Gipuzkoako Foru Aldundiak 172,6 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen 2022 urtean
Gipuzkoako Foru Aldundiak 172,6 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu zuen 2022 urtean
Ogasunak 90.020 jarduketa egin zituen pasa den urtean alor honetan
Jokin Perona Ogasun eta Finantzetako foru diputatua
Gipuzkoako foru Ogasunak 172,6 milioi euro azaleratu zituen pasa den urtean, zerga iruzurraren aurkako borrokan egindako jarduketen ondorioz. Azaleratutakoa zergaz zerga xehatuta, 59,2 milioi euro azaleratu ziren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta Ondarearen gaineko Zergan; 36 milioi euro Sozietateen gaineko Zergan; 67,8 milioi euro Balio Erantsiaren gaineko Zergan (BEZ); eta, azkenik 9,5 milioi euro gainerako zergetan. “Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat helburu estrategikoa da zerga ihesa borrokatzea eta, honen harira, alor honetan lanean diharduten pertsona guztiak zoriondu nahi nituzke, pasa den urtean egindako lanagatik”, adierazi du Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jokin Peronak.
Foru diputatua Gipuzkoak Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantzetako batzordean agertu da gaur goizean, Irune Yarza Ogasuneko zuzendariarekin batera. Bertan eman dute pasa den urteko zerga iruzurraren kontrako jarduketaren berri, eta baita ere aurtengo urterako egiaztapen plana gizarteratu dute. Bere hitzaldian, Peronak gogoratu du 2022 urte positiboa izan zela arlo ekonomikoan, eta ekonomia, enplegua eta enpresak indartzen jarraitzen dutela. Gainera, nabarmendu du Ogasunak “gero eta informazio iturri gehiago dituela” eta garapen teknologiko “oso garrantzitsua” ari dela bultzatzen, eta honi esker “iruzurrari gero eta tarte gutxiago uzten ari gara”.
Pasa den urtean egindako esku hartzeei erreparatuta, foru erakundeak 90.020 jarduketa egin zituen. Batez beste, egunero iruzurraren kontrako 247 jarduketa inguru egin zituen lurraldeko zerga administrazioak pasa den urtean. Zerga zerga banatuta, 33.520 jarduketa egin ziren PFEZan edo Ondarearen gaineko Zergan; 4.582 Sozietateen gaineko Zergan; 42.532 BEZan; eta 9.386 gainerako zergetan. Guztira, azaleratutako zorra 144,6 milioi eurokoa izan da, gehi beste 18,8 milioi euro interes eta errekargutan eta beste 9,2 milioi euro isunetan.
Egindako jarduketen detailera jaitsiz gero, hiru motatako esku hartzeak aipatu daitezke: informazio lortzera bideratuak, prebentziozkoak eta erregularizazio eta kobrantza jarduketak. Lehen taldean, aipatzekoa da nazioarteko informazio trukaketarako akordioei esker, 122.750 euro azaleratu direla pentsioetan, eta beste 553.443 euro atzerrian dauden ondasun eta eskubideetan. Gainera, administrazioen arteko informazio trukaketaren arloan, 9,9 milioi datu partekatu dira Estatuko zerga administrazioarekin eta Araba eta Bizkaiko foru Ogasunekin, eta Berehalako Informazio Horniduraren (BIH) bitartez 28,8 milioi faktura jaso dira.
Prebentzio jarduketen atalean, Peronak informazioaren kudeaketan egindako aurrerapausoak nabarmendu ditu, BIH edota TicketBAI bezalako proiektuen eskutik. Gainera, aipatu ditu gizarteari begira egindako hainbat ekimen ere, esaterako, ikastetxetan egiten den unitate didaktikoa: azken ikasturtean, Gipuzkoako 92 ikastetxek hartu zuten parte ekimenean, 3.597 ikaslerekin. Bestalde, pasa den udan egin zen ‘Desberdintasuna, fiskalitatea eta eredu produktiboa” uda ikastaroa edota aholkulari eta bitartekariekin egindako urteko foroak ere aipatu ditu. Gainera, herritarrek aurkeztutako 164 salaketa ere tramitatu dira, eta hauetatik 22 likidazioekin amaitu dira, 2,7 milioi euroko zorra azaleratuz. Azkenik, erregularizazio eta kobrantza jarduketen atalean, jasotako informazioan atzemandako inkoherentziei jarraiki 37.185 likidazio eta 72,6 milioi euroko zerga iruzurra azaleratu dira, eta 1.970 ez aitortzaileri egin zaizkie likidazioak, beste 6,9 milioi euro aurkituz hauetan. Gainera, Fiskaltzara 9 espediente bidali dira iruzur zantzuak daudelako, 29,2 milioi euroko balioarekin.
Elkarlanean azpimarra
Foru diputatuak beste zerga administrazioekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin duten elkarlanean jarri du azpimarra. Izan ere, Gipuzkoako foru Ogasuna ahalegin berezia ari da egiten dituen informazio iturriak hedatzen jarraitzeko eta, bide honetan, berebiziko garrantzia dute lurraldeko gizarte antolatuarekin zein beste zerga administrazioekin eraikitzen ari den aliantza sareak. Esan duenez, “Ogasunak ezin du isolatuta egin lan, gutxiago alor honetan”. “Beste zerga erakundeekin eta eragileekin sare partekatuak eraikitzen jarraitu behar dugu eta, zorionez, azken urteetan esan dezakegu pausu garrantzitsuak eman ditugula alor honetan. Lan honi esker, zerga iruzurrak baliatzen dituen espazio eta tarteak gero eta estuagoak dira”, nabarmendu du.
Aurrera begira, Peronak adierazi du informazio iturriak zabaltzen jarraitzen duela Ogasunak, bai beste eragileekin dituen akordioen edota TicketBAI bezalako proiektuen eskutik, eta datu hauek kudeatzeko eta ustiatzeko pertsonetan eta teknologian inbertitzen jarraituko duela baieztatu du. Hala ere, gogoratu du prebentzioa dela iruzurrari aurre egiteko modurik eraginkorrena eta, horregatik, Gipuzkoako foru Ogasunak kontzientziazioaren eta kultura fiskala hedatzearen aldeko egitasmoekin duen konpromisoa berretsi du. “Herrialde aurreratua izan nahi badugu, zerga iruzurrak ezin du tokirik izan gure artean. Eta, hori lortzeko, Ogasunak lanean jarraituko du”, nabarmendu du.
2023ko Egiaztapen Plana
Bestalde, aurtengo urteari begiratuta, Gipuzkoako foru Ogasunak pertsonetan, teknologian, kontzientziazioan eta informazioan inbertitzen jarraitzeko asmoa dutela nabarmendu dute Peronak eta Yarzak. Gogoratu dutenez, zerga iruzurraren aurkako jarduketak hiru kategoria handitan sailkatzen dira, eta horrela daude jasota 2023ko Egiaztapen Planean ere: lehenik, informazio lortzeko jarduketak; bigarrenik, prebentzio jarduketak; eta, hirugarrenik, erregularizazio eta kobrantza jarduketak. Lehen lerroari helduta, informazioa lortzeko jarduketena, hemen jasotzen dira zergen ikuspegitik garrantzia duen informazio lortzera bideratzen diren edozein esku hartze. Arlo honetan, Ogasunak mundu mailan egingo du lan, informazio trukatzeko nazioarteko akordioak ustiatzen eta nazioartean diharduten zergadunak zaintzen, eta arreta berezia jarriko du 2023 urtean ezar daitezken zerga berrietan.
Honekin batera, informazio iturriak zabaltzeko egingo du lan, esaterako gaineko zerga administrazioekin edo bestelako elkarteekin harremanak sendotuz. Aldi berean, informazio lortzeko beste bide batzuk esploratuko dira (eredu informatiboak, esaterako), eta behar izanez gero informazio bilketa masiboak ere egingo dira. Bestalde, jarduera ekonomikoak dituzten zergadunen etekinen kontrol integrala egitea ere aurreikusten du Ogasunak, eta TicketBAIn egiaztapen jarduerak egingo ditu. Azkenik, kontutan izango da baita ere negozio eredu berrien analisia, ekonomia digitala kasu. “Administrazioak haietan sortzen diren negozio berriak aztertu, ulertu eta haien gainean jardun behar du, haien betebehar fiskalen bidez modu zuzen eta ekitatibo batean ekarpena egin dezaten”, esan du Peronak.
Bigarren lerroari dagokionean, prebentzio jarduketak, jarduera ekonomikoak egiten dituztenen fakturazioari buruzko informazioa lortzean jarriko du Ogasunak arreta berezia. Horretarako, Berehalako Informazio Hornidura (BIH) eta TicketBAI proiektuak izango dira oinarria. Honekin batera, teknologia berriak aplikatuko dira arrisku fiskalen analisia etengabe hobetzeko, Estrategia Teknologikoko Unitatea bultzatzen ari den ekimenen eskutik. Ogasunak unitate didaktikoaren bitartez jarraituko du eskoletan prebentzioa lantzen, eta zerga betebeharrak borondatez betetzeko ekintzak sustatzen eta bideak irekitzen jarraituko du.
Hirugarrenik, erregularizazio eta kobrantza jarduketei dagokionean, enpresa taldeen, jarduera ekonomikoak egiten dituzten zergadunen edota ondare sozietateen kontrolean jarriko da arreta. Aldi berean, behartuta egonda ere zergen autolikidazioak aurkezten ez dituzten zergadunak edota eragiketa bolumenagatik, hainbat zerga administrazioetan aritzen direnak kontrolatuko dira, eta arreta berezia jarriko da edozein irregulartasun aurkezten dutenetan. Puntu honetan, zerga guztietan arituko da foru Ogasuna zerga iruzurraren kontrako lanean.
3223