Gipuzkoako eskola kirola urrian hasiko da kontaktu fisikoak mugatuz
Gipuzkoako eskola kirola urrian hasiko da kontaktu fisikoak mugatuz
Entrenamenduak urritik aurrera hasten dira, kontaktu fisikoa mugatuz eta ingurune seguruetan. Lehiaketak urtarrilera arte luzatuko dira.
Kultura eta Kirol Departamentuak protokoloak egokitzeko materialak eskainiko ditu.
Harkaitz Millanek “erabat geldiaraziko luke Eskola Kirola, aukera gutxiago dituzten ikasleei kalte handia egingo lieke, eskolaz kanpoko jarduerarako aukerak ezabatuz”.
Kirol erakundeekin, ikastetxeetako koordinatzaileekin eta ikasleen gurasoekin -guztira, eskola kirolean inplikatutako 350 eragilerekin-, izandako bileren ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak erabaki du eskola kiroleko kontaktu fisikorik gabeko entrenamenduak eta jarduerak urriaren 1etik aurrera hastea. Infantilen eta alebinen lehiaketak urtarrilera arte atzeratuko dira. Erabakia hartzeko kontuan hartu da jarduera fisikoak eta kirolak lotura zuzena dutela haurren osasuna eta ongizate psikologikoa mantentzearekin. Egindako bileren helburua izan da Departamentuak aurtengo ikasturtean kirol jarduerak hasteko egindako proposamenari buruz kirol eragileek eta hezkuntza komunitateak duen iritzia ezagutzea, eta onartutako segurtasun protokoloak aplikatzeko behar diren bitartekoak dituztela ziurtatzea.
Foru entitateak 50.000 euro emanen ditu materialak erosteko, ikastetxeak ezarritako protokoloetara egokitu daitezen. Baita ere oso kontuan hartu du eskola kirola geldiarazteak kalte handia eragingo liekeela aukera ekonomiko gutxiago dituzten ikasleei, eta, kasu askotan, eskolaz kanpoko jarduera bat egiteko aukerarik gabe geldituko liratekeela, nahiz eta haien garapen emozional eta sozialerako oinarri-oinarrizkoa izan. Iaz, lehen hezkuntzan matrikulatutako ikasleen % 79k parte hartu zuen, nolabait, Gipuzkoako eskola kiroleko programan. Halaber, kontuan hartu da nesken kirolean eragin bereziki negatiboa izango lukeela, neskek kirola azkarrago uzteko joera dutelako.
2020-2021 denboraldiko eskola kiroleko programetan parte hartu ahal izateko, kirol diziplinetako jarduerak eta lehiaketak antolatzen dituzten erakundeek bermatu beharko dute jarduerak eta lehiaketak kontaktu fisikorik gabe eta pertsonen arteko gutxieneko segurtasun distantzia mantenduz egingo direla, eta, behar izanez gero, arau hori betetzeko, joko arauak egokituko dituztela. Neurri horiek beteta ezin bada diziplina jakin baten jarduera materialki antolatu, erakunde antolatzaileek beste jarduera edo lehiaketa alternatibo batzuk ere proposatu ahal izango dituzte, kirol diziplinari modu batean edo bestean lotuta badaude.
Eskola kirolean parte hartzen duten begirale guztiek Kirolaren Euskal Eskolak abian jarritako prestakuntza ikastaroa egin beharko dute. Horretarako, ikastaro horietan izena eman beharko dute irailaren 30a baino lehen, baina data horren ondoren ere ikastaroaren eskaintzari eustea aurreikusi da. Begiraleak edo entrenatzaileak kirolariei azaldu beharko dizkie ezarritako prebentzio eta higiene neurriak eta jarduerari aplikatzen zaizkion arauak eta/edo balizko murrizketak.
Kontaktu kopurua murrizte aldera, jarduerak, entrenamenduak edo lehiaketak, ahal den neurrian, honela egingo dira:
- Talde txikiekin.
- Entrenamenduetan eta irakaskuntza, detekzio, jolas edo kirol jardueren saioetan, parte hartzaileek gehienez hamabost pertsonako taldeak edo azpitaldeak antolatu beharko dituzte, jarduera garatzeko behar diren teknikariak barne.
- Saioak edo entrenamenduak banakakoak izango dira, eta segurtasuneko gutxieneko distantziari eutsiko zaio.
- Ahal den neurrian, materialen erabilera partekatua saihestu behar da. Lehiaketa/jarduerarako ezinbestekoak diren erabilera komuneko materialei gomendatutako higiene eta garbiketa neurriak aplikatuko zaizkie. Gainerako materialak (edariak, elikagaiak, sendagaiak, etab.) ezin izango dira partekatu.
Proposamen horiek, nolanahi ere, administrazio eskudunen oniritzia izan beharko dute. Parametro horiek errespetatuz, Kultura eta Kirol Departamentuak uste du ikastetxeak ingurune seguruak direla kirola egiteko. Izena emateko epea irailaren 21ean ireki eta abenduaren 31n itxiko da. Alebin, infantil, Jolashezi eta Multikiroleko jarduerak, aurreko urteetan bezala, urriaren 1ean hasiko dira, betiere Covid-19ak eragindako pandemiaren bilakaerari lotuta.
Harkaitz Millan Kultura eta Kirol diputatuak azpimarratu du Covidek eragindako egoera honetan oso garrantzitsua dela haurrek eta gazteek dituzten hezkuntza, aisia eta sozializazio aukerei eustea ingurune ordenatu, babestu eta seguruetan. Kirol jarduerak erabat murrizteak ondorio psikologikoak ditu eta kalte egiten dio ongizate emozionalari, eta, batzuetan, ondorio kaltegarriak eragiten ditu, gazteen aisialdia eta gizarte harremanak kirola bezain onuragarriak ez diren eta birusa kutsatzeko arrisku askoz handiagoa duten jardueretara bideratzen baitira, opor garaian ikusi ahal izan denez. "Ingurune seguruetan egiten den kirola aliaturik onenetakoa da haurrek eta, oro har, herritarrek beren osasuna eta egoera fisikoa hobetzeko eta pandemiak sortutako egoera ahalik eta modu osasungarrienean gainditzeko".
Eskola kirolari buruzko informazio guztia Foru Aldundiaren web orrian dago eskuragarri:
https://www.gipuzkoa.eus/es/web/kirolak/coronavirus-informacion
1681