Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoak gainditu egin du Europak 2025erako ezarritako % 55eko birziklapen helburua

Gipuzkoak gainditu egin du Europak 2025erako ezarritako % 55eko birziklapen helburua

Gaikako bilketaren tasa %57,97 da, 0,83 puntu igo da 2019 urtearekin alderatuta, errefusa baino ia 16 puntu gehiago.

2021/04/09

Jose Ignacio Asensio: “Covid garaian Gipuzkoan eman den hondakinen kudeaketa arrakastatsua izan da, herritarren portaera bikainari eta Zubietako gaikako bilketarako eta hondakinak tratatzeko azpiegiturei esker” «Gipuzkoa Europako herrialde aurreratuenen parean jarri da hondakinen kudeaketari, berrerabilpenari eta birziklapenari dagokienez».

 

Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu Jose Ignacio Asensiok hiri hondakinen gaikako bilketa eta birziklapenari buruzko 2020ko datuak jakinarazi ditu, eta COVID-19aren pandemiaren ondoriozko muga eta betebehar bereziek baldintzatutako urtea izan dela gogorarazi du. Foru arduradunak adierazi duenez, pandemiak markatutako garai atipiko honetan ere, «hondakinen Gipuzkoako eredua sendotu egin da; izan ere, birziklatze tasa bost urtez aurreratu da Europak ezarritako helburuetara».

 

Hauek dira ondorio nagusiak: 2020ko birziklatze tasa % 55,24koa da; beraz, bost urte lehenago gainditu da Europak 2025erako ezarritako %55eko helburua. 2019 urtearekin alderatuta 1.98 puntuko igoera eman da, eta 2015-2019 aldiko joera berresten da: izan ere, tarte horretan birziklatze tasa 12,98 puntu igo da (duela bost urte % 42,26koa zen).

 

Bestalde, nabarmentzekoa da bosgarren urtez jarraian gaikako bilketa errefusa baino handiagoa dela tonatan eta ehunekotan. Gaikako bilketaren tasa % 57,96an kokatu da, errefusaren ehunekoa baino 16 puntu gorago, eta aurreko urteko tasa baino zertxobait gorago, 0.83 puntu. Igoera hau garrantzitsua da, izan ere pandemiaren ondorioz osasun eskakizun bereziak egin zaizkie COVID-19aren kasu positiboak dituzten etxebizitza unitateei. 

 

Asensiok oso modu positiboan baloratu ditu datuak, erakusten baitute «aukeratu dugun eredua egokia dela gure lurraldean sortzen diren hondakinak tratatzeko». Ingurumen Gunearen azpiegiturarik gabe, Gipuzkoak ez zukeen izango hondakinak tratatzeko eta Trantsizio Ekologikoko Ministerioak eta osasun agintariek emandako jarraibideak betetzeko modurik».

 

Hondakinen gaikako bilketan, nabarmentzekoa da gora egin duela pandemiak sortutako egoera eta guzti; izan ere, 0,83 puntu igo da 2019. urtearekin alderatuta, eta % 57,96an geratu da.  Azken hamar urteak kontutan izaten baditugu, gaikako bilketa 26 puntutan igo da. 

 

Frakzioen araberako gaikako bilketa

 

Frakzioak kontuan hartuta, gaikako bilketa-tasaren hazkunderik esanguratsuenak biohondakinean gertatu dira; 2019. urtearekin alderatuta, 2,06 puntu igo da, eta % 49,56ra iritsi da. Nabarmentzekoa da, halaber, 2015-2020 aldian izan duen hazkundea, 20,05 puntutakoa izan baita.

 

Gainerako frakzioek jaitsiera txiki bat izan dute 2019. urtearekin alderatuta. Aldaketa horiek batez ere COVIDen pandemiak sortutako salbuespenezko aldiaren ondorio dira, zenbait portaeraren aldaketa ekarri baitu.

 

Beira frakzioaren birziklatze tasa 0,9 puntu jaitsi da 2019tik, eta % 79,6koa da. Aldiz, datuak 2015ekoekin alderatzen baditugu, 4,4 puntuko igoera argia izan da. Bestalde, paperaren eta kartoiaren frakzioak 0,17 puntuko jaitsiera txiki bat izan du 2019. urtearekin alderatuta, eta % 77,88an geratu da. 2015. urtearekin alderatuta, igoera 9,25 puntukoa izan da. Ontziei dagokionez, jaitsiera 0,42 puntukoa izan da, eta % 67,68ra iritsi da. Datuak 2015ekoekin alderatzen baditugu, ikusiko dugu 16,08 portzentaje puntukoa izan dela hazkundea.

 

Hondakinen sorreran jeitsiera

 

Gaikako bilketaren frakzioetan izandako joera aldaketa, pandemiak utzi digun  ondorio nagusietako batek eragin du: guztira hondakin gutxiago sortzea.

 

Guztira sortutako hondakinak %4,96 jaitsi dira 2020an, 331.153 tonatik 314.720 tonara. Biztanleko kiloei buruz hitz egiten badugu, 2019. urtearekin alderatuta,% 5,41eko aldea dago, 2019an biztanleko 447,13 kilo sortzetik 2020an biztanleko 422,93 kilo sortzera.

 

Errefusak  behera egiten jarraitzen du, aurreko urteetan bezala.  2019an 141.968 tonatik 132.315 tonara igaro da 2020an, aurreko urtean baino %6,80 gutxiago.

 

Beira da gehien jaitsi den frakzioa, ia %12, 2019arekin alderatuta, HORECA sektoreko krisiaren eta pandemiaren ondorioz aldi baterako jarduera-itxieren ondorioz. Papera eta kartoia, %7,77 jaitsi dira, eta ehungintza, berriz, %8,89 jaitsi da. Lan-jardueraren etenaldiak eraginda ere azaltzn dira jaitsiera horiek.

 

Ontzien kasuan, arrazoi berberengatik %6,14 jaitsi da, baina ontzi arinek hazkunde txiki bat izan dute, pandemia garaian herritarren portaerak aldatu direlako eta kutsatzeko beldurragatik erabili eta botatzeko ontziak gehiago erabili direlako.

 

Bestalde, nabarmentzekoa da sukaldeko olioaren igoera (%12 baino gehiago), HORECA sektorearen kontsumoa etxeko kontsumora aldatu baita. Bolumen handiko hondakinak ere %2 baino gehiago hazi dira, etxeko berrikuntzak direla eta. Azkenik, pandemiak ere eragin du etxeetan gailu elektroniko gehiago erabiltzeak, eta honek  pilen %10a gehitzea ekarri du.

 

Asensio foru diputatuak nabarmendu du, oro har, aurten urte ezberdina izan dela hondakinen sorrerari eta tratamenduari dagokienez, eta azpimarratu nahi izan du aldaketek zerikusia izan dutela herritarren portaera-aldaketekin eta bizi izandako ezohiko egoerarekin. “Covid garaian Gipuzkoan eman den hondakinen kudeaketa arrakastatsua izan da, herritarren portaera bikainari eta Zubietako gaikako bilketarako eta hondakinak tratatzeko azpiegiturei esker”.

 

Era berean, azpimarratu duenez, “datu horiek erakusten digute, beste behin ere, Gipuzkoa Europako herrialde aurreratuenen mailan dagoela hondakinak kudeatzeari, berrerabiltzeari eta birziklatzeari dagokienez; herritarren lan onari eta gaikako bilketarako eta hondakinak tratatzeko azpiegiturei esker”.

  

2252