Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoak enplegu inklusiboaren estrategia hedatu du eta bazterkeria arriskuan dauden 2.600 lagunen lan munduratzea bultzatu du

Gipuzkoak enplegu inklusiboaren estrategia hedatu du eta bazterkeria arriskuan dauden 2.600 lagunen lan munduratzea bultzatu du

Diputatu nagusiak 7,2 milioi euroko laguntza deialdi bat iragarri du Elkar Ekin Lanean 2021-2023 programaren esparruan, pobrezia egoeran edo pobrezia arriskuan dauden herritarren gizarteratze eta laneratze ibilbideak garatzeko.

Elkar Ekin Lanean topaketa.

Gipuzkoak modu erabakiorrean aurrera egin du azken urte honetan Elkar Ekin Lanean 2021-2023 Enplegu Inklusiboa eta Kalitatezkoa Sustatzeko Estrategia lurralde osoan hedatzen, bazterkeria arriskuan edo egoeran dauden pertsonen gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak sortuz. Azken bi urteotan, estrategia horrek 2.600 pertsonari lanpostu duina lortzeko aukera eman die, 750 prestakuntza-ekimen antolatu dira eta gizarteratzeko hiru enpresa berri sortzea bultzatu du. Markel Olano diputatu nagusiak orain arteko balantze hori "oso positibotzat" jo du, eta, bere ustez, Gipuzkoak enplegu inklusiboaren alde duen “konpromiso kolektiboa” areagotzeko oinarri gisa balio behar du, gisa horretan “hilabete amaierara ailegatzeko zailtasun gehien dituzten pertsonen gizarteratze eta laneratze aukerak biderkatu” ahal izateko.

"Nazioarteko erreferentzia gara enplegu babestuaren eta ekonomia sozialaren esparruan, hirugarren sektore sozialeko enpresei eta kooperatibei esker, hurrenez hurren. Gauza bera lortu nahi dugu inklusioaren eremuan. Elkar Ekin Lanean-en bidez, elkarri lotutako sistema bat garatzen ari gara. Sistema horrek prestakuntza-ibilbide pertsonalizatuak eskaintzen ditu, amaieran kalitatezko lanpostu duin eta inklusibo bat eskaintzen dutenak, lan-merkatuan sartzeko eta finkatzeko zailtasun handienak dituzten pertsonentzat”, azaldu du diputatu nagusiak. Olanok  gogorarazi du Elkar Ekin Lanean dela Aldundiak Etorkizuna Eraikizen esparruan bultzatutako erreferentziazko hamaika zentro eta estrategietako bat. "Azken urteotako proiektu estrategiko garrantzitsuenetako bat da", baieztatu du.

Enplegu inklusiboa, enpresentzako alternatiba

“Kalitatezko enplegua da gizarte desberdintasunen aurka borrokatzeko eta pertsona guztiek beren bizi proiektua Gipuzkoan garatu ahal izateko daukagun tresna nagusia”, adierazi du Olanok, Elkar Ekin Lanean 2021-2023 ekimenaren esparruan garatutako ekintzen balantzea egiteko gaur goizean Orona Ideon (Hernani) egindako jardunaldi batean, estrategia horretan parte hartzen duten erakundeetako 150 ordezkariren aurrean. Hirugarren sektore sozialeko, eskualdeetako garapen-agentzietako, erakundeetako eta ekonomiako ehuneko ordezkariak elkartu dira, alegia, Oronan.

Diputatu nagusiak, hain zuzen ere, enplegu inklusiboaren aldeko apustua egitera animatu ditu Gipuzkoako enpresak, beren gizarte erantzukizunaren esparruan. “Sektore asko benetako zailtasunak izaten ari dira langileak aurkitzeko orduan. Enplegu inklusiboa aukera aurreratua, bideragarria eta oso positiboa da egoera horri erantzuteko. Gainera, horrela,  enpresek kalitatezko enplegua sortzen eta gizarte bidezkoagoa eta kohesionatuagoa eraikitzeko egiten duten ekarpena areagotzen dute”, adierazi du.

Foru Aldundiak Etorkizuna Eraikizen esparruan sustatutako Elkar Ekin Lanean 2021-2023 estrategia 16 lan-ildotan eta 30 neurri zehatzetan banatuta dago, Eusko Jaurlaritzaren 2030 Euskal Estrategiarekin lerrokatuta. Iazko maiatzean aurkeztu ondoren, azken urtean bere koordinazio-mahaiak martxan jarri ditu, erakunde publikoek, enpresek, hirugarren sektore sozialeko eragileek eta eskualdeetako garapen agentziek parte hartzen duten elkarlaneko gobernantza eredu baten bidez. Azken horiek, hain zuzen ere, funtsezko zeregina dute estrategia Gipuzkoan zehar hedatzeko, eskualde sareak sortuz, laneratzeko prozesu pertsonalizatuak sortzeko aukera emango dutenak, pertsona baten prestakuntzatik hasi eta lan merkatuan sartzen deneraino.

Diputatu nagusiak 7,2 milioi euroko laguntza deialdia iragarri du Gipuzkoan enplegu inklusiboari bultzada berri bat emateko. Dagoeneko sortutako eskualde prozesuak indartzea eta hainbat eragilek bultzatutako gizarteratze eta laneratze proiektuei laguntzea izango da deialdiaren helburua.

Hainbat testigantza

Diputatu nagusiaz gain, Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak ere parte hartu du gaurko aurkezpen jardunaldian, eta enplegu inklusiboa sustatzen duten enpresentzat dauden pizgarrien berri eman die enpresei. Era berean, Unai Andueza Proiektu Estrategikoen zuzendariak Elkar Ekin Lanean 2021-2023 programaren inplementazioan egindako aurrerapenak zehaztu ditu. Jardunaldian zehar, bertaratutakoek hurbiletik ezagutu ahal izan dituzte enplegu inklusiboaren alde egin duten hainbat enpresen testigantzak.

Azkenik, ekitaldian Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako diputatuak ere parte hartu du, enplegua sortzeko zerga-eremutik dauden pizgarriak azaltzeko. Adierazi duenez, Sozietateen gaineko Zergan 7.000 euroko kenkari orokorra dago kontratatutako pertsona bakoitzeko, eta kenkari hori 14.000ra igotzen da kontratatutako pertsona lan-merkatuan sartzeko zailtasun berezia duen kolektiboren batekoa bada (iraupen luzeko langabeak; guraso bakarreko familiako aita edo ama, langabea, Lanbiden izena emanda dagoena; genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak; laneratzeko enpresan gizarteratzeko eta laneratzeko prozesua amaitu duten pertsonak; diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten onuradunak…).

Pizgarria aplikatzeko, beharrezkoa da lan-kontratua mugagabea izatea, eta soldatak gutxienez gutxieneko soldata % 70 handituta izan beharko du. “Adibidez, enpresa batek horrelako langile bat kontratatzen badu, urtean 24.000 euroko soldatarekin, 14.000 euroko kenkaria aplikatu ahal izango da; beste modu batera esanda, lehen urtean 10.000 eurokoa izango da enpresak langile horren soldatan egingo duen gastua”, azaldu du Peronak. Sakondu duenez, pizgarriaren helburua ez da alderdi kontratatzaileak horrelako langileak sinatzea pizgarriaz baliatzeko, kontrakoa baizik, “profil horietako langileen aldeko apustua egiten duten enpresak saritu eta aintzatestea da bilatzen duguna”.

  

3271