Gipuzkoako enpresen % 28k kontziliazio neurriak hartu ditu lehen aldiz azken urtean
Gipuzkoako enpresen % 28k kontziliazio neurriak hartu ditu lehen aldiz azken urtean
Aldundiak egindako azterlan batek adierazten du emakume gehiagok hartzen dituztela diru-sarrerak galtzea dakarten baimenak eta gizonek gehiago erabiltzen dituztela soldatan eraginik ez duten neurriak
Gipuzkoako enpresen % 28k kontziliazio neurriak hartu ditu lehen aldiz azken urtean, Erantzunkide Sareko enpresa panela erreferentzia gisa hartuta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako prospekzio batetik ondorioztatzen denez. Azterlan horren arabera, batez ere lan denborak malgutzeko aukerak aktibatu dira, hala nola ordutegi moldagarriak (% 14,3), bazkaltzeko denbora murriztea (% 8,9) edo lanaldi trinkoak (% 5,7). 2020an, gizonak izan dira (% 64) beren soldatan eraginik ez duten horrelako neurriak gehien hartu dituztenak.
Inkesta iazko azaroan egin zen Gipuzkoako ekonomia-ehuna ordezkatzen duten 460 enpresaren artean, COVID-19aren eragina berdintasun eta kontziliazio politika erantzunkideetan Gipuzkoako enpresetan izenburupean, eta agerian uzten du emakumeak izan direla, neurri handiagoan, ordaindu gabeko lan-baimenak hartu dituztenak adingabeak edo mendeko pertsonak zaintzeko (% 60), eta gizon gehiagok jo dutela zaintzetarako ordaindutako baimenetara (% 53,3). Era berean, enpresentzat kostu gehigarria dakarten kontziliazio neurrien aplikazioa mugatua izan da.
Telelanari dagokionez, galdeketa egindako enpresen % 40k erabili du lehen aldiz pandemian. Enpresa horietan lan egiten duten emakumeen % 23,3k eta gizonen % 18,7k modalitate horretara jo zuten. Telelana laneko ordutegien eta espazioen malgutasun handiagoa lortzeko estrategia bat den arren, azterlanak ohartarazten du gehienbat emakumeek erabiltzen dutela, "zainketak familian berraktibatzen diren aldi batean", eta horrek "arrisku argia dakarrela emakumeentzat" enpleguan, eta ondorioak izan ditzakeela emakumeen lanbide-garapenean eta ongizatean.
Erantzunkide Sarea
Kontziliazio erantzunkidea bultzatzeko Erantzunkide Sarea enpresa-sarearen esparruan egindako txostenak ere agerian jartzen du emakumeen enpleguaren ezegonkortasunerako joera; izan ere, galdutako enplegu finko gehiena emakumeena da –azken urtean galdutako enplegu mugagabearen % 54,8 emakumeei dagokie–; aldiz, gizonen enplegu-galerak aldi baterako osagai nabarmena du, galdutako lanpostuen % 71 aldi baterakoa baitzen.
ERTEei dagokienez, inkestaren arabera, espediente horiek hasieran eragin handiagoa izan zuten emakumeengan, duela urtebete etxean konfinatu zirenean, hain zuzen ere ostalaritzan, txikizkako merkataritzan eta zerbitzuetan presentzia handiagoa zutelako. 2020ko azarorako, eragin hori nabarmenagoa zen gizonen artean, batez ere industria-sektorean mantentzen ziren ERTEen ondorioz.
Emakumeek zuzendaritza postuetan duten presentziari dagokionez, inkestak adierazten du presentzia hori 14 puntu txikiagoa dela, eta zuzendaritza postuetan emakumerik ez duten enpresen ehunekoa oso handia dela (% 43). Azterlanaren arabera, COVID-19ak ez du oraingoz eragin negatiborik erakutsi zentzu horretan, nahiz eta "posible den" epe ertain eta luzean izatea, etorkizuneko sustapen-aukeretan eragina izan dezaketen kontziliazio neurri batzuk erabiltzearen ondorioz.
Era berean, emakumeen lana "pixka bat handitu" da lehendik ere haien enplegua biltzen zuten jardueretan, zeinetan aldi baterako enplegua eta lanaldi partziala sortzeak genero desberdintasunetan eta soldata arrakalan sakontzea dakarren.
Azkenik, Gipuzkoako enpresetan berdintasun planei bultzada nabarmena eman zaien hainbat urteren ondoren, plana duten enpresen % 13,9k beren planak aplikatzeari utzi behar izan diote, edo mugatu egin behar izan dituzte; prestatze-fasean zeudenek, berriz, mugatu egin behar izan dituzte (% 15,2) edo beren denborak egokitu behar izan dituzte (% 6,1).
Kontziliazio erantzunkidea sustatzeko premia
"Birusaren ondorioak mugatzeko eta saihesteko lanean, emakumeak funtsezko ekarpena egiten ari dira lehen lerroan. Osasun-langile, adinekoen zaintzaile edo gizarte-langile gisa, besteak beste. Hala ere, azterlan horrek dioen bezala, adingabeen eta mendeko pertsonen zainketan ere karga neurrigabea hartzen ari dira, eta horrek eragina izan dezake emakumeen garapen profesionalean, baliabide ekonomikoetan eta osasunean", hausnartu du Miren Elgarrestak, Berdintasuneko foru zuzendariak.
Elgarrestak adierazi duenez, bereziki "kezkagarria" da aldi baterako absentziako edo absentzia partzialeko neurriak, "erabiltzen dituzten pertsonentzat kostua dutenak", emakumeengan kontzentratzea, eta gizonek, berriz, lan denboraren malgutasunarekin lotutako kontziliazio neurriei gehiago heltzea. "Horrek guztiak soldata arrakalan eragiten du eta mendekotasun ekonomikoko egoerak eragiten ditu emakumeengan", hausnartu du Elgarrestak.
"Aipamen berezia" merezi du telelanak, Elgarrestaren iritziz; izan ere, pandemian izan duen agerpenak zerikusia izan du zainketak berriz familian egitearekin. "Hala ere, funtsezkoa da zaintzarekin ez lotzea, baizik eta langileei ordutegi eta espazio malgutasuna ematen dien lan modalitate berri batekin lotzea, eta horrek eragin positiboa izan dezake hobeto kontziliatzeko aukeretan, ez bakarrik bizitza profesionala eta familia bizitza uztartzeko, baita bizitza pertsonala eta soziala uztartzeko ere, bai gizonena bai emakumeena", adierazi du foru zuzendariak.
Horregatik guztiagatik, Erantzunkide Sarearen esparruan, Elgarrestak berretsi egin du kontziliazio erantzunkidea eta berdintasuna sustatzeko politika "eraginkorrak" bultzatzen jarraitu behar dela, pandemiak "epe ertain eta luzean" ez dezan penalizatu emakumeen garapen profesionala eta ekonomikoa, ez eta haien ongizate fisiko eta emozionala ere. "Gainera, lanean jarraitu behar da emakumeen garapen pertsonala, soziala eta profesionala zigortzen duten lan ereduak eta genero estereotipoak baztertzeko. Kontziliazio erantzunkidea bultzatu behar da maila guztietan", adierazi du.
Erantzunkide Sarea Etorkizuna Eraikiz programaren barruan sortutako gune bat da, Gipuzkoako enpresetan kontziliazio erantzunkideari buruzko ezagutzak trukatzeko eta ikaskuntzak eta praktikak partekatzeko. Azken azterlan horretan, zeinaren helburua baita jakitea nola eragin duen COVID-19ak berdintasuneko eta kontziliazio erantzunkideko politiken eta neurrien bilakaeran, guztira 16.767 pertsona enplegatzen dituzten 460 enpresak hartu dute parte. Enpresa hauek 2017tik hona hartzen dute azterlanean , gisa horretan Gipuzkoako berdintasun politiken eta kontziliazio neurrien behatoki bilakatuz. Lurraldeko enpresa errealitatearen lagin adierazgarria da, beraz, bai enpresen tamainagatik, bai jarduera sektoreagatik.
2289