Gipuzkoako bide berdeak suspertzeko proiektua Zumarragan jarriko da abian
Gipuzkoako bide berdeak suspertzeko proiektua Zumarragan jarriko da abian
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak ehun bat pertsona elkartuko ditu maiatzaren 10ean eta 11n Gipuzkoako bide berdeak suspertzeko lehenengo jardunaldietan, Etorkizuna Eraikiz proiektuaren esparruan mugikortasun jasangarri eta osasungarriaren proiektu estrategikoa partekatu eta garatzeko.
Marisol Garmendia sozialista buru duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bide berdeen epizentro bihurtuko du Zumarraga ostegunean eta ostiralean, maiatzaren 10ean eta 11n, alegia, Gipuzkoako bide berdeak suspertzeko bertan antolatu diren lehenengo jardunaldien eskutik. Garmendia diputatuak adierazi duenez, “Etorkizuna Eraikiz proiektuaren esparruan garatuko den eta turismo berdearekin lotuta dagoen tokiko eta eskualdeko mugikortasun jasangarri eta osasungarriaren proiektu estrategiko hau udalekin, eskualdeko garapen-agentziekin eta turismoaren eta bizikletaren arloko eragileekin landu nahi dugu, eta horretarako bilduko ditugu Zumarragan ehun bat pertsona, denon artean has gaitezen diseinatzen bide berdeak berreskuratzeko Gipuzkoan epe ertainean eta luzean abian jarriko den proiektua”.
Gipuzkoak une hauetan sei bide berde ditu: Irun-Endarlatsa, Andoain-Leitza, Urolako bide berdea (Zumarraga eta Azpeitia lotzen dituena), Pasaia-Arditurri, Mutiloa eta Eskoriatza-Soraluze. Gipuzkoako bide berdeen 86 kilometroko sare honek aukera handiak eskaintzen dizkio lurraldeari, eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak ahalik eta etekinik handiena atera nahi die aukera horiei.
Jardunaldi hauek Gipuzkoako lurraldean ikuspegi global batekin lehenengo aldiz helduko zaion proiektu honen helburuak azaltzeko dira. Eta ez da jada erabiltzen ez diren trenbideak bizikleta-bide gisa erabiltzeko, berreskuratzeko eta egokitzeko proiektua bakarrik, horrez gainera, Marisol Garmendiak berak azpimarratu duen bezala, “udalekin eta garapen-agentziekin lankidetzan zikloturismoarekin eta turismo berdearekin lotutako turismo jasangarriaren inguruan herri eta eskualdeetan enplegua sortzeko eta ekonomia garatzeko ekimenak landu nahi dira, eta asmoa da kultura eta paisaia ondarea berreskuratzeko, aterpetxe, hotel eta ostatu txikiak egokitzeko, bisitariak erakartzeko, bizikletak alokatzeko, bizikletak konpontzeko eta abarrerako jarduerak abian jartzea. Gipuzkoa barnealdeko eskualdeetan tokiko ekonomia-jarduera eta aberastasuna sortzeko aukera ona da, eta jadanik ari dira aukera hori aprobetxatzen gure inguruan, esate baterako, Araban eta Nafarroan, eta Espainiako, Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko beste toki batzuetan lanpostu asko ari dira sortzen bizikleta-bide berdeen inguruan”.
Zumarragako jardunaldi hauek Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Departamentuaren laguntzaz antolatu dira, eta bide berdeak berreskuratzeko esperientzia arrakastatsuak azalduko dira bertan. Basquetoureko zuzendari Harkaitz Millánek Basquetouretik sustatutako Euskadi-Nafarroa bide berdea dinamizatzeko eta sustatzeko planaz hitz egingo du; Nafarroako Gobernuko Turismo eta Merkataritzako zuzendari nagusi Maitena Ezkutarik Nafarroako bide berdeez eta EuroVelo bizikleta-bidean betetzen duten lekuaz hitz egingo du; Gironako Bide Berdeen Partzuergoaren gerenteak, Ángel Planasek, Olot-Gironako bidea nola sortu zen eta jarri zen abian azalduko du. Turismo-helmuga gisa bide berdeek duten ahalmenaren berri Espainiako Trenbideen Fundazioko Bide Berdeen eta Trenbide Turismoaren Ataleko buruak, Arantxa Hernándezek, emango du, eta Andoaingo Bizibizikiko Ekaitz Zubeltzuk Plazaolako bide berdearen esperientzia azalduko du.
Bizikletaren industria Orbeak ordezkatuko du jardunaldietan, eta lehiaketaren elitetik hasita eguneroko erabilerara arteko bizikleta bidezko mugikortasunaren alderdi guztiekin lotura estua duen enpresa pribatu baten ikuspegia eskainiko digu. Horrela, bertako Marketing Managerra den Ander Olariagak bizikletaren turismoa sustatzean Orbeak duen esperientziari buruzko hitzaldia emango du.
Bestalde, tailer bat egingo da garapen-agentzien ordezkariekin bizikletaren inguruko turismo berdearen, kultura eta paisaia ondarea berreskuratzearen eta ingurumen-jasangarritasunaren arloan bide berdeek Gipuzkoako herri eta eskualdeetan enplegua sortzeko eta garapena sustatzeko duten ahalmena aztertzeko.
Jardunaldiak hilaren 10ean hasiko dira, eta Zumarragako alkate Mikel Serrano, Mugikortasuneko foru-diputatu Marisol Garmendia eta diputatu nagusia eta turismoko diputatua den Denis Itxaso izango dira inaugurazio-ekitaldian.
Ponentziez, hitzaldiez eta tailerrez gainera, eta teoria alde batera utzita, jardunaldietako parte-hartzaileak praktikara pasatuko dira, eta paseo bat emango dute bizikletan Zumarraga eta Azpeitia lotzen dituen bide berdean, Zumarragako Zelai Aristi plazatik abiatuta, eta ibilbidea Loiolako basilikan amaituko dute.
1693