Gipuzkoako biribilgunea amaitzeko pausu bat gehiago
Gipuzkoako biribilgunea amaitzeko pausu bat gehiago
Tarte hau lurraldeko errepide sarea bukatzeko ekimenaren baitan kokatzen da, legealdiko proiektu estrategikoetako bat Foru Aldundiarentzat.
Bergarako udaletxean bildu dira gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak Bergara eta Antzuolako alkateekin. Bertan, amaitu berri diren ezponda egonkortzeko lanen xehetasunak eman dizkie Bide Azpiegitura diputatuak bi alkateei. Horrez gain, Gipuzkoako biribilgunea osatzeko falta den Antzuola-Bergara zatiaren proiektuaren ildo nagusiak aurkeztu dizkie.
“Antzuola-Bergararen proiektu hau oso urrats garrantzitsua da Deba Goienarentzako eta Gipuzkoa osoarentzako, horrekin amaitzen delako Gipuzkoako Biribilgunea; Gipuzkoa eta bere bailara guztiak lotzen dituen ahalmen handiko errepide sarea bukatzen delako” adierazi du bilera osteko prentsaurrekoan Markel Olano Diputatu Nagusiak.
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu duenez “ezponda horren konponketa lehentasun nagusietako bat izan da legealdiaren lehen minututik. Obrak 2.194.313,75 euroko aurrekontua zuen eta aurreikusitako epearen eta aurrekontuaren barruan egin dira”.
Lanak izan dira eroritako materiala kentzea, ezponda berriro egitea eta ezponda apurtu den puntu eta ingurua egonkortzea. Ezpondaren oinean harri-lubeta bat eraiki da eta goialdean errefortzu bat jarri da ainguratze indartsuekin. Ezponda konpontzeko lan horiek Antzuola-Bergara zatiko proiektu osoaren zati dira, Gipuzkoako biribilgunearen parte deiturikoan, legealdiko proiektu estrategikoetako bat Foru Aldundiarentzat.
Obrak amaitzerakoan Gipuzkoako edozein herritik 15 kilometrora, gehienez, gaitasun handiko errepide bat izango dugu
Bide Azpiegituretako diputatuak gaineratu du “azken zati hori egiteko proiektuaren idazketa nahikoa aurreratuta dago eta aurreikuspenen arabera, apirilaren amaierarako idazte lanak amaituta egongo dira. Informazio publikoko tramiteak amaitzen ditugunean, udara partean lizitatzea aurreikusten da eta lanak urte amaieran hastea da gure asmoa”.
2014ko uztailean, ezponda erori zenean, gune horretan trazatua aldatu beharrean aurkitu zen Gipuzkoako Foru Aldundia, hirugarren adarra egingo zen lekua luiziak hartu zuelako. “Ezponda erori zenean, gune horretan trazatua aldatu beharra zegoen eta hirugarren adarrari kokapen berri bat bilatu. Horrez gain, etorkizunean, AP-1erainoko lotura bikoiztea posible izatea bilatu dugu. Diseinu-parametroek lehentasuna dute baita ere. Hau da, bilatzen den irtenbideak autobia baten ezaugarriak eduki behar ditu eta noski, ekonomikoki lehiakorra izan behar du. Idazten ari garen proiektu horretan, GI-632 errepidea hobetzen da ere: bihurguneak leunduz eta segurtasuna handituz” esan du Oiarbide diputatuak.
Bide Azpiegituretako diputatuak azpimarratu du, proiektua idazterakoan aholkularitza geoteknikoa izaten ari direla une oro, ahal den neurrian, obra egiten hasten direnean arazoak ekiditeko.
Lanak 24 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da. Aurrekontuari dagokionez, 31-32 milioi euro izango dira.
1846