Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako Aldundiak tokiko eragile eta nazioarteko adituekin kontrastatuko du bultzatzen ari den gobernantza eredu berria

Gipuzkoako Aldundiak tokiko eragile eta nazioarteko adituekin kontrastatuko du bultzatzen ari den gobernantza eredu berria

Foru erakundeak “Gobernantza ireki eta parte hartzailea. Gobernantza ereduak, joerak eta esperientziak” ikastaroa antolatu du irailaren 1 eta 2rako

Gipuzkoako Foru Aldundiak ezartzen ari den gobernantza eredu berriaren eraginkortasun eta balioari buruzko kontraste ariketa egingo du tokiko eragile eta nazioarteko adituekin EHUko uda ikastaroen baitan, ekarpenak jaso eta munduko esperientzia aurreratuenetatik ikasteko asmoz. Gaur aurkeztu den eta irailaren 1 eta 2an burutuko den “Gobernantza ireki eta parte hartzailea. Gobernantza ereduak, joerak eta esperientziak” ikastaroa izango da honetarako agertokia.

Ikastaroaren zuzendari diren Xabier Barandiaran eta Mikel Díez hedabideen aurrean agertu dira goizean, Carmen Agoues EHUko uda ikastaroetako zuzendariarekin batera, kurtsoaren edukiaren berri emateko. Ekimen honetatik, bultzatzaileek azaldu dutenez, datozen hilabeteetan Gipuzkoako gobernantza eredu berria “osatzen” lagunduko duten ondorioak aterako dira. Ikastaroan entzute handiko nazioarteko adituek hartuko dute parte, lurraldeko ereduari balio kualitatibo handiko kontrastea egingo diotenak. Hau da, kurtsoak topagune izan nahi du adituek, norbanako eta gizarte antolatuekoek, hemengo eta kanpokoek, gobernantzaren inguruan hausnartu dezaten.

“Legealdi hasieran, Gipuzkoak bere erronka estrategikoei aurre egiteko gobernantza sistema berri baten aldeko apustua egin zuen”, esan du Barandiaranek, nagusiki Etorkizuna Eraikiz programaren inguruan gauzatzen den egitasmoa dela eta lankidetza oinarri duela gogoratuz. “Hiru gai nagusiri erantzun nahi die: herritarrekiko komunikazioa areagotzea, gizarte eragileekin lankidetza eredu berria jorratzea eta gainontzeko erakunde publikoekin lankidetza susatzea”. Honen inguruan hausnartu nahi du Aldundiak, eta horretarako prestatu du egitasmo hau. “Ez da itxurakeria hutsa, mugarri izango da”, ohartarazi du Baradiaranek.

Ildo honetatik jarraitu du Diezek, ikastaroa “erreferentziazko marko” bilakatzeko asmoarekin antolatu dela berretsiz: “Etorkizuna Eraikiz-ek izan nahi duenaren eztabaidagune izan nahi du”. Azaldu duenez, kurtsoaren bitartez eztabaida eta hausnarketa prozesua ireki nahi du Foru Aldundiak, “maila altukoa”, parte hartzaileen entzuteak ongi adierazten duenez. “Munduari irekita eta nazioarteko esperientzietara ireki nahi dugu gure eredua”, gehitu du.

 

Entzute handiko parte hartzaileak

Parte hartzaileen artean James Steinberg bezalako adituak daude, Hillary Clintonen aholkulari nagusia gobernantza, kanpo politika eta segurtasun arloetan. Steinberg Estatuko idazkariorde izan da Obama gobernuan, eta Nazio Segurtasuneko kontseilariorde Clintonen garaian. Gainera, Estatu Batuetako erakunde akademiko nagusietako dekanoa izan da, eta Brooking Institutioneko presidenteorde, Estatu Batuetako think tank entzutetsuena.

Ikastaroan entzute handiko nazioarteko adituek hartuko dute parte, lurraldeko ereduari balio kualitatibo handiko kontrastea egingo diotenak

Ikastaroan izango da baita ere Darrell West, egun aipatutako Brooking Institution-eko presidenteorde eta Gobernantza departamentuko zuzendari. Beste zenbait karguren artean, Center for Technology Innovationeko sortzaile eta zuzendari eta TechTank-eko editoreburu ere bada. West nazioarte mailako aditua da berrikuntza teknologikoak gobernantza ereduetan duen eragina aztertzen eta industria aurreratuaren etorkizunean. Garrantzizko hainbat argitalpenen egilea da, eta American Political Science-n liburu onenaren saria jaso du teknologia eta komunikazio politikoaren arloetan.

Nazioartean entzute handia duen beste parte hartzaileetakoa Rod Phillips da, Greater Toronto CivicAction Allianceko presidentea. Erakunde honek Torontoko metropoli gunean elkarlanean oinarritutako gobernantza sustatzen du. Enpresa, politika eta gizarte arloko arduradunekin lankidetzaren ildotik, Torontok arrakastaz erantzun die hiriko erronka estrategikoei bai esparru ekonomikoan zein gizarte, kultura edo ingurumenekoetan.

Bob Jessop, Erresuma Batuko Lancaster University-ko Soziologiako katedradun gorena eta gobernantza eta estatuaren etorkizunaren arloan mundu mailako aditu nagusienetakoa, ikastaroan izango da baita ere. Gainera, Francisco Longok, ESADE-ko (Escuela Superior de Administración y Dirección de Empresas) alboko zuzendari nagusiak, eta Daniel Innerarityk, Globernance gobernantza demokratikorako institutuaren zuzendariak ere hartuko dute parte.

  

2198