Gipuzkoak nazioarteko aditu eta sareekin konpartituko du Gobernu Irekiaren eta Garapen Jasangarriaren alde egin duen apustua
Gipuzkoak nazioarteko aditu eta sareekin konpartituko du Gobernu Irekiaren eta Garapen Jasangarriaren alde egin duen apustua
Gipuzkoak nazioarteko aditu eta sareekin konpartituko du Gobernu Irekiaren eta Garapen Jasangarriaren alde egin duen apustua
170 lagunetik gora elkartu dira Tabakaleran gaur hasi den Kongresuari hasiera emateko; gizartearekin elkarlanean sakontzeko apustua berretsi du Markel Olanok, etorkizunari erantzuteko
Gaurtik hasita eta bihar arte, ‘Etorkizuna Eraikiz Open minded governance for your future’ kongresua egingo da Donostian, Garapen Jasangarriko Helburuak xede dituen gobernantza kolaboratiboari buruz. Foru Aldundiak antolatu du, Open Government Partnership nazioarteko sarearekin lankidetzan. Izan ere, foru erakundea sare horretako kide da, gobernu irekiaren alde lan egiten duten 75 herrialdetako gobernu eta elkarteekin batera. Mundu osoko tokiko gobernuak ordezkatzen dituen CGLU sareak ere parte hartu du antolaketan. Kongresuan gobernu onaren esparru desberdinetan jarduten diren lehen mailako aditu internazionalek parte hartuko dute, eta EAEko nahiz nazioarteko administrazio publikoetatik sustatzen ari diren gobernantza eredu berrien inguruan jardungo dira. Horrela, gure lurraldean egon diren esperientzien berri emango da, eta, aldi berean, nazioarteko jardunbide onenak ezagutuko dira.
Goizean eman zaio hasiera lehen jardunaldiari, Tabakaleran. 170 parte-hartzaile baino gehiagorekin, Markel Olano diputatu nagusiak, eta Carlos Marinez CGLUko lehendakariordeak egin dituzte irekiera hitzaldiak. Diputatu Nagusiaren arabera, herritarren eta erakunde publikoen artean dagoen “urruntasunaren” aurrean, ez dute balio “ez hipersinplifikazoak, ez antzerki-politikak, ez populismoak, eta ezta besoak gurutzatuta geldituta ere. Arduraz jokatzea eta politika hizki larriz egitea da aukera bakarra, gizartearekin elkarlanean arituz, eta demokrazian sakonduz”.
Azpimarratu duenez, Gipuzkoa “gobernantza berriaren alde” egiten ari den apustua, “guztiz lerrokatuta” dago herrialde aurreratuenetako demokraziak egiten ari direnarekin, eta baita NBEk 2030 urterako ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuekin ere. “Agenda politiko berri baten aurrean gaude mundu mailan, eta agenda berri horretan funtsezkoak dira desberdintasunak murriztea, kalitatezko enplegua sortzea, jasangarritasuna eta gobernatzeko moduak eraldatzea. Gure lurraldeak bere egin ditu helburu horiek, eta bide onetik doa. Kongresu honek aukera emango digu jardun hori partekatzeko, praktika arrakastatsuak ezagutzeko, eta bultzada berri bat emateko ateratako ondorioekin”.
Olanoren esanetan, une honetan, “Europako eta munduko leku askotan, baita Espainia mailan ere, muturreko mugimenduek eta populismoek gizarte loturak eta demokrazia ahultzeko mehatxu handia dakarte, beldurraren eta konfrontazioaren bidez. Gipuzkoak, ordea, ez ditu onartzen bere gizartea eta demokrazia ahuldu, edo lortutako aurrerapen sozialak arriskuan jarriko dituzten jarrerarik. Gizarte sendoa eta dinamikoa nahi du Gipuzkoak, horrelako korronteek kutsatuko ez dutena. Aurrera egiten jarraitu nahi du, lurralde proiektu egonkorrago, kohesionatuago, demokratikoago, irekiago eta parte-hartzaileago baterantz. Horretarako, erakundeen eta gizartearen arteko urruntasuna gainditu behar dugu, eta hori gobernantza eredu berriekin baino ezin da lortu”.
Diputatu Nagusiak ziurtatu duenez, Aldundiak “ekintzekin” bete du herritarrei emandako hitza, baita esparru horretan ere. Legealdi honetan hartutako neurrien artean, hauexek aipatu ditu: kode etikoen onarpena, kargu eta enplegatu publikoentzat, diru laguntzak jasotzen dituzten elkarteentzat, eta Aldundiaren enpresa esleipendunentzat derrigor bete beharrezkoak; Kudeaketa Plan Estrategikoa, mekanismo eta adierazle zehatzak jasotzen dituena herritarrek “hartu ditugun konpromisoak zein neurritan bete ditugun” ebaluatzeko; Gobernu Oneko Foru Araua, lehen aldiz isunak ezartzen dituena goi karguentzat publizitate aktiboari eta informazio eskubideari lotutako betebeharrak betetzen ez badituzte, datuen irekiera arautzeaz gain; edota Herritarren Partaidetzako Foru Arau Berria, partaidetza zuzeneko mekanismoetan sakontzen duena, deliberazio parte-hartzaileko prozesuak eta herri galdeketak, adibidez.
Edozein kasutan, Etorkizuna Eraikizen eskutik politika publikoen sorkuntza partekaturako egindako ahalegina goraipatu du. “Gure gizarteak eraldaketa sakonak ari dira pairatzen. Mundua ere nabarmen ari da aldatzen. Erronka berriak datoz: zahartzea, desberdinkeriei aurre egitea, industriaren aldaketa edo aldaketa klimatikoa, eta ez dago errezeta magikorik edo lasterbiderik. Etorkizuna Eraikiz da gobernantza errotik aldatzeko daukagun tresna; ez bakarrik entzute aktiborako, baita elkarlaneko mekanismoak finkatzeko ere, denoi eragiten diguten erronka horiei erantzunik onena eman ahal izateko”, amaitu du.
Carlos Martinezek adierazitakoaren arabera, berriz, NBEren nazioarteko agenda global berriak “bide orria eta tresnak” finkatzen ditu “gizarte justuago bat eraikitzeko. Asmo handiko apustua da, eta aukera berri bat ematen digu berdintasunean eta gizarte arretan oinarritutako gizarte globala erdiesteko. Agenda horrek, aldi berean, hainat agenda dauzka barruan: garapenekoak, lankidetzakoak, lurralde antolaketakoak, baloreena, klima aldaketaren eta despoblazioaren aurkako borrokakoak…”. Haren ustetan, beharrezkoa da “ekintza politikoaren mamia eraldatzea, pertsonal erdigunean jarriz”, eta harreman dinamikak aldatuz “bai herritarrekin, baina baita erakundeen artean ere”. “GJHak gauzatzeko erronka ez da erraza izango, baina denok gaude deituta. Kudeaketa publikoaren mamia eta forma aldatzeko konpromisoa eskatzen du, bai. Baina baita herritarren formakuntza eta kontzientzia ere, bere arlo pertsonalean ere. Mundua aldatzeaz ari bagara, munduaren aurrean posizionatzeko modua, eta balioen agenda ere aldatu beharra dago”, amaitu du.
Kongresuan sei lan mahai egongo dira, honako gaiak ardatz edukiko dituztenak: gobernantza kolaboratiboa, etika instituzionala, plangintza, ebaluazioa eta kontu ematea, gardentasuna, partaidetza, eta GJHen artikulazioa gobernu ekintzan. Daniel Innerarity, Manuel Villoria, Cristina Monge, Juana López edo Arantxa Mendiharat bezalako adituek gidatuko dituzte mahaiak.
Gobernantza Onaren inguruan esperientzia aurreratuak gauzatu dituzten hainbat nazioarteko eragilek parte hartuko dute mahai horietan: Eskoziakoak, Suitzakoak, Argentinakoak, Ekuadorrekoak, Bartzelonakoak… Gure lurraldean ere praktika arrakastatsuak garatu dituzten udalekin, Errenteria, Legazpi, Arrasate, Eibar edo Donostiarekin, esaterako, partekatuko dute beraien lana. Hala, Julen Mendoza, Koldobike Olabide eta Maria Ubarretxena alkateek gobernantza kolaboratiboko, etika instituzionaleko edo herritarren partaidetzako ekimenak azalduko dituzte. Halaber, Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak, Aldundiaren gobernu irekiko egitasmoen berri emango du. Bihar, asteartea, Etorkizuna Eraikiz Gunean jarraituko du Kongresuak: CGLUren Gardentasuneko eta Gobernu irekiko praktika komunitateak –Aldundiaren lidergoarekin- eta Eskualdeen Foroak bilera irekia egingo dute.1514