Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako enpresei nazioartekotzen laguntzeko programak milioi 1 euro izango ditu

Gipuzkoako enpresei nazioartekotzen laguntzeko programak milioi 1 euro izango ditu

Deialdiaren bidez laguntzak emango zaizkie enpresa txiki eta ertainei nazioartean produktu berriak merkaturatzeko eta kanpoan ezartzeko.

Foru Aldundiak Gipuzkoako enpresekin elkarlanean jardungo du berriz ere, nazioartekotze programaren bidez gure mugetatik kanpora atera daitezen; zehazki, nazioarteko merkatuan produktu berriak merkaturatzea sustatzeko, eta partaidetza nagusia duten filialak sortzea, zabaltzea edo eskuratzea bultzatzeko deialdiaren bidez, milioi 1 euroko zuzkidura izango baitu.  Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak jakinarazi duenez, 700.000 euro xedatuko dira produktu berriak nazioartean merkaturatzeko, eta, 300.000 euro, kanpoan ezarpen produktiboak jartzeko.

Iaz, hainbat mota eta sektoretako 29 enpresak lortu zuten produktu berriak esportatzea edo kanpora zabaltzea programa honen bidez: 25 enpresak, produktuaren lerroan, eta 4 enpresak, merkataritza edo ekoizpen ezarpenen lerroan. Lehenengoen artean, gehienak, % 56, enpresa txikiak ziren, eta % 20, mikroenpresak.  Diruz lagundutako ekintzak hainbat merkatutara bideratu ziren, batez ere Estatu Batuetara (lagundutako 11 proiektutan dago), Alemaniara eta Mexikora (7), Txinara (3) eta Frantziara (2). Eusko Jaurlaritzaren Enpresak Nazioartekotzeko Plan Estrategikoan (2017-2020) jasotako merkatuak lehenesten dira.  Ezarpenei dagokienez, 2019ko deialdian 4 enpresari eman zitzaizkien dirulaguntzak, zehazki, Indian, Txinan eta Turkian ekoizpen planta bana sortzeko, eta bat Txinan, filial bat erosteko.

Nazioartekotzea sustatzeko programak 1999an eman zituen lehen urratsak.  Harrezkero, 100 ekoizpen ezarpen babestu dira 20 herrialdetan, eta honako hauek izan dira merkatu nagusiak: Txina (22), Mexiko (17), India (14) eta Brasil (11). 376 enpresak produktu berriak merkaturatu dituzte 106 herrialdetan, eta 100 merkaturatze baino gehiago dituzten 4 herrialde nabarmendu dira: AEB (232), Txina (114), Mexiko (103) eta Brasil (101). 2014az geroztik, hiru foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak eta hiru lurraldeetako merkataritza ganberek enpresen nazioartekotzea sustatzen dihardute elkarlanean, bai eta enpresei laguntza programetarako sarbidea errazten dien leihatila bakarra garatzen ere.

Aurtengo deialdiaren oinarriak eta informazioa laster argitaratuko dira GAOn, eta eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da une horretatik aurrera.  Berritasun gisa, laguntza jaso dezaketen gastuen ehunekoa handitu egin da, % 35etik % 40ra, hain zuzen.  Gaur onartutako deialdiari gehitu behar zaizkio Nebts programa –start up-ak nazioartekotzekoa– eta Lagundex programa –enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzeari laguntzekoa–, Aldundiak Gipuzkoako Merkataritza Ganberarekin batera garatzen dituenak, eta 2016an Elkargirekin batera aktibatutako finantza tresna, Gipuzkoako enpresa txiki eta ertainen nazioartekotzea babesten duena, abalak emanez.

Enpresa txiki eta ertainenek pisu handia dute lurraldeko ehun ekonomikoan, batez ere industrian. Sektore horretan, Gipuzkoan, 900 ETE baino gehiago daude, eta horiek, oro har, 31.000 lanpostu baino gehiago sortzen dituzte, Gipuzkoako industriaren enplegu osoaren ia erdia.  Imanol Lasa diputatuak gogorarazi duenez, "gero eta gehiago dira nazioartekotze prozesuei aurre egiten dieten  enpresa txikiak.  Horietako askok zailtasunak dituzte merkatuak ezagutzeko eta gero eta konplexuagoak diren eragiketetan sartzeko.  Gero eta lehiakorragoa eta aldakorragoa den merkatu honetan, ezinbestekoa da bide horretan laguntza izatea, nazioarteko merkatuetara gehiago ateratzeko eta kanpoko negozioa areagotzeko, batez ere lehen urratsetan, horiek izaten baitira zailenak", adierazi du.

 Gipuzkoako esportazioak % 11,6 hazi ziren 2019an, eta 8.500 milioitik gorako balioa izan zuten; merkatu nagusiak Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta AEB izan ziren. "Gure enpresek, eta, batez ere, gure industriak, ekaitzari aurre egitea lortu dute garai nahasi hauetan, eta horrek meritu handia du, zalantzarik gabe, baina ez da lasaitzeko arrazoi izan behar, ildo beretik lanean jarraitzeko akuilu baizik", adierazi du, eta gaineratu du nazioartekotzea "funtsezko" elementua dela "etorkizunean gure ehun ekonomikoaren lehiakortasuna ziurtatzeko, eta aukera eta merkatu berriak irekitzeko".  Horregatik, elkarlanean aritzeko deia egin die Gipuzkoako enpresei, bereziki enpresa txiki eta ertainei, "hobeak eta eraginkorragoak izateko, etorkizuneko erronkei aurre egiten lagunduko dieten produktu eta zerbitzu berriak sortzeko, eta nazioartean lehiakorrak izateko".

  

1903