Gipuzkoak urrats berria eman du Gizarte Inklusiorako Batzorde Egonkorra eratut
Gipuzkoak urrats berria eman du Gizarte Inklusiorako Batzorde Egonkorra eratut
Batzorde honen helburua izango da erakundeen arteko lankidetza sustatzea eta gipuzkoarren beharretara egokitutako diagnostiko eta konpromiso zehatzak garatzea.
Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Mahaia gaur elkartu da, eta bertan, Gizarte Inklusiorako Batzorde egonkorraren sorrera onartu da. Batzorde honen helburua izango da erakundeen arteko lankidetza sustatzea eta lurraldean gizarteratze-zerbitzuak indartuko dituzten konponbideetan aurrera egitea.
Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatuak mahai gainean jarri du Gipuzkoan gizarte-bazterkeriari aurre egiteko zerbitzuak berrantolatzearen eta indartzearen garrantzia. Organo berri honen helburua diagnostiko zehatzak, konpromiso zehatzak eta gipuzkoarren beharretara egokitutako proposamenak garatzea izango da.
"Ezinbestekoa da lurralde-ikuspegi koordinatutik lan egitea, egungo gizarte-premiei erantzun eraginkorrak emateko. Batzorde hori funtsezkoa izango da erakundeek eta hirugarren sektoreak Gipuzkoa inklusiboago baten alde egiten duten ahalegina lerrokatzeko eta bateratzeko", nabarmendu du Maite Peñak. Era berean, datorren urtean emaitza neurgarriak eta eraginkorrak lortzera bideratutako plangintza diseinatzea helburu izango dutela adierazi du.
Batzordearen helburuak eta funtzionamendua
Gizarte Inklusiorako Batzorde Egonkorraren helburu nagusia izango da gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonentzako zerbitzuen egoera aztertzea eta neurri zuzentzaileak proposatzea Udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean.
Batzordea hainbat udalerritako ordezkari politiko eta teknikoek eta hirugarren sektoreko eragileek osatuko dute. Lan-egitura aldizkako bileretan oinarrituko da, eta urtean lau bilera egingo dira. Lehenengoa politikoa eta teknikoa izango da, eta, ondoren, hiru bilera tekniko antolatuko dira. Dinamika horri esker, lan-lehentasunak zehaztu eta lortutako aurrerapenak ebaluatu ahal izango dira.
Gainera, idazkari tekniko bat egongo da bilerak koordinatzeko. Eginkizun horrek barne hartzen ditu bileren koordinazioa, dokumentazioaren bilketa eta proposatutako ekintzen jarraipen teknikoa, lan zorrotza eta lerrokatua bermatuz. Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuko Gizarteratzeko Zuzendaritza Nagusiak gidatuko du aurrerapen hori, lurraldeko gizarte-politikekiko koherentzia bermatuz.
Gipuzkoa inklusiboago baten alde elkarrekin egindako ahalegina
Batzorde honen sorrerak indartu egiten du Gipuzkoak gizarteratzearekin eta pertsona ahulenei zuzendutako zerbitzuak hobetzearekin Aldundiak duen konpromisoa. Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaiak lankidetza-eredu baten aldeko apustua egin du, non politika publikoak eta hirugarren sektorea bat datozen lurralde bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzeko.
663