortasun berria) erakundeetako kide diren Ainhoa Saizar eta María Penillak, eta BIC Gipuzkoako eta Gipuzkoako Ganberako ordezkariek. Azken horiek Gipuzkoak enpresa proiektuak abiarazteko edo nazioartera zabaltzeko eskaintzen dituen aukeren berri eman dute.
Ondoren, 11:00etatik 14:00etara, profesionalen eta enpresen arteko banakako topaketak egin dira. https://www.gipuzkoa.eus/es/web/talent helbidearen bidez, izena eman duten pertsonek plataforma batean parte hartu ahal izan zuten. Plataforma horretan, beren profil profesionalak aurkeztu ahal izan zituzten, zein enpresarekin partekatu nahi zuten aukeratu ahal izan zuten, eta beren interesekoak zirenekin hitzorduak eskatu ahal izan zituzten. 450 elkarrizketa inguru gauzatu dira, guztira.
Parte-hartzaileen profilari dagokionez, ia % 70ek 25 eta 35 urte bitartean dituzte, ia erdiek 3 urte baino gehiago daramatzate Gipuzkoatik kanpo, eta % 69k, gutxi gorabehera, 2 urte baino gutxiagoko epean lurraldera itzultzeko interesa agertu dute. Gaur egun, 14 herrialdetan egiten dute lan, batez ere Estatuko beste leku batzuetan, Frantzian, Alemanian eta Estatu Batuetan. Ikasketa-mailari dagokionez, % 70ek baino gehiagok graduko edo lizentziaturako ikasketak ditu. Industria izan da interes handiena piztu duen sektorea. Gaurkoa Gipuzkoa Talent-en bosgarren edizioa da, formatu presentzialean, eta horiei 2020an eta 2021ean pandemiaren harira modu telematikoan egindako bi edizio gehitu behar zaizkie.
Balorazio positiboa
Jabier Larrañaga diputatuak “oso irakurketa positiboa” egin du gaurko topaketaren inguruan. “Ikusten dugu ekimen honek interes handia pizten jarraitzen duela bai profesionalen aldetik, bai enpresen aldetik, Gipuzkoa Talent Forum elkar ezagutzeko gune aberasgarria ikusten baitute. Sei urte dira Aldundiak foro hori bultzatzea erabaki zuenetik, Gabonetan profesional asko itzuli zirela aprobetxatuz, Gipuzkoan beren talentua garatzeko enpresa-proiektu erakargarriak eta punta-puntakoak ditugula erakusteko, beren bizi-proiektua lurraldean gauzatuz eta, horrela, gure enpresen lehiakortasunari lagunduz. Edo, zergatik ez, beren proiektuari ekitea erabaki dezaten, ekintzailetzari laguntzeko gure ekosistemaren potentziala aprobetxatuz. Espero dugu hitzordu honek txinparta piztea, epe motz-ertainean bide hori hartzeko”, adierazi du.
“Gaur egungo ziurgabetasunaren testuinguruan, talentuaren bultzada funtsezko elementua da Gipuzkoak lehiakor izaten jarrai dezan, eta, horrela, ekonomia indartsu eta aurreratu bat izateko garatzen laguntzeko, identifikatzen gaituzten gizarte-ongizateko mailak ziurtatu eta hobetuko dituena. Ekonomiaren trantsizio handiek – digitala, ekologikoa eta soziala – profil profesional berriak eskatzen dituzte. Eta biztanleriaren zahartzearen aurrean gure enpresetan belaunaldi-erreleboa egin behar denez, talentua sortzea eta erakartzea, orain, are gehiago, lehentasun handiko erronka bat da, bereziki gure ETEentzat. Pertsona eta enpresa lehiakorrak izaten jarraitu behar dugu, gure lurraldearen etorkizuna diseinatu eta eraiki ahal izateko, elkarlanean”, gaineratu du.
1.500 gazte hasieratik
Lurraldeko ia 1.500 gaztek hartu dute parte Gipuzkoa Talent Forumean orain arte egindako zazpi edizioen zenbaketa orokorrean. Ekimen hau Foru Aldundiak sustatutako Gipuzkoa Talent estrategiaren barruan kokatzen da, lurraldeko enpresa eta erakundeetan talentua erakartzeko, sortzeko eta fidelizatzeko helburuarekin. Gipuzkoa Talent Forumez gain, beste batzuen artean, Fellows Gipuzkoa programa garatzen da, goi-mailako talentu ikertzailea lurraldeko I+G+B sarera erakartzeko. Programa horri esker, abian jarri zenetik, 54 pertsona kontratatzen lagundu da, urtean 480.000 euroko zuzkidurarekin. Edo beste dirulaguntza eta laguntza batzuk, Gipuzkoan talentua sortzeko eta finkatzeko, urtean 3 milioi euro baino gehiagoko zuzkidurarekin, etengabeko ikaskuntza ardatz nagusietako bat dutelarik.
3715