Gipuzkoak lurraldeko ekonomia deskarbonizatzeko bere Ekintza Plana aurkeztu du
Gipuzkoak lurraldeko ekonomia deskarbonizatzeko bere Ekintza Plana aurkeztu du
Udako ikastaroak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak antolatuak, lurraldearen erronka nagusiak aztertu ditu, eredu ekonomiko jasangarri eta deskarbonizatu berri baterantz aurrera egiteko bidean. Mónica Pedreira: “Industriaren deskarbonizazioa tresna efikaz bat da merkatuen ziurgabetasunari aurre egiteko”.
“Klima aldaketa eta deskarbonizazioa” izeneko ikastaroak ireki du gaur bigarren eta azken jardunaldia, lurraldeko ekonomia 2050. urtearen aurretik deskarbonizatzeko Ekintza Plana aurkeztuta, zeinaren diseinuak eta prestaketak bere bigarren fasea gainditu baitute. Ingurumeneko zuzendariak emandako hitzaldiak nabarmendu du ekonomia deskarbonizatzeari ekin beharra dagoela, helburu hauek lortzeko tresna gisa: merkatuen ziurgabetasunari aurre egitea; energiaren eta lehengaien mendekotasuna murriztea, industria efizienteago batekin; eta klima-neutraltasuna lortzea, baliabide naturalen eta energiaren kontsumo txikiago bati esker.
Baliabideen eta energiaren erabilera txikiago bat giltzarria da CO2 emisioak gutxiagotzeko, eta leihakortasun faktore bat da gure enpresentzat. 2005 –erreferentziazko urtea– eta 2018 artean, Gipuzkoako emisioak % 24,5 murriztu dira, eta emisio horietan ekarpenik handiena egin duten sektoreak hauek dira: garraioa (% 41), energia (% 26,) eta industria (% 18). Nabarmentzekoa da industria-sektoreak lortutako murrizketa, % 30,9koa izan baita 2005. urtearekin alderatuta, eta batez ere metalurgia-ekoizpen txikiagoaren ondorio da. Bizitegi-sektoreak kontrako aldea du, % 14 gehitu baititu bere emisioak denbora-tarte berean. Azken energia-kontsumoari dagokionez, industria-sektoreak lortu ditu, orobat, murrizketarik handienak (% 46,10); garraioak, berriz, igoera handienak izan ditu (% 27,3); eta energiak, azkenik, % 25 inguru jaitsi ditu 2010 eta 2021 artean.
Gipuzkoako ekonomia deskarbonizatzeko Ekintza Planak helburu hauek ezartzen ditu: Parisko Gailurreko akordioak betetzea, karbonoan neutroa den ekonomia bateranzko trantsizioa planifikatzea, eta trantsizio energetikoari lotutako aukerak aprobetxatzeko jarduketa-ildoak aurreikustea. Planak bultzatu nahi dituen jarduketa eta proiektuen artean, hauek daude: energia-komunitateak eta -kooperatibak; berrerabilpenaren eta birziklapenaren industria sustatzea zenbait proiekturekin, hala nola Zubietako BPZ Berrerabilera Prestatzeko Zentroa eta Zumarragako plastiko jasangarriaren poloa; klima-aldaketaren inpaktuen etengabeko monitorizazioa; karbono aztarna neurtzea; tokiko mekanismoak sortzea, lurraldeko emisioak konpentsatzeko; garraio publikoa elektrifikatzea; eta hidrogenoaren aukera sustatzea garraio astunerako.
Plana lurraldeko ekonomia- eta industria-ehunarekin batera diseinatzen ari da, eta enpresei laguntzeko bokazioarekin sortzen da, erabakiak hartzeko beharrezko informazioa eta tresnak eskainiz. Plana, zeina gaur egun lehen fasea garatzen ari baita, egoeraren diagnostiko batekin hasi da, ibilbide orri bat eta proiektu pilotuak definitzeko, proposatutako neurriak probatzea ahalbidetuko dutenak eta ondoren errepikatzeko modukoak izango direnak. Era berean, definituko dira industria deskarbonizatzeko gida bat eta enpresei laguntzeko ibilbide bat.
Jarraian, “Mugikortasun jasangarria, deskarbonizazioa lideratuz” izeneko mahai ingurua egin da, non esku hartu duen Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatu Rafaela Romerok, zeinak defendatu baitu mugikortasuna doala ordezkatzen duen jarduera ekonomikotik harago: “eskubide bat da, eta gure helburua da pertsona guztien sarbidea bermatzea, batez ere zaurgarrienena, ekitate tresna batzuen bidez, hala nola Mugi txartela”. Orobat esku hartu dute mahai inguruan Isidoro Cirionek (Tecnalia), Ruth Arreguik (CAF) eta César Gimenok (GHK), eta zenbait gai aztertu dira, hala nola mugikortasun berriaren gako teknologikoak, eta zer-nolako eragina daukan jasangarritasunak sektoreko enpresen lehiakortasunean eta merkatuan duen kokapenean.
Eguneko bigarren hitzaldia Victor Viñuales jaunak eman du, zeina baita Ekonomia eta Garapena Fundazioko zuzendari exekutiboa, Munduko Itunaren Espainiako Sareko lehendakariordea, eta jasangarritasunaren arloan nazioartean aitortutako aditu bat. Viñualesek hitzaldi hau eman du: “Arrakastaren 10 gakoak 0 emisioko lasterketan”.
Ikastaroa amaitzeko, energia-komunitateei buruzko mahai inguru bat izan da, non esku hartu duten Ingurumeneko zuzendari Mónica Pedreirak, Zumarragako alkate Mikel Serranok, Urberoako zuzendari Mertxe Eizmendik, eta Victor Viñualesek. Mahai inguruak nabarmendu du zenbaterainoko ekarpena egiten dioten komunitateek autokontsumoa eta energia berriztagarrien erabilera herritarren artean sustatzeko behar den kultura-aldaketari. Ingurumeneko Departamentuak iragarri du 2023an Gipuzkoak 30 udalerri izango dituela energia-komunitateekin, eta 2030ean lurralde osoan egongo direla presente. Bestalde, Urberoak eta Zumarragak beren esperientzia eta abantaila inplizituak ezagutarazi dituzte, hasi faktura elektrikoan % 25-30 aurreztetik eta hornidura eta zerbitzu pertsonalizatu bateraino, komunitateko bazkideen beharretara egokituta.
2297