Gipuzkoako Foru Aldundia katastro-balio berriak jakinarazten hasi da lurraldeko higiezinen jabeei
Gipuzkoako Foru Aldundia katastro-balio berriak jakinarazten hasi da lurraldeko higiezinen jabeei
Foru erakundeak 2001 urtetik berritu gabe zegoen hirilurren katastroa eguneratu du, bertan jasotako balioak merkatu errealekoekin lerrokatzeko
Gipuzkoako hirilurren katastroa berritu du Foru Aldundiak, 2001etik eguneratu gabe zegoena. Araudiaren arabera, zortzi urtean behin egokitu behar da erregistro hau eta ekimenaren helburua bertan jasotzen diren balioak merkatu errealekoarekin lerrokatzea da, gero zergadun bakoitzak bere zerga ekarpena dituen ondasunen balio errealaren arabera egin dezan. Honen guztiaren berri emateko, gutun bidalketa kanpaina jarri du gaur abian Ogasunak, ondasun higiezinen jabeei euren jabetzaren katastro-balio berria jakinarazteko.
Komunikazio kanpainak eduki eta asmo informatiboa du. Bertan, katastroan higiezin jakin bati buruzko dauden datuen berri emango zaio jabeari eta Aldundiak kalkulatu duen katastro-balioa. Gainera, Ogasunari hala jakinarazi dioten udalerrietan, 2017rako udaletxeak aurreikusten duen Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) tipoa eta, honen ondorioz, ordaindu beharreko kuota ere agertuko dira. Informazio gehiago nahi izanez gero udaletxera, katastroaren bulegora edota Ogasunaren lurralde bulegoetara jo daiteke. Higiezinaren balio berriarekin ados ez egonez gero, berriz, zergadunak errekurtso edo erreklamazioa aurkezterik izango du, abenduaren 1 eta 30aren artean.
Gipuzkoako katastroa lurraldeko hirilurreko higiezinen balioa jasotzen duen administrazio erregistroa da eta jasotzen duen balio horren gain ezartzen da Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ). Beste hainbat zergatan ere, Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zerga (AFHZ) edota Ondare Eskualdatzeen gaineko Zergan (OEA) kasu, ondasun higiezinen balioa zehazteko erabiltzen da. Erregistro hau berritzeko lurralde mailako merkatu ikerketa burutu du Aldundiak, hau da, azken urteetan egin diren banku tasazio eta benetako salerosketen azterketa ariketa, helburua betiere katastro-balioak merkatu errealera egokitzea delarik.
Ondasun Higiezinen gaineko Zerga
2017ko urtarrilaren 1ean jarriko da katastro eguneratua indarrean, eta honek eragina izango du, adierazi bezala, higiezinen jabeek ordaintzen duten Ondasun Higiezinen gaineko Zergan, udalen finantzaketarako oinarrizko erreminta. Araudia ezartzeko eskumena Gipuzkoako Batzar Nagusiek dute, baino zergaren kudeaketa udalerriek daramate, eta azken hauek dira tasak ezartzen dituztenak. Legediak tasa maximo batzuk ezartzen ditu: %0,4 arte hiritarra orokorra, eta %0,6 arte hiritarra industriala. Horra bitarte, udalei dagokie zenbatekoa zehaztea.
2487