Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoak 4 talentu zientifiko berri gehitu dizkio I+G ekosistemari

Gipuzkoak 4 talentu zientifiko berri gehitu dizkio I+G ekosistemari

Markel Olanok eta Jabier Larrañagak bilera izan dute Fellows programako ikertzaileekin, eta guztira 489.000 euro bideratu dira programa horretara.

Gipuzkoako I+G sareak goi mailako lau ikertzaile gehiago izango ditu aurten Foru Aldundiaren Fellows Gipuzkoa programari esker, zeinaren deialdia duela gutxi ebatzi den. Markel Olano diputatu nagusiak eta Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak lan bilera izan dute gaur Fellows programako kide berriekin eta haien ikerketa zentroetako ordezkariekin, eta, bilera horretan, haiek garatuko dituzten proiektuen edukia eta irismena zehatz-mehatz ezagutzeko aukera izan dute. 2000. urteaz geroztik, Gipuzkoako I+G+b entitateek 48 ikertzaile kontratatu dituzte Aldundiaren laguntzarekin. “Ikerkuntzaren bikaintasunaren eta talentu zientifikoaren aldeko gure apustuaren erakusgarri da Fellows. Apustu nabaria eta denboran jarraitua, lurralde lehiakor eta aurreratu baten nortasunaren ezaugarri gisa. Pandemiak indartu baino ez du egin gure uste kolektiboa zientziak eta ikerketak gure ekonomia eta ongizatea indartzeko eta etorkizun hobea eraikitzeko duten garrantziaz”, azpimarratu du Olanok.

Aldundiak ekimen horri eutsi zion iaz, pandemiaren aurrekontu-eragina gorabehera, eta aurten indartu egin du, 489.208 euroko inbertsioarekin.  Fellows programaren bitartez, nazioarte mailan garrantzia duten ikerketa taldeetan esperientzia duten eta doktoratu osteko formazioa jaso duten ikertzaileak sartu nahi dira Gipuzkoako ikerketa taldeetan, horien bikaintasun zientifikoa indartzeko. Bi jarduketa lerro ditu: batetik, talentudunak erakartzea, ikertzaile horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Gipuzkoako zentroetan integra daitezen; eta, bestetik, talentudunei eustea, talde horietan gehienez hiru urtez jarrai dezaten. Aldundiak ikertzailearen lehenengo urteko kontratazio gastuen % 100 finantzatuko du,  gastu horien % 80 bigarren urtean, eta % 70 hirugarren urtean; horrela, ikerketa lanek denbora luzeago batez jarrai dezaten ahalbidetuko da.

Horrela, lau talentu berri gehitzeaz gain, Aldundiak aurreko deialdietan programan parte hartu duten beste bederatzi ikertzaileri laguntzen die aurten; beraz, une honetan 13 ikertzaile daude Fellows programaren bidez finantzatuta, eta horietatik 5 emakumeak dira. Bikaintasun zientifikoaz, esperientziaz eta nazioarteko prestakuntzaz gain, kontuan hartzen da pertsona horiek Euskal Herriarekin duten lotura eta, halaber, irizpideak sartzen dira eremu horretan oraindik dagoen genero-arrakalari aurre egiteko. Hauek dira aurten lanean hasi diren lau talentu berriak, eta beren proiektuak:

 

Angel Gabriel Fernández (UPV/EHU): Gipuzkoako industriako hondar-beroa berreskuratzeko biltegiratze erresilienteko sistemak diseinatuko ditu nagusiki. Horren barruan, fase-aldaketako materialak erabili nahi dira bero latentea biltegiratzeko, prozesu industrialen efizientzia energetikoa hobetu ahal izateko. Gainera, estaldura ekologikoak garatu nahi dira iturri berriztagarrietako materialetan oinarrituta. Ikertzailea hartzen duen Procesos de Biorrefinería taldeak luze aztertu ditu material horiek, sistema horiei lotutako osagaien balio-bizitza luzatu ahal izateko.

Aitor Manteca (CIC biomaGUNE): Hau da bere proiektua: "Proteinen eboluzio gidaturako baheketa eta hautaketa mikrofluidikoko sistemak". Tanten mikrofluidikoa hainbat molekula testatzeko eta ondoren hautatzeko aukera ematen duen teknika bat da, nahi diren propietateak dituen konposatu bat lortzeko. Hainbat kanal dituen txip batean, uretako fase bat eta olio bat nahasten dira, eta, horrela, milioika tanta sortzen dira, elkarren artean fusionatu ezin direnak. Horrela, tanta bakoitza mini erreaktore bihurtzen da, non molekula bakarra ebalua daitekeen. Teknika horren bidez fluoreszentzia hobetuko proteinak sortu nahi dira, ondoren bioLED delakoetan erabiltzeko, edo entzima eraginkorragoak prozesu industrial jakin batzuk hobetzeko.

Carlos Alburquerque (CIC biomaGUNE): Deep-SERS proiektuak adimen artifiziala (machine learning) aplikatzen dio datu konplexuen interpretazioari, zehazki molekulak identifikatzeko laser-argiaren dispertsioa baliatzen duen teknika hobetu baten bidez lortutako datuen buruzkoari (gainazalean hobetutako Raman dispertsioa, SERS, ingelesezko siglen arabera). Zehazki, tumore artifizialen ingurune estrazelularrean metabolitoak aztertzeko erabiliko da, baina biosentsore mota guztietan aplika daitezke. Horrela, estrategia berriak jarriko dira abian hurrengo belaunaldiko SERS sentsoreak (bio) garatzeko. Sentsore horiek gailu biomediko automatizatu berriak eratuko dituzte minbizia edo COVID-19 bezalako gaixotasunen diagnostiko azkarra egiteko, denbora errealean eta arreta medikoko gunean.

Ibon Santiago (CIC nanoGUNE): Zentroan lan egingo du robot molekularrak garatzeko, DNA bezalako material programagarrien laguntzarekin.  Nahiz eta robot baten eta DNA molekula baten arteko diferentzia ikaragarria izan konplexutasunaren aldetik, puntu komun asko daude beraien artean. Interes genetikoaz harago, DNA harizpiak automihiztatu daitezke, konputazioak egin eta inguruko seinaleei erantzun, sekuentzian kodifikatutako informazio espazialari esker. Proiektuaren helburua da nanoegiturak sortzea, propietate robotiko horiek konbinatzen dituztenak eta nanometroaren eskalan jarduteko gai direnak.  Aplikazio posibleak dira, besteak beste, sentsore gisa erabiltzea eta nanoeskalan medikamentuen ibilgailu gisa erabiltzea.

Gainera, programaren barruan ikerketa-lanarekin jarraituko dute ikertzaile hauek: Idoia Ochoa (Tecnun, bigarren urtea), Irune Villaluenga (BERC Polymat, bigarren urtea), Amaia Carrión (BCBL, bigarren urtea), Pablo Aguado-Puente (CIC nanoGUNE, bigarren urtea), Roland Charles Garnier (Azti), Beatriz Martín-García (CIC NanoGUNE, hirugarren urtea), Sonia Alonso (Biodonostia, hirugarren urtea), Iván Ramos (CIC biomaGUNE, hirugarren urtea), eta Óscar Ferreira (CIC biomaGUNEgune, hirugarren urtea). Lantzen dituzten proiektuen artean, honako hauek daude: gailu elektronikoetan energia kontsumitzeko eta beroa kudeatzeko arazoei irtenbideak bilatzea; irakurketa-arazo posibleak garaiz identifikatzea eta esku-hartze goiztiarreko programak garatzea; bateria hibrido berrietan aplikatzeko materialak garatzea; tumore gaizto hematologikoetan biomarkatzaileak identifikatzea; aplikazio biomedikoetarako material eraginkorragoak diseinatzea; klima aldaketak kostaldeko higaduran duen eragina; eta Alboko Esklerosi Amiotrofikoan (AEA) muskuluaren zelula amek birsortzeko duten gaitasunaren azterketa.

Diputatu nagusiak ikerketa-lan horren garrantzia azpimarratu du, eta adierazi duenez “potentzial handiko sektoreetan garatzen da, Gipuzkoako apustu estrategikoekin erabat lerrokatuta, hala nola biozientzietan eta osasun arloan, eraldaketa industrialean, energiaren biltegiratzean eta klima aldaketan. Denboran iraun duen lankidetzari esker, I+G+b ekosistema indartsua finkatu dugu, start up-ek, enpresek, unibertsitateek eta erreferentziazko ikerketa zentroek osatutako ekosistema, hain zuzen, eta gure etorkizun ekonomiko eta sozialean eragin handiena duten arloetara ahaleginak bideratzeko gai izan behar dugu, horrek susperraldia bizkortzea ahalbidetuko baitu”.

Ildo beretik jo du Jabier Larrañagak eta gogorarazi duenez, “Gipuzkoak I+Grako bideratzen dituen baliabideen mailak EBkoa gainditzen du BPGaren gastuaren ehunekoan (% 2,4 eta % 2,2, hurrenez hurren), eta dedikazio osoan enplegatutako I+Gko langileen gastuaren ehunekoan (% 2,4 eta % 1,4, hurrenez hurren). Gipuzkoaren posizio ona are nabarmenagoa da konparazioa eskualdeen artean egiten bada, horien I+Gko gastuaren batez bestekoa % 1,4koa baita. Baina gure asmoa da herrialde aurreratuenetako mailetara hurbiltzea, eta horrek etengabeko ahalegina eskatzen du Fellows eta antzeko programen eskutik”.

  

2662