Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako Artxibo Orokorrak bere energiaren kontsumoan %60 aurreztuko du instalazio berriei esker

Gipuzkoako Artxibo Orokorrak bere energiaren kontsumoan %60 aurreztuko du instalazio berriei esker

Artxibo Orokorrak ateak zabaldu ditu, Aldundiak klimatizazioa hobetzeko 1.072.000 euroko inbertsioa egin ostean.

Asensio: Urratsak egiten ari gara Gipuzkoak aurrera egin dezan eredu energetikoaren aldaketan. Artxiboan egindako lanak erakusten du asko egin dezakegula tokian tokiko mailan eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta energiaren aurreztea lortzeko, klima aldaketari aurre egiten lagunduz”.

Tolosan kokatzen den Gipuzkoako Artxibo Orokorrak bere ateak zabaldu ditu berriro, instalazioetan energia-hobekuntzarako berrikuntza lanak egin ostean. Bertan izan dira José Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatua eta María José Telleria Kulturako zuzendari nagusia. Ingurumeneko eta Kulturako Departamentuek bat egin zuten lehengo urtean eraikin enblematiko honetan eraberritze energetiko lan sakona burutzeko, 1.072.000 euroko inbertsioarekin. Artxiboaren biltegiak eta eraikinaren gainerakoak klimatizatzeko obrak egin dira, instalazioa berrituta, ondare dokumentalaren kontserbazioa bermatzeko beharrezkoak diren tenperatura eta hezetasun balioak mantendu ahal izango dira biltegian. Bide batez, eraikin osoaren argiteria aldatzeko aprobetxatu da ere, energia eraginkortasuneko irizpideei jarraituz.

Gipuzkoako Artxibo Orokorra foru instituzioen artxiboa da. 1503an sortu zen bere egoitza Tolosan kokatuz, hain zuzen Santa Maria parrokian. Bertan egon zen 1904. urtera arte egungo egoitza eraiki bitartean. 1990ean eraikina eraberritzeko obra handi bat amaitu zen, honen bitartez bere ondarea kontserbatzeko baliabideez hornitu zen Artxiboa. Ia 30 urte ondoren, klimatizazio instalazioaren eraberritzea beharrezkoa izan da, zaharkitu egin baita. Horrela, gure dokumentuen ondarea kontserbatzeko beharrezko tenperatura eta hezetasuna mantentzea bermatzen da. Eraikinak guztira 3.000 m2-ko azalera erabilgarria du, XV. mendetik XX. mendera arteko agiriak gordetzeko, bai euskarri tradizionaletan, bai digitaletan. 

Ingurumeneko diputatuak azaldu du okasio honetan funtzionaltasuna eta eraginkortasun energetikoa uztatzen dituen klimatizazio sistema aukeratu dela sistema zaharkituaren aurrean, dokumentuen biltegi guztietan parametro berdinak mantentzen baitzituen. Asensiok nabarmendu du Aldundiak urratsak egiten ari dela “Gipuzkoak aurrera egin dezan eredu energetikoaren aldaketan”.” Energia eraginkortasunaren eta aurrezpenaren arloan horrelako neurriak hartzea ezinbestekoa da klima aldaketari aurre egiteko”, adierazi du.

Kulturako zuzendariak zainketa neurrien garrantzia nabarmendu du: “Ondarearen kontserbazioak bi alderdi nagusi ditu; batetik, zainketa, dokumentuen galtzea eta hondatzea galarazteko neurriak hartzean datza; eta bestetik, errestaurazioa, hondatutako dokumentuak jatorrizko egoerara bihurtzea nahi duenak. Zalantzarik gabe, guretzat zaintze lanek lehentasuna dute”.

Energia aurrezpena

Ingurumeneko Departamentuak hainbat jarduera gauzatu ditu Aldundiaren eraikinetan energia aurreztea eta energia berriztagarriak aprobetxatzea sustatzeko, eta jarduera horien artean dago eraberritze energetikorako proiektu hau.  Obraren aurrekontua 1.072.000 eurokoa izan da, eta bi Departamentuen artean ordaindu da.

Jose Ignacio Asensio azaldu du klima aldaketan eragin gehien duen sektoreetako bat dela energiarena, eta, horregatik "Europak energia berriztagarriei eta energia eraginkortasunari eta aurrezpenari dagokienez zehaztu dituen helburuetarantz egin behar dugu, eta bide horretan kokatzen da Artxiboan egin behar dugun obra hau".

Artxiboa Tolosan dago, 1989an birgaitu zen eraikin zahar batean. 5 solairu ditu, eta guztira 3.000 m2-ko azalera erabilgarria du, XV. mendetik XX. mendera arteko agiriak gordetzeko, bai euskarri tradizionaletan, bai digitaletan.  Azalera horren erdia baino gehiago zortzi agiri biltegik hartzen dute. Dokumentuak biltegiratzeko ahalmena, gutxi gorabehera, 7.000 metro linealekoa da. Egungo okupazioa % 60koa da.

Klimatizazio, aireztapen eta argi instalazioak zaharkituta daude, eta ez dituzte betetzen biltegiratutako agiriak ongi kontserbatzeko beharrezkoa diren baldintzak. Horrek, gainera, energia gastu nabarmena eragiten du: urteko 400 MWh baino gehiago (% 80 klimatizazioagatik, eta % 15 argiztapenagatik), 146 tona CO2 eta 57.000 euroko faktura energetikoa. Obra honekin % 60ko aurrezpen energetikoa lortuko da, urtean 240 MWh inguru, 85 tona CO2 eta 30.000 € baino gehiago aurreztea.

Planteatu den soluzioa da klimatizazio sistema bat ezartzea erabilera bakoitzerako. Biltegietan, adibidez, aire bidezko klimatizazioa instalatu da. Eremu horietan paperezko agiriak gordetzen dira batik bat, eta instalazio honekin lortuko da eremu mota honetarako egokiak diren baldintza espezifikoak sortzea (18-20ºC-ko tenperatura eta % 55-60ko hezetasuna). Horretarako, berokuntzako bi ponpa jarri dira, bata hego-ekialdeko biltegietarako, eta bestea ipar-ekialdekoetarako. Aire tratamendurako unitate bat ere jarri da biltegi bakoitzerako, dagokion bero berreskuratzailearekin.

Biltegietako batean argazki artxiboak gordetzen dira, eta, horregatik, tenperatura eta hezetasun baldintza zorrotzagoak bete behar dira bertan (16-18ºC-ko tenperatura eta % 30-40ko hezetasuna). Hori horrela, kasu honetan hotz ganbera bat ezarri da, baldintza horiek bermatu ahal izateko.

Azkenik, kontsultarako eta bileretarako bulego eta aretoetan gutxienez 21ºC-ko tenperatura bermatu behar da neguan, eta gehienez 25ºC udan, %50eko hezetasunarekin urte osoan. Horretarako, sistema independente bat instalatu da, bi hodiko bero ponpa bat duena, hotza edo beroa emateko, urte sasoiaren arabera. Airea berritzeko instalazioa ere instalatu da, bero berreskuratzailearekin.

 

Horrez gain, argi instalazio osoa berritu da. Egun dauden 480 argiak (fluoreszenteak, goritasun lanparak eta halogenoak) aldatu egin dira, eta LED teknologiako argiak jarri dira, eraikinaren argi beharrei erantzun ahal izateko (500 lux lan eta kontsulta eremuetan, eta 250 lux biltegietan). Gainera, presentzia eta mugimendu sentsoreak jarri dira noizean behin erabiltzen diren eremuetan (korridoreak eta komunak).

Artxibo historikoa

Gipuzkoako Artxibo Orokorra Gipuzkoako Lurralde Historikoko gobernu erakundeen artxibo historikoa da: Batzar Nagusiena eta Foru Aldundiarena. Artxiboaren jatorrizko muina Batzar Nagusiek eta aldundiek historian zehar 500 urtetan sortutako dokumentazioa da. XX. mendearen hasieratik, dokumentazio horri beste funts batzuk gehitzen joan zaizkio, hala nola Korregimenduko agiriak. Jakina denez, korregidorea erregeren ordezkaria zen Gipuzkoan. Agiriak XVI. mendetik XIX. mende erdialdera artekoak dira. Gehitzen joan ziren beste funts bat da Tolosako notari barrutiko protokoloena, XVI. mendetik 1916 urtea artekoa. Agiri funts handi horiez gain, Artxiboak baditu eta zaintzen ditu gure lurraldeko erakunde eta pertsona publiko zein pribatuen beste artxibo eta bilduma dokumentalak ere.

Askotariko agiriak aurkitzen ditugu, nor eginak diren eta zertarako gorabehera. Dokumentazio horrek Gipuzkoaren historia politiko eta administratiboa berregiteko aukera ematen digu, baina, horrez gain, gure Lurraldean bizi izan ziren eta oraindik ere gai horietan guztietan interesa izan dezaketen ondorengoak dituzten pertsonen eta familien nahiz herri eta hiribilduen historia hurbilena ere ezagutu dezakegu.  Esan bezala, askotariko gaiak ukitzen dituzte, eta, beraz, askotarikoa da hortik sor daitekeen ezagutza.

Artxiboaren zerbitzuak xedetzat du informazio hori herritarren eskura jartzea, agiriak Artxiboan bertan nahiz interneten bidez kontsultatzeko aukera emanez. Helburua da, baita ere, balio historikoa duen dokumentazioa biltzea, eta etorkizuneko belaunaldientzat gordetzen dela bermatzea, eta gure ondare dokumentala eta historia herritarrei helaraztera zuzendutako zerbitzuak eta jarduerak eskaintzea.

Jakingarriak

GIPUZKOAKO ARTXIBO OROKORRA. San Frantzisko ibiltokia 2. 20400 Tolosa (Gipuzkoa).  Tel.: +34 943 415262. Posta elektronikoa: AGG-GAO@gipuzkoa.eus

Web orria: http://www.artxibogipuzkoa.gipuzkoakultura.net/index-es.php

  

1599