Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako erreferentziazko zentroak Europarekin konektatuko dira

Gipuzkoako erreferentziazko zentroak Europarekin konektatuko dira

'Etorkizuna Eraikiz' dinamikatik eratorritako proiektuetan jakintza aurreratua eta finantziazioa txertatuko dira

'Etorkizuna Eraikiz' dinamikatik eratorritako proiektuetan jakintza aurreratua eta finantziazioa txertatzeko

Europa mailako  sareekin eta erakundeetako ordezkariekin batzartu da gaur Bruselan Markel Olano diputatu nagusia. Etorkizuna Eraikiz dinamika nazioartean ezagutzera eman nahian, kontaktu hauek Europa mailan antzerako esperientziekin kontrastea egin eta ekimena aberastea dute helburu, elkarlanerako bideak irekiz. Adineko pertsonen arreta, elektromugikortasuna ala zibersegurtasuna dira, besteak beste, Etorkizuna Eraikiz-en baitan lantzen diren batzuk. Diputatu nagusiak azaldu duenez, "bidaiaren helburua da dinamika honen baitan eraikiko diren  erreferentziazko zentroek zuzeneko konexioa izatea Europarekin, elkarlan jarraitu batekin eta elkarrengandik ikasiz".

            Elkarkonexio hau bi alor nagusitan gauzatuko da. Batetik, jakintza aurreratua eta talentua erakarriko da zentro horietara. Horretarako, Europako sare, unibertsitate, enpresa eta zentro teknologikoekin egingo da lan. Bestetik, finantziazioa bilatuko da Europa mailako proiektuen bitartez. Funtsean, "Europar erakundeen inplikazioa lortzea da helbururik behinena", Olanok azpimarratu duenez, "haiekin partekatzen baititu Gipuzkoak erronka sozialak, ekonomikoak eta demografikoak". Nabarmendu duenez, "lurraldeko gizarte antolatuarekin batera proiektu pilotu eraldatzaileak abiarazteko gobernantza kolaboratiboko ereduak guztiz egite du bat Europa mailako lerroekin". Are gehiago, "bat gatoz bai helburuekin eta egiteko moduekin ere", Olanok azpimarratu duenez.  Zehaztu du ez direla "maila teorikoan ari, proiektu ukigarriez baizik", eta diputatu nagusiak uste du "oinarri sendoak daudela Europako babes ekonomikoa mugiarazi eta Gipuzkoa kokatu ahal izateko arrakasta kasu gisa esperimentazio praktikoan eta berrikuntza sozialean".

            Helburu honekin, foru ordezkaritzak topaketa bat egin du DG Region-eko arduradunekin, erakundeko presidente-orde den Normunds Popens buru. Erakunde honek Europar Batzordeko Lurralde eta Hirigintza politikak erregulatzen ditu. Lehiakortasunaz ere jardun dute bileran eta Popensek balioa eman dio espezializazio adimenduari dagokionez, elektromugikortasunean, fabrikazio aurreratuan eta osasun-biozientzietan Aldundiak eginiko ahaleginari. Gipuzkoak dituen indarguneetan oinarritzen da apustu hori eta Nordmundsek adierazi du "erabat lerrokatuta" daudela hauek europar estrategiarekin. Hori horrela, Olanok aurerratu du indarrak batu eta kolaborazioa indartuko dutela Donostiaren, Aldundiaren eta Jaurlaritzaren artean, hala nola, lurraldeko udalerri, mankomunitate eta garapen agentziekin, DG Region-etik datozen proiektuetan sartu ahal izateko eta erakundeak eskaintzen duen potentzial osoaz baliatu ahal izateko.

            Ordezkariek Europar Udalerri eta Eskualdeen Batzordearen (CEMR) zuzendari Angelika Poth-ekin ere izan dute batzartzeko aukera. Eragile hau garrantzi handikotzat jo du diputatu nagusiak, eragina baitu europar agenda eta politiken diseinuan, bere baitan hartzen dituelako Europako udalerri-elkarte guztiak, Eudel barne. Bilera errondan euskal europarlamentariekin egoteko aukera ere izan du foru ordezkaritzak. Izaskun Bilbao, Ramon Jauregi eta Eider Gardiazabalekin Europako politikako azken gertakarien inguruan hitz egiteko aukera izan dute eta Europar Batasuneko Euskadiko delegatu Martin Marinekin benchmarking ariketa bat egin ahal izan dute, Etorkizuna Eraikiz dinamikak sare eta erakunde europarretan izan dezakeen kokapenaren inguruan. Bilera sorta honetan diputatu nagusiak Euskadiko delegazioaren lana azpimarratu du, esanez "behar beharrezkoa" dela egiten duten lana, " ezagutzarengatik eta kontaktuengatik".

            Azkenik, Europar Batasunaren balio fundazionalak eta Etorkizuna Eraikiz-en inspirazio diren balioak lotu ditu diputatu nagusiak; justizia sozialean, elkartasunean eta garapen jasangarrian oinarritutakoak. Markel Olanok ohartarazi du du "jabetu beharra" dagoela "Europa mailan erabakitzen denak zuzenean eragiten digula". Ondorioz, lurralde bezala "era aktiboan parte hartzeko" deia egin du, "sorrerako balio horietatik hasi eta gauzatzen ari garen apusturik berritzaileetaraino".

            Iragarri duenez, gai europarren errelebantzia horrek isla izango du foru gobernua egiten dabilen etorkizuneko Aldundiaren diseinuan, hala antolaketa mailan nola baliabideei dagokienez. Zehaztu duenez, " europar erakunde eta saretan aktiboki eta erregularki parte hartzea ezinbestekoa da lurraldearen modernizaziorako, garapenerako eta kohesio sozialarentzat". Hori horrela, erronka honi heltzeko Aldundi barruan baliabide gehiago jarriko direla aurreratu du".

  

1425