Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako Foru Aldundia, erreferentziazko erakundea Nazio Batuen GJHen esparruan

Gipuzkoako Foru Aldundia, erreferentziazko erakundea Nazio Batuen GJHen esparruan

United Cities and Local Governments (UCLG) sarearen txosten batek jarraibide egokien adibide gisa jarri du Gipuzkoako Foru Aldundia

United Cities and Local Governments (UCLG – Hirien eta Tokiko Gobernuen Sare Bateratua) sarearen txosten batek jarraibide egokien adibide gisa jarri du Gipuzkoako Foru Aldundia, Nazio Batuen 2030 Agendako garapen jasangarriko helburuen arloan (GJH) egin duen lanagatik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren gerizpean egiten ari denagatik, hain zuzen ere. “Gure lurraldeak apenas daraman legealdi bat lan egiten arlo horretan; beraz, esanguratsua da dagoeneko gu aipatzea nazioartean prestigio eta garrantzi handia duten argitalpenetan. Egindako lana oso ona izan da, eta Gipuzkoa hasita dago aitortua izaten erreferente gisa garapen jasangarriko helburuen eremuan”, azaldu Imanol Lasak, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak.
Delako argitalpena, Towards the localization of the SDGs (GJHen lokalizaziorantz), New Yorken aurkeztuko da (Estatu Batuak), aste honetan, Garapen Jasangarriari buruzko Goi Mailako Foro Politikoaren barruan, eta munduko hainbat administraziok 2030 Agendaren esparruan egindako lanaren bilduma gisa. Dokumentu horrek hiru aldiz aipatzen du Gipuzkoako Foru Aldundia, ahotan hartuz arlo hauetan egin duen lana: 2030 Agendaren garapena, Elkarbizi sarea (ekimen bat, zeinaren helburua baita Gipuzkoako udaletan gauzatzen diren esperientziak partekatzea, eta aniztasuna landuko den programa bat diseinatzea), eta bakegintzako politiken arloko ekimenak.   
Imanol Lasak gogorarazi duenez, Foru Aldundiak azken legealdian ekin zion GJHen barruan kokatzeari erakundeak aurrera eramaten dituen era askotako ekintzak eta proiektuak, Etorkizuna Eraikiz ekimenetik hasita. “Gure lurraldea konprometituta dago agenda global berri horrekin, helburutzat baitu pobrezia desagerraraztea, desberdintasuna murriztea, planeta babestea eta pertsona guztien onura bermatzea”, defendatu du Ekonomia Sustapeneko diputatuak. Horren haritik, gaineratu du ezen helburu hori lortzea gizarte osoari dagokiola, eta esparru horren barruan, “Foru Aldundiak rol aktibo bat hartu nahi du bere gain, lankide dituela lurraldeko herritarrak eta gizarteko nahiz ekonomiako eragileak, egunez egun lan egiten dutenak lehentasun horiek errealitate bihurtze aldera”. 
Lasak azpimarratu duenez, Foru Aldundiak legealdi honetan bultzatuko duen estrategia ekonomia berriak GJHak betetzea izango du helburu. “Lurraldearen etorkizunarentzako funtsezkoa da ekonomia lehiakorra eta gizarte politika sendo eta jasangarriak izatea. Horretarako, Gipuzkoak bere politikak lerrokatu behar ditu nazioartean dauden politika aurreratu eta anbizio handienekoekin, Nazio Batuek finkatutako Helburu hauek kasu”, zehaztu du. Horregatik, Ekonomia Sustapeneko diputatuak nabarmendu du lurraldearen nahia dela “ekonomia arloan indartsuagoak izatea” eta, oinarri honen gainean, “aurrerapausoak ematen jarraitu eta GJHak jasotzen dituzten helburuak bete”.   

 

Mintegiak eta kongresuak 
Lantegi horren adibide gisa, Foru Aldundiak zenbait mintegi egin zituen, 2018aren bukaeran, lurraldeko ekonomia eta gizarte eragileekin, haien helburua izanik, Lasak gogorarazi duenez, “espazioak sortzea GJHen sentsibilizaziorako eta analisirako”. Horrela, foru erakundearen asmoa zen Gipuzkoako agenda politikoaren ildo nagusiak definitzea eta GJHenekin lerrokatzea, Gipuzkoako gizarte antolatuarekin eskutik helduta lan eginez beti. Helburu berarekin, aurtengo otsailean egin zen nazioarteko biltzar hau: Etorkizuna Eraikiz. Open minded governance for your future - Gobernantza kolaboratiboa garapen jasangarriko helburuentzat. Han bildu ziren lehen mailako nazioarteko adituak eta mundu osoko administrazioen ordezkariak. Topaketa horrek aukera paregabea eman zuen lehen eskutik ezagutzeko bai gure lurraldean izandako esperientziak bai nazioarte mailako jardunbiderik egokienak, helburutzat hartuta betiere lurraldeko politikak GJHenekin lerrokatzea.  
Nazio Batuek 2015ean onetsi zuen Garapen Jasangarriari buruzko 2030 Agenda, zeina baita “abagune bat herrialdeek eta beren gizarteek bide berri bati ekin diezaioten, gizartearen bizimodua hobetzeko, inor atzean utzi gabe”. Agendak ezarritako 17 helburuen artean daude, besteak beste, pobrezia ezabatzea, klima aldaketaren aurkako borroka, hezkuntza, emakumearen berdintasuna, ingurumenaren defentsa, gure hirien diseinua, bakea eta bizikidetza, energia, eta ekoizpen nahiz kontsumo arduratsuak.

  

2573