Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoak hondakina baliabide bihurtzearen aldeko apustua egin du, enplegu berdea eta tokikoa sortuz

Gipuzkoak hondakina baliabide bihurtzearen aldeko apustua egin du, enplegu berdea eta tokikoa sortuz

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea azaroaren 21etik 29ra izango da.

2020/11/19

José Ignacio Asensio: “Ekonomia zirkularra aukera bat da klima-aldaketaren aurka borrokatzeko eta enplegu berdea eta tokikoa sortzeko; azken finean, guztion artean trantsizio bat egin dezakegu, gero eta beharrezkoagoa eta premiazkoagoa dena”.

 

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea azaroaren 21etik 29ra izango da, eta egun erabiltzen eta botatzen den ekonomia linealaren eredua, ekonomia zirkular bihurtzea du helburu.

 

Hainbat herrialdetako kultura-jantziak ehun-hondarretatik edo ehun-hondakinetatik abiatuta sortzeko proiektua; ekonomia zirkularreko eta birziklapeneko eskulturen erakusketa; hondakinak prebenitu eta murrizteko proposamenak biltzeko online lehiaketa; bizikleten bizitza erabilgarria luzatzeko tailerra; eta moda iraunkorreko desfilea, Ingurumeneko Departamentuak antolatutako ekintza nagusien artean.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak proposatu du azaroaren 21etik 29ra bitarteko astean gogoeta egitea hondakinak baliabide bihurtzeari buruz eta Gipuzkoarentzat prebentzio politikak eta ekonomia zirkularra bultzatzeak dakarren aukerari buruz. Esparru horretan, aurten ere Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea garatuko da. Oraingo honetan, COVID-19a dela eta bizi dugun egoera kontuan hartuta, formatua egokitu egingo da online lehiaketen, streaming bidezko sari-banaketen eta web bidez emango den moda iraunkorreko desfilearen bitartez.

 

Gaur goizean, José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak ekintzen-programa aurkeztu du, eta honako hau azpimarratu du: “Ezinbestekoa da egungo eredua ekonomia zirkular bihurtzea lurralde osoan, Gipuzkoa gai izan dadin eredu-aldaketa horrek berezko dituen gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-abantailez baliatzeko, eta, hala, Gipuzkoa %100 zirkular baterantz aurrera egiteko”. Europako Batzordearen ekimena da aste hau, eta baliabide jasangarriei buruzko sentsibilizazio-ekintzak sustatu eta ezartzea du helburu. Garrantzi berezia ematen zaie hondakinen sorrera prebenitzeko eta minimizatzeko ekintzei.

 

Programak ekintza hauek biltzen ditu: ehun-hondarretatik edo -hondakinetatik abiatuta hainbat herrialdetako kultura-jantziak sortzeko proiektua; ekonomia zirkularreko eta birziklapeneko eskulturen erakusketa; hondakinak prebenitu eta murrizteko proposamenak biltzeko on line lehiaketa; bizikleten bizitza erabilgarria luzatzeko tailerra; lehengai birziklatuekin lan egiten duten enpresen erakusketa, hondakinak erabilita zer produktu egin daitezkeen erakusteko herritarrei; enpresa laguntzaileak aintzatesteko ekitaldia, Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren “azken minutua” programan egindako lanagatik; sukaldaritza iraunkorreko jardunaldia Basque Culinary Centerren; eta moda-desfile iraunkorra Miramar Jauregian.

 

Gipuzkoaren kasuan, Ingurumeneko Departamentuak Prebentzioaren Astean Gipuzkoako herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko jarduera nagusietako bat du. Programatutako jarduera nagusiak sortutako hondakinak murriztea eta horietan dauden materialak bigarren erabilera emateko aprobetxatzea ahalbidetzen duten ekimenetan oinarritzen dira, ekonomia zirkularraren printzipioetan ezarritakoarekin bat etorriz. Helburua da ekonomia zirkularrerako trantsizioak dakarren garrantzia eta aukera herritarrei helaraztea, eta argi adieraztea herritarrek hondakinak gaika bilduz egiten duten ahaleginak zentzu argia duela: Hondakinak baliabide bihurtzea, ekonomia eta tokiko enplegua sortuz.

 

José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak azaldu duenez, ekonomia zirkularrari buruz ari garenean, hain zuzen ere, hondakinen hierarkiaren maila guztietan jarduteko beharrari buruz ari gara, “azken batean, hondakinak lehengaitzat hartuta, aukera berriak aprobetxatzeko gai izan behar gara, hondakin horiek sortzea eta xahutzea saihestuz, eta arazo bat aukera bihurtzeko gai izan behar gara”.


Era berean, Asensiok adierazi duenez, gaur egun bizi dugun osasun-krisia dela eta, ezinbestekoa da “klima-aldaketaren, energia-trantsizioaren eta ekonomia zirkularraren arloko politika eta ekintza guztiak bizkortzea, guztion artean normaltasun berri bat eraiki ahal izateko. Azken batean, gai izan behar dugu krisi honetatik erantzun berde batekin ateratzeko eta gure apustua hazkunde ekonomiko iraunkorreko estrategia berri bat izatea da”.

 

Asensiok ziurtatu du Astearen helburua dela Gipuzkoan hondakinen prebentzioan, berrerabileran eta birziklapenean oinarritutako gizartea eraikitzeko dagoen gizarte-kontzientzia handia indartzea eta sendotzea. Herritar guztiak gonbidatu ditu bere programan aurreikusitako sentsibilizazio jardueretan parte hartzera.

  

2091