Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako enpresen salmentak % 0,5 hazi dira urtarriletik irailera

Gipuzkoako enpresen salmentak % 0,5 hazi dira urtarriletik irailera

Foru Ogasunaren txostenak enpleguaren portaera ona ere berretsi du, % 1,8ko igoerarekin urteko metatuan

2024/11/05
Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako enpresen salmentak % 0,5 hazi dira 2024ko lehen bederatzi hilabeteetan, 2023ko aldi berarekin alderatuta, Foru Ogasunak aldizka egiten duen Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko txostenaren datuen arabera. Gaur Diputatuen Kontseiluan mahai gainean jarri den dokumentuaren arabera, barne-salmentak % 0,7 hazi dira eta esportazioak, berriz, % 0,3. Urteko balantze metatua positiboan mantentzen da, nahiz eta azken datuak, irailekoak, % 0,9ko jaitsiera izan duen 2023ko hil beraren aldean: barne-salmentak % 1,8 jaitsi dziren hilabete horretan, eta esportazioak, aldiz, % 0,6 igo.

Beste behin ere, enpleguak goranzko joerari eutsi dio, lan-etekinak jasotzen dituzten pertsonen kopurua % 2,1 igo baita irailean, eta % 1,8 urteko metatuan. Gauza bera esan daiteke soldatei buruz; izan ere, igoerak izan dira bai txostenean aztertutako hilean, bai urteko metatuan: +% 6,4 irailean, eta +% 7,3 lehen bederatzi hilabete horietan.

Sektore ekonomikoei erreparatuz gero, 2024an izandako salmenten igoera zerbitzuen sektorean izandako +% 2,0ari zor zaio batez ere, eraikuntzan -% 2,7 jaisten baitira, eta baita industrian ere, neurri apalagoan (-% 0,3). Irailean antzeko portaera antzematen da: salmentak igo egin ziren zerbitzuen sektorean (+% 1,6); eta jaitsi egin ziren industrian (-% 2,9) eta eraikuntzan (-% 0,9). Kanpo-merkataritzaren noranzkoari dagokionez, Europar Batasunerako esportazioak % 2,0 jaitsi dira lehenengo bederatzi hilabeteetan, eta gainerako herrialdeetarako salmentak, aldiz, % 3,2 igo dira. Irailean, lehenengoen aldakuntza -% 0,4koa izan zen, eta bigarrenena +% 1,8koa.

Enpleguaren sektorekako portaerari dagokionez, urteko metatuan ikusten da industrian nabarmen egin duela gora, % 2,5; intentsitate txikiagoarekin egin du gora zerbitzuen sektorean (% 1,1) eta eraikuntzan (% 0,7). Irailean enpleguak gora egin zuen sektore guztietan: % 1,7 industrian, % 0,2 eraikuntzan eta % 2,6 zerbitzuetan. Industriaren sektorean igo dira gehien soldatak urteko lehen zortzi hilabeteetan (% 8,4). Eraikuntzaren  eta zerbitzuen sektoreetan igoerak zertxobait txikiagoak izan dira, % 2,7 eta % 6,0, hurrenez hurren.

Irune Berasaluze Foru Aldundiko bozeramaileak gaurko agerraldian azpimarratu duenez, “oso albiste ona da industria-enpleguak urteko metatuan portaera on horri eustea, jarduera honek gure lurraldean aberastasuna eta ongizatea sortzeko duen garrantzia kontuan hartuta. Enplegu zifra globalak aintzat hartuta, berriz, azken hiru urteetan, eta etenik gabe, langileen kopuruak gora egin du Gipuzkoan, eta, beraz, pandemiaz geroztik aipatzeko moduko susperraldia izan dela esan genezake”.

Bere balorazioan, gogorarazi du “Euroguneko adierazle ekonomikoek motelaldirako joera markatzen dutela azken hilabeteetan, bereziki Alemanian, eta modu nabarmenagoan bere sektore industrialean. Ezin dugu ahaztu Alemania dela gure esportazioen bezero nagusietako bat. Joera horrek azaltzen du Gipuzkoak Europar Batasunera egindako salmenten jaitsiera, beste herrialde batzuei egindakoekin konpentsatu dena; zifra positiboak mantentzea ahalbidetu dute azken horiek. Izan ere, gure enpresak ahalegin handia egiten ari dira merkatuak dibertsifikatzeko, negozio-aukera berriak bilatzeko eta lehiakorrak izaten jarraitzeko. Konplexutasun eta ziurgabetasun handiko testuinguru batera egokitzeko gaitasuna erakutsiz. Foru Aldunditik gure enpresa txiki eta ertainei laguntzen jarraituko dugu, murgilduta gauden aldaketak bizkortzeko. Joan den astean aurkeztutako aurrekontu-proposamenean, babes hori da zutabeetako bat”, nabarmendu du.

Iraileko datuak lurraldeko jarduera ekonomikoa moteltzen ari dela iradoki badezake ere, “zuhurtziaz” jokatzeko deia egin du bozeramaileak, eta “joerak aztertzeko beharra” azpimarratu du, “perspektibaz, koiunturazko aldaketak baino”. Ildo horretan, hileko jaitsiera “industriaren ekipamendu-ondasunen sektorearen bilakaerarekin” lotu du, “bertan salmenta-zikloa hilabetea baino handiagoa izan ohi baita, eta desfaseak daude ekoizpenetik ondasunen salmentara arte. Horrek azaltzen du, esaterako, enplegua jaitsi ez izana”. Faktore hori kenduz gero, Ogasuneko estimazioen arabera, salmentak irailean % 1,7 handituko lirateke.

Aurrekontuen onarpena

Berasaluzek 2025eko foru aurrekontuak onartzeko egutegiaren berri ere eman du. Aste honetan, ostegunean eta ostiralean, diputatuek agerraldia egingo dute beren sailetako kontuak azaltzeko. Ordena hau izango da: 7an goizean, Ogasun eta Finantza Saila, Diputatu Nagusia eta Iraunkortasun Departamentua. Arratsaldean, Zaintza eta Gizarte Politiketako Saila eta Gobernantza Saila. Hilaren 8an, ostirala, goizean, Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentua eta Bide Azpiegituretako Departamentua. Arratsaldean, Lurralde Oreka Berdearen Saila eta Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Saila.

Azaroaren 8an, arratsaldez, aurrekontuen foru arauari zuzenketak aurkezteko epea irekiko da, eta azaroaren 29an amaituko da. Abenduaren 5ean, Batzar Nagusietako Mahaiak zuzenketak kalifikatuko ditu eta Aurrekontuen Foru Arauaren proiektuaren osoko zuzenketen eztabaidarako osoko bilkura deituko du, abenduaren 13an. Behin Osoko Bilkura eginda, abenduaren 17an Ogasun Batzordeak Foru Arauaren irizpena egingo du, eta egun horretan bertan Batzar Nagusietako Mahaiak Osoko Bilkura deituko du, abenduaren 20an onartzeko.

Berdintasunerako laguntzak

Azkenik, Diputatuen Kontseiluak argi berdea eman dio berdintasunaren aldeko Gipuzkoako emakumeen elkarteentzako dirulaguntzen deialdi berriari, aurrekontua 460.000 eurora igoz. Laguntza horiek Gipuzkoan emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa sustatzen duten elkarte feministak eta emakume-elkarteak babestera bideratuta daude. Berasaluzek nabarmendu duenez, deialdi honetan “% 12tik gorako igoera horrekin, Foru Aldundian elkarte-sarea indartzen jarraitu nahi dugu, bereziki emakumeena, matxismoaren aurka eta berdintasunaren alde gure lurraldean egiten duen lan garrantzitsua babestuz, esparru guztietan bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa izango den gizarte baterantz aurrera egiteko”.

Deialdi berriak dirulaguntzen bi ildo espezifiko jasotzen ditu: lehena, elkarteen ohiko jarduerak finantzatzera bideratua, eta bigarrena, oro har gizarteari edo egoera ahulenean dauden emakumeen kolektiboei zuzendutako proiektu espezifikoetara bideratua.

Berasaluzek ere baloratu du laguntza-lerro horrek azken urteetan izan duen eragin gero eta handiagoa; izan ere, lagundutako proiektuen kopurua handitu egin da, 2023an 40 izatetik 2024an 43 izatera igaro baita. “Datu horiek erakusten dute Aldundiak bere laguntzak lurraldearen benetako beharretara egokitu nahi dituela, eta elkarteek gero eta inplikazio handiagoa dutela berdintasunaren alde”, Berasaluzek adierazi duenez. “Gure helburua da gero eta erakunde gehiagok beren ekimenak bultzatu ahal izatea eta Gipuzkoako emakumeentzat gune seguruak eta ahalduntzekoak finkatzen laguntzea, bereziki kalteberatasun-egoeran daudenentzat”.

  

4060