Gipuzkoak Senegaleko ordezkaritza bat hartu du hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako eredua ezagutzeko
Gipuzkoak Senegaleko ordezkaritza bat hartu du hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako eredua ezagutzeko
Asensio bigarren diputatu nagusiordeak eta Millan Kultura eta Lankidetzako diputatuak Senegaleko ordezkaritza sozial bat jaso dute.
José Ignacio Asensio: “Garrantzitsua da Gipuzkoarentzat gure hondakinak modu seguru, moderno eta iraunkorrean kudeatzeko azpiegiturak izatea”.
Harkaitz Millan: “Garapen bidean dauden komunitateetan gizarte, kultura eta ingurumen garapena babestea funtsezkoa da Gipuzkoaren ikuspegi plurala eta soziala izateko”.
José Ignacio Asensio bigarren diputatu nagusiordeak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak, Harkaitz Millan Kultura eta Lankidetzako diputatuak eta Fernando San Martín Gipuzkoako Foru Aldundiko Nazioarteko Lankidetzarako zuzendariak, Senegaleko ordezkaritza bat hartu dute gaur. Hain zuzen, "Hahatay son risas de Gandiol" GKEko ordezkariak. Irabazi-asmorik gabeko elkarte horrek Senegalen eta Espainiaren arteko garapenerako lankidetzan dihardu. Hahatayko garapen kultural eta komunitarioko proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak ondo ezagutzen duen proiektua da, Kultura eta Nazioarteko Lankidetza zuzendaritzak babestu eta finantzatzen baitu. Hondakinen tratamenduaren arazoa lehentasun bihurtu da, Gandiolen bizi diren pertsonen bizi-kalitateari, ingurumenari eta osasunari eragiten baitie. Horregatik du lehentasuna hondakinak kudeatzeko sistema bat abian jartzeak, osasuna eta ingurumena zaintzeko.
Asensiok Gipuzkoako hiri-hondakinen kudeaketa eredua ezagutarazi du eta, azkenik, Gipuzkoako Ingurumen Guneko instalazioak bisitatu dituzte, bertatik bertara ezagutuz. Bigarren diputatu nagusiordeak adierazi du, halaber, garrantzitsua dela Gipuzkoarentzat bere hondakinak modu seguru, moderno eta iraunkorrean kudeatzeko azpiegiturak izatea.
Bestalde, Harkaitz Millanek adierazi duenez, “Bestalde, Harkaitz Millanek adierazi duenez, “kasu honetan, garapen bidean dauden komunitate eta herrien garapena, ingurumenekoa, soziala eta kulturala, gizarte-aldaketaren eragile indartsua da. Tokiko proiektu txikiek aldaketa sozial handiak bultzatzen dituzte”.
Gandiol Senegaleko ipar-mendebaldeko herri txiki bat da, 29 herrixkaz osatua. Senegalgo landa-komunitate handienetako bat da, 22.119 biztanle baititu (% 55 emakumeak), baina premia handiena duen komunitateetako bat ere bada, kokapen geografikoagatik eta, ondorioz, Senegal ibaiaren deltak herrixkaren bizia mehatxatzen duelako. Gandiolen nabarmentzen den beste ingurumen-arazo larri bat zabor ugaria da, bereziki plastikoak, hondakinak kudeatzeko inolako azpiegiturarik ez dagoelako eta horri buruzko programa publikorik ez dagoelako.
2015. urteaz geroztik, bi lege daude Senegalen, plastikoaren eta haren deribatuen erabilera arautzen eta debekatzen dutenak, baina oso gutxi aplikatzen dira, herrialdearen errealitate ekonomikoagatik, hiri-hondakinen kudeaketarik ezagatik eta landa-eremuetan zabortegi inprobisatu asko daudelako. Horrela, herritarrentzako eta naturarentzako arazo-iturri dira hondakinak. Duela hamarkada batzuetatik hona, egoera horrek osasun-arazo handiak sortzen ditu biztanlerian, gaixotasun ikusgarriak eta ikusezinak, eta mehatxu handia da ingurunearentzat, faunarentzat eta florarentzat. Atmosferaren eta uraren kutsadura eragiten du, eta gizarte-arazoak ere bai, hala nola biztanleriaren joan-etorriak. Gainera, etorkizunean Gandiolerako ingurumen-mehatxu berriak sumatzen dira, Mauritaniarekiko mugan petrolioa aurkitu baita.
Ingurumen-kalteberatasuneko testuinguru horretan, proiektuaren helburua da hondakinen kudeaketa jasangarrirako sistema berritzaile eta parte-hartzaile bat ezartzea. Horrela, plastikoak birziklatzeko eta eraldatzeko sistema hobetu nahi dute, komunitateak hondakinak balioztatzeko, maneiatzeko eta kudeatzeko duen gaitasuna indartu, eta osasun-zentroan hondakinak kudeatzeko sistema bat diseinatu eta abian jarri.
1667