Gipuzkoako Foru Aldundia klima aldaketari aurre egiteko ekintza plan bat prestatzen ari da
Gipuzkoako Foru Aldundia klima aldaketari aurre egiteko ekintza plan bat prestatzen ari da
114 milioi euroko inbertsioak ekarriko ditu 2018-2022 aldirako
Ekintza plana Ingurumen Departamentuak diseinatu duen eta foru erakundeak onartu berri duen Gipuzkoa Klima 2050 (GK2050) estrategiaren barruan kokatzen da.
Jose Ignacio Asensio: «Klima aldaketa da Gipuzkoak datozen 20 urteetan izango duen erronka garrantzitsuena».
Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroen barruan, klima aldaketa bezalako fenomeno global baten aurrean egon daitezkeen tokiko nahiz lurralde mailako alternatiba eta estrategiak aztertzen ari dira. Zehazki, «Gipuzkoa klima aldaketaren erronkaren aurrean» ikastaroak xedetzat du aztertzea zer aukera dauden berotze globala eta klimaren gaineko eraginak bezalako fenomeno global bati aurre egiteko Gipuzkoa bezalako eremu lokal batetik.
Zentzu horretan, gogorarazi behar da Gipuzkoa lurralde bereziki sentibera dela klima aldaketaren aurrean. Izan ere, egungo eszenatokian, aurreikuspenen arabera, itsasoaren maila 29 eta 49 cm artean igoko da, batezbesteko tenperaturek gora egingo dute 1,5º inguru, zenbait kasutan puntako 5º-ko igoerekin, eta muturreko fenomeno meteorologikoak ugaritu egingo dira, uholdeak egoteko arriskua areagotuz. Horrek guztiak aldaketa garrantzitsuak ekar diezazkioke gure ekosistemari: itsasoaren maila igotzeak soilik, gure hondartzen heren bat desagertzea ekar lezake, horrek gure kostaldean izango lukeen eraginarekin.
Ikastaroaren irekiera ekitaldian, gaur ospatu dena, Ingurumeneko diputatu Jose Ignacio Asensiok azpimarratu du zer garrantzitsua den tokiko estrategiak edukitzea. «Zalantzarik gabe, irizpide zientifikoek eta arau esparruek izaera orokor bat izan behar dute, halako dimentsioa duten arazoei aurre egin nahi bazaie; baina egia dena da Gipuzkoan, gure eskumenen esparruan, emisioak murrizteko, berotze globala saihesteko eta klima aldaketari aurre egiteko egin dezakegun hori guk egiten ez badugu, inork ez duela egingo». Legealdi honetan lehendabiziko aldiz foru erakundearen agendan sartu den gai honetan, Gipuzkoak bide luzea du egiteko, «Hasteko, GK 2050 estrategia onartu dugu. Bertan zehaztuta daude zer arlotan jardun behar dugun, eta zer helburu lortu behar ditugun. Hortik abiatuta, ekintza plan bat jarriko dugu abian, 114 milioi euroko inbertsioekin, klima aldaketari lotuta, 2018-2022 aldirako». Ekintza plan honen barruan askotariko jarduketak dauden sartuta, emisioen murrizketari lotutako ekintza espezifikoetatik hasi, eta jada aurreikusita dauden proiektu eta azpiegiturak klimarekiko arduratsua den politika baten eskakizunetara egokitzeko lanetara arte. Planaren xehetasunak udako ikastaroan ezagutaraziko dira bihar, GK 2050 estrategiari buruzko hitzaldian. Gainera, eta politika horiek guztiak koordinatzeko, Klima Aldaketaren Fundazioa sortu da. Fundazioak aurten emango ditu lehenengo urratsak, eta behatoki bat edukiko du, berotze globalak gure lurraldean duen eraginari eta eta eragin horren bilakaerari buruzko datuak biltzeko».
Ikastaroak eremu instituzional eta akademikoko adituak eta ordezkariak bildu ditu. Lehenengo egunean, gaurko egunean, Ingurumeneko estatu idazkari Hugo Moranek azaldu du zer politika sustatuko diren Estatutik Espainiaren trantsizio ekologikoa bultzatzeko; era berean, Europako Batzordeko ingurumenaren arloko aholkulari den Jesus Maria Alquezarrek gai honen inguruko politika europarrak azaldu ditu; BC3 Klima Aldaketa Ikergai Zentroko zuzendari Maria Jose Sanzek azpimarratu du zer garrantzitsua den tokiko komunitateetatik egiten den lana, berotze globalaren aurkako estrategia eraginkorrak abian jartzeko.
Bigarren egunean, bihar, Gipuzkoan egiten den lana aztertuko da. Zehazki, Ingurumeneko zuzendari Monica Pedreirak onartu berri den GK2050 Estrategia -Gipuzkoan klima aldaketari aurre egitekoa- azalduko du, eta 2018-2022 aldirako aurreikusten den ekintza planari buruzko xehetasunak emango ditu, Aldundiak aurreikusita baitu plan horretan 114 milioi euroko inbertsioa egitea. Ondoren, Obra Hidraulikoetako zuzendari Felix Asensiok hitzaldi bat emango du, klima aldaketak Gipuzkoako ibai ibilguetan izango duen eraginari buruz. Amaitzeko, IHOBEko Marian Barquinek euskal gizarteak klima aldaketari buruz duen pertzepzioaren inguruan egin den azterketaren ondorioak azalduko ditu. Ikastaroa amaitzeko, mahainguru bat egingo da, hizlariek eta ikasleek ikastaroan zehar landu diren gaiei buruz eztabaidatu dezaten.
Ikastaroari buruzko informazioa eta egitaraua
https://www.uik.eus/es/gipuzkoa-ante-el-desafio-del-cambio-climatico
1627