Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoak eta Pirinio Atlantikoek mugaz gaindiko lankidetza hitzarmen berri batekin

Gipuzkoak eta Pirinio Atlantikoek mugaz gaindiko lankidetza hitzarmen berri batekin

Markel Olanok eta Jean-Jaques Lasserrek sinatutako akordioak “anbizioan jauzi bat” dakar bi erakundeen arteko lan partekatuan.

2021/04/19

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak mugaz gaindiko lankidetza hitzarmen berri bat sinatu dute gaur, 2021etik 2024ra bitartean indarrean egongo dena; horrela, bi erakundeen arteko baterako laugarren jarduketa akordioa sinatuko dute. Baionan egindako ekitaldian, akordioa sinatu dute Markel Olano diputatu nagusiak eta Jean-Jaques Lasserre departamenduko kontseiluko presidenteak. Bi erakundeen artean aurrez gauzatutako hitzarmenen ondoren –2005 eta 2010, 2011 eta 2015, eta 2016-2022 artean, lankidetza esparru berriak aukera emango du mugaz gaindiko lankidetza bideratzen jarraitzen eta proiektu berriak aktibatzen jarraitzeko, hain zuzen ere gizarte politiken, berdintasunaren, partaidetzazko aurrekontuen, mugikortasun jasangarriaren eta ingurumenaren esparruetan.

Diputatu nagusiak «oso garrantzitsutzat» jo du Pirinio Atlantikoetako Kontseiluarekin lortutako akordioa, eta nabarmendu du Bidasoaren bi aldeen arteko lankidetza «gero eta onuragarriagoa» dela herritarrentzat. «Baterako lan honek hazten eta gorpuzten jarrai dezan nahi dugu, eta, gainera, herritar guztien bizi kalitatea eta ongizatea hobetuko duten gaietan izan dadila. Gaur sinatzen dugun hitzarmenak bide horretan dimentsio berri bat dakar, anbizio handiz jauzi kualitatibo bat emango dugu», azpimarratu du.

Europar funtsak eta testuingurua

Olanoren iritziz, pandemiak azaleratutako erronka handien aurrean, «Europa indartu egin behar da lankidetzaren bidez» eta «inoiz baino gehiago, gizarte kohesioa indartu eta desberdinkeriari mugak jarriko dizkion politika publikoak sustatuz». «Norabide horretan egiten dugun ekarpen partekatua da», berretsi du diputatu nagusiak, eta Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin izandako sute ikaragarriaren adibidea jarri du, «lankidetzan jarduteko» premiaren erakusgarri. «Lankidetza ez da bat-batean sortzen, aldez aurreko lana eta ondo ezarritako lan bideak eskatzen ditu. Kasu honetan, larrialdien esparruan egiten ari garen lan partekatua oso lagungarria izan zen», adierazi du.

Diputatu nagusiak gogorarazi duenez, mugaz gaindiko ikuspegia duten proiektuak bereziki sustatuko ditu Europar Batasunak, Next Generation funtsen testuinguruan. Hortaz, partekatutako lan ildoak aukera bat dira ikuspegi horretatik ere. Aipatu duenez, beraz, “etorkizuneko hainbat desafio” modu partekatuan aurre egitea da helburua, zahartzaro osasuntsura bideratutako berrikuntza, gizarte ekintza eta inklusioa eta lankidetzazko gobernantza, kasu.

Departamentuaren eta kontseiluaren lankidetza bi erakundeentzat interesgarriak diren eskumen komunetan oinarrituko da. Eskumen horiek gizarte politiketan, elkarlaneko gobernantzan, berdintasunean, mugikortasunean, lurralde antolamenduan eta ingurumenean oinarrituko dira.

Hitzarmenean aurreikusitako lan ildoen artean, diputatu nagusiak «berebiziko garrantzia» duten «bi helburu» azpimarratu ditu: «gizarte kohesioa indartzea» eta «gobernantza berria». Lehenengo eremuan, hitzarmenak hainbat jarduketa bateratu aurreikusten ditu haurrak babesteko, kolektibo ahulenen gizarteratzeko eta zahartzaroaren alorrean berrikuntza sustatzeko, besteak beste; bigarrenean, berriz, «mugaz gaindiko partaidetzazko aurrekontuak» jarriko dira abian, eta ekimen hori «izugarri berritzailea» dela esan du. «Bi erakundeen artean lankidetzan jarduteaz gain, partaidetzazko aurrekontu horien bitartez, aukera ematen dugu herritarrek zuzenean parte hartu ahal izan dezaten bi lurraldeen arteko lankidetza esparru horretan», azaldu du diputatu nagusiak.

  

2727