Gipuzkoak ukrainar adingabeentzako udalekuak gaitu ditu
Gipuzkoak ukrainar adingabeentzako udalekuak gaitu ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak eta Ukraina-Euskadi Elkarteak ukrainar adingabeentzako udalekuak aurkeztu dituzte.
Donostiako Rodovid zentroan eta Orioko Txurruka aterpetxean burutuko dira uztaila eta abuztuan zehar.
Ekimen horren helburua da Gipuzkoan bizi diren emakume eta adingabe ukrainarren ongizatea eta integrazioa hobetzea.
Harkaitz Millan Kultura eta Gazteriako diputatuak, Isaac Palencia Gazteriako zuzendariak eta Ukraina-Euskadi Elkarteko Natalia Mykhaylevskak eta Lyudmyla Fialkovskak ukrainar adingabeentzako udalekuak aurkeztu dituzte, Donostiako Rodovid zentroan eta Orioko Txurruka aterpetxean, uztailean eta abuztuan, egingo direnak.
Ekimen horren helburu nagusia da Gipuzkoan bizi diren emakume eta adingabe ukrainarren ongizatea eta integrazioa hobetzea. Horretarako, eguneko udalekua irekiko da Rodovid zentro ukrainarrean, uztailean eta abuztuan (Donostiako Herrera pasealekua). Udaleku horretan, 5 eta 14 urte bitarteko 50 haurrek hartuko dute parte. Eguneko udalekua izango da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 16:00etara. Era berean, 14 eguneko murgiltze-udaleku bat antolatu da Orioko Txurruka aterpetxean, abuztuaren 1etik 14ra. Udaleku horretan, 8 eta 14 urte bitarteko 50 haurrek hartuko dute parte.
Gai honi dagokionez, Harkaitz Millan Kultura eta Gazteriako diputatuak adierazi du oso garrantzitsua dela haur errefuxiatuek, udan, euskal gizartean integratzen jarraitzea, beren adineko eta egungo inguruneko beste haur batzuekin sozializatzen jarraitzeko, eta, aldi berean, gaur egun bizi diren lekua, natura eta espazio historiko eta kulturalak gehiago ezagutzea.
Azken buletineko datuen arabera, 3.219 ukrainarrek eskatu dute Euskadin nazioarteko aldi baterako babesa. Horrela, 3.219 pertsona horietatik 1.283k nazioarteko babesa eskatu dute Gipuzkoako lurraldean. Eta 1.283 pertsona horietatik, 527 adingabeak dira eta 607 emakumeak. Horrek adierazten du Gipuzkoan aldi baterako babesa bilatzen duten pertsonen % 60 emakumeak direla, eta emakume horien ardurapean, batez beste, adingabe bat dagoela.
Ukrainako emakume errefuxiatu batzuk lan munduan sartzeko edo beharrezko lan-prestakuntza lortzeko lehen urratsak egiten ari dira. Ama horientzat sortzen den arazoa da ikasturtea amaitzear dagoela, eta ez dutela norekin utzi seme-alabak. Gai horri irtenbidea emateko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria Departamentuak eta Ukraina-Euskadi Elkarteak proiektu hau garatu dute, aipatutako beharrei erantzun eta emakume horiei zenbait espazio eskaintzeko, hala nola udalekuak, beren seme-alabak eraman ahal izateko, eta, ondorioz, prestakuntza edo lan jarduera mota desberdinetan parte hartu ahal izateko.
3127