Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoak Ignaziotar Lurraldea sustatzeko tresna digital murgiltzaile berria aurkeztu du

Gipuzkoak Ignaziotar Lurraldea sustatzeko tresna digital murgiltzaile berria aurkeztu du

"Ignaziotar Lurraldea 360" izenarekin, online tresna honek ondare osoa erakusten du bereizmen handiko irudiekin ikus-entzunezko esperientzia oso batean.

2022/06/03
Nagore Alkorta, Iker Goiria eta Ignacio Echarte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaritzak, Iraurgi Berritzen garapen-agentziarekin laguntzarekin, “Ignaziotar Lurraldea 360” aurkeztu du gaur, Ignaziotar Lurraldea sustatzeko tresna digital berria, Loiolako San Inazioren konbertsioaren V. mendeurrenaren ospakizunaren testuinguruan. Bereizmen handiko argazkien bidez eta erabilgarritasun erraz eta irisgarriarekin, bere ondare-balio nagusietan nabigatzeko aukera eskaintzen du tresnak: Zumarragako Antigua, Arantzazuko Santutegia Oñatin eta Loiolako Santutegia Azpeitian.

Iker Goiria Turismo zuzendariak nabarmendu duenez, proiektu hau “gure estrategiaren hiru lan-ildo garrantzitsuenen aldeko apustuaren adibide garbia da: eskualdeen eta administrazioaren arteko lankidetza, turismo-eskaintzaren eraldaketa digitala eta, azkenik, bisitari-fluxuen banaketa lurralde osoan. Gainera, tresna honek Gipuzkoan dugun ondare historiko eta kultural handiaren balioa nabarmentzen du. Plano turistikoa gainditzen duen zerbait da, eta gure balioak eta historia munduari aurkezten dizkio", gaineratu du. Azkenik, nabarmendu nahi izan du “turismo irisgarriaren arloan egiten ari garen lana ere indartzen duela, hainbat arrazoirengatik haraino iritsi ezin den edonork ondare hori bereizmen handian gozatzeko gaitasuna izan dezan”.

Bestalde, Nagore Alkorta Iraurgi-Berritzeneko presidente eta Azpeitiko alkateak adierazi duenez, “Gipuzkoa Turismoaren estrategiarekin erabat bat gatoz eta turismo iraunkorrarekin konprometituta gaude. Une egokia zen kontsumo digitalaren ohitura berrietara egokitzeko eta, horrela, publiko berriak lortu ahal izateko. Eta proiektu honek kultura, ondarea, natura eta nortasuna batzen ditu, euskararekin batera lurralde gisa irudikatzen gaituena”. Halaber, tresnaren “izaera atenporala” nabarmendu nahi izan du: “Gure ekarpena da Inaziotar Urtea bezalako ospakizunetarako, baina bere bokazioa ospakizunen esparrua gainditzea, haztea eta denboran irautea da”. Azkenik, Urola Garaia eta Debagoiena eskualdeen, Jesusen Lagundiaren eta Foru Aldundiaren laguntza eskertu du.

Ignacio Echartek, Loiolako Santutegiko ordezkari gorenak, bereziki azpimarratu du “gaur egun San Ignazio Loiolakoak duen erakarpen-indar handia, mundu osoko pertsona eta erreferentziazko taldeak erakarriz historia gertutik ezagutzeko. Ospakizun berezi honen barruan, Ignaziotar Lurraren inguruko esperientzia berri batera hurbiltzeko unea da, eta berriro ere, hurbildu nahi duten pertsona guztientzako topagune bihurtzeko unea”.

Ezaugarriak

“Ignaziotar Lurraldea 360” Gipuzkoako ‘Emovere’ enpresak garatu du. Uxue Montero fundatzailearen hitzetan, “zortzi hilabeteko lanean 16.600 argazki atera ditugu bereizmen handian, 172 kilometro koadroko eremua hartzen duen kultura-ibilbide batean 5 gune digitalizatzeko, punta-puntako teknologia erabiliz ondare-baliabide horiek zehaztasun handiz irudikatzeko”. Monterok nabarmendu du ahalegin handia egin dela horren erabilera “erraza eta intuitiboa” izan dadin, eta informazio asko biltzen dela: “Kokapen bakoitzak obrak, historia eta, batzuetan, musika-emanaldiak azaltzen dituzten testuak ditu”.

Tresna 4 hizkuntzatan dago eskuragarri (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez), eta azalpen guztiak hizkuntza horietan eta zeinu-mintzairan daude. Erabili ahal izateko, www.tierraignaciana360.com webgunean sartu besterik ez dago edozein ordenagailu edo gailu mugikorretik.

  

2416