Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Departamentuarekin batera, "Taupada" eskubaloi egokituaren Gipuzkoako I. Txapelketa antolatu dute
Volver Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Departamentuarekin batera, "Taupada" eskubaloi egokituaren Gipuzkoako I. Txapelketa antolatu dute
Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Departamentuarekin batera, "Taupada" eskubaloi egokituaren Gipuzkoako I. Txapelketa antolatu dute
Txapelketa honen helburua da desgaitasuna duten pertsonen artean eskubaloiaren praktika normalizatzea, kolektibo hau kiroletik kanpo uzten duten oztopo asko haustea, eta, gainera, kirolaren bidez gizarteratzea.

Gipuzkoako Eskubaloi Federazioak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol Departamentuarekin batera, lehen aldiz antolatu dute "Taupada" eskubaloi egokituaren Gipuzkoako Txapelketa. Prentsaurrekoan izan dira Kulturako eta Kiroletako diputatu Goizane Álvarez, Arantxa Arzak Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko presidenteordea eta Kirol Egokituen Gipuzkoako Federazioko kidea Amaia Elizondo Blanca Aranguren.
Álvarez diputatuak nabarmendu duenez, "Taupada" txapelketak erakusten du kirolak oztopoak gainditu, inklusioa sortu eta berdintasuna, ahalegina eta norberaren hobekuntza bezalako funtsezko balioak susta ditzakeela. Kirol Departamentuak apustu irmoa egin du kirol jarduera unibertsal egingo duten eta pertsona guztiek, beren gaitasunak edozein izanik ere, kirola berdintasun baldintzetan egin ahal izango dutela bermatuko duten ekimenen alde. Txapelketa hau mugarria izango da gure lurraldean eskubaloi egokitua normalizatzeko, eta erakusten du kirolak eraldatzeko ahala duela, horrela gizarte bidezkoagoa, anitzagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko».
Arantxa Arzak Gipuzkoako Eskubaloi Federazioko ordezkariak adierazi duenez, "Txapelketa hau hainbat denboralditan zehar ekintza ezberdinekin landu den helburua da eta gure Kluben barruan egokitutako Eskubaloiaren normalizaziorako abiapuntua izan nahi du. Lanean jarraituko dugu gure Kirolean benetako inklusioa ezagutzera emateko, sustatzeko eta zubiak eraikitzeko”. Gainera, nabarmendu duenez, “klubekin eta gure lurraldean eskubaloia garatzen laguntzen duten pertsona askoren lankidetzarik, laguntzarik eta ilusiorik gabe ezinezkoa izango litzatekeen bidea egiten ari gara”.
Eta, azkenik, Amaia Elizondo, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko zuzendariaren hitzetan, “Gipuzkoako Taupada Txapelketak aukera paregabea eskaintzen die desgaitasuna duten gazteei. Izan ere, GKEFtik eskola kirol egokituko sarea martxan dugu Gipuzkoako eskualde ezberdinetan eta helburua kirol hastapena egitea da. Kasu honetan, eskubaloia aukera berri bat da desgaitasuna duten pertsonentzat, nahiz eta urteak diren lehen topaketak egiten hasi ginela. Era berean, nabarmentzekoa da, momentuz, lau kirol elkartek parte hartuko dutela, baina guztiak talde konbentzionalak direla. Hau da, ez dira kirol egokituko elkarteak: Txingudik, Ereintzak, Zarautzek eta Barakaldok aspalditik dituzte eskubaloi taldeak, eta horien artean, eskubaloi egokituari atea zabaldu diote, benetako ardura hartuz. Orain txapelketa aurkezten ari bagara ere, bide honetan, pertsona askok parte hartu dute; hala nola, bi federazioak, elkarteetako entrenatzaileak, epaileak, familiak, etab. Orain txapelketa martxan jartzea da gure erronka”.
Txapelketa honen helburua da eskubaloiaren praktika normalizatzea desgaitasuna duten pertsonen artean, kolektibo hori kiroletik kanpo uzten duten oztopo asko gainditzea, eta, gainera, kirolaren bidez inklusioa lortzea.
Txapelketan parte hartuko dute Ereintza Izarrak, Txingudi Echemar, Zarautz ZKE eta Barakaldoko Eskubaloi Kluba taldeek. Klub guztien artean, 70 jokalari izango dira. Txapelketa hiru asteburutan jokatuko da: urtarrilak 25-26, otsailak 22-23 eta martxoak 22-23. Hau izango da partiden egutegia:
JARDUNALDIA |
|
1. partida |
|
2. partida |
URTARRILAK 25-26 |
1 |
BARAKALDO – TXINGUDI |
2 |
EREINTZA – ZARAUTZ |
OTSAILAK 22-23 |
3 |
EREINTZA – TXINGUDI |
4 |
ZARAUTZ – BARAKALDO |
MARTXOAK 22-23 |
5 |
TXINGUDI - ZARAUTZ |
6 |
BARAKALDO - EREINTZA |
Hau da txapelketaren filosofiaren lema: Kiroltasun handiagoa, lehiakortasun txikiagoa. Kontua ez da irabaztea, baizik eta parte hartzea, helburu pertsonaletan aurrera egitea eta norberaren onena ematen ahalegintzea. Txapelketarako araudi bat egin da, eta parte hartuko duten klubekin partekatu da. Gainera, gaur arratsaldean, Kirol Etxean, eskubaloiko erregelamenduari buruzko prestakuntza emango zaie interesa duten guztiei, bai eta eskubaloiko partida egokituak zuzentzeko estrategiei buruzkoa ere.
Salto Foundation-en lankidetza
Txapelketa hau antolatzeko, Salto Fundation-en laguntza izan dugu, eta ekarpen hori oso garrantzitsua izan da lehiaketa honek ondo funtziona dezan. Guztion artean lagundu nahi dugu gizarte bidezkoago eta inklusiboago bat eraikitzen, aniztasuna errespetatzen duen gizarte bat, eta desgaitasuna duten pertsonen artean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren praktika sustatu nahi dugu, baldintza berdinetan, mugarik gabe, haien osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko.
2970