Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitu ditu Zegama eta Segura arteko GI-2637 errepidea hobetzeko lanak

Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitu ditu Zegama eta Segura arteko GI-2637 errepidea hobetzeko lanak

Azken zati honen berritzearekin, errepidea bere osotasunean hobetu da Idiazabalgo N-I errepidearen eta Zegamaren artean. Azken 20 urteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak 15 milioi euro inguruko inbertsioa egin du GI-2637 errepidearen hobekuntzan.

2020/12/23

Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitu ditu Zegama eta Segura arteko GI-2637 errepidea hobetzeko lanak. Kortaberriko biribilgunetik Ondaraldea industrialdera doan zatiaren hobekuntzarekin Zegama eta N-I errepidea Idiazabal parean lotzen dituen bidea hobetzeko proiektua amaitutzat eman da. Gaur, bisitan izan da, Zegaman, Bide Azpiegitura diputatu Aintzane Oiarbide eta, Joseba Izagirre alkatearekin batera, bertatik bertara ikusi du emaitza. “Bailarakoentzat ezinbestekoa den errepide hau egokitzearekin nabarmen hobetu dira bertako biztanle eta langileen irisgarritasuna eta segurtasuna eguneroko joan-etorrietan”, azpimarratu du diputatuak.

 “Orain arte leku estua zegoen eta zenbait unetan bi auto momentu berean igarotzeko zailtasunak egoten ziren. Orain, obraren ostean, hiru metroko bi erreil eta 0,50 metroko bazterbideak ditu; espazio gehiago dago erosotasunez gidatu ahal izateko”, azaldu du Aintzane Oiarbidek. Berritze lanak ekainaren amaieran hasi ziren eta sei hilabeteko epea eta 1.373.673,76 €ko aurrekontua izan dute.

Duela urte batzuetatik hona, Foru Aldundia lanean aritu da Oria ibaiaren goi-ibarra zeharkatzen duen GI-2637 eskualde-errepidearen trazadura hobetzeko, Zegama, Segura, Zerain eta Mutiloa herriei zerbitzua emanez, Idiazabalgo N-I errepidearekin lotuz, egungo gizarte-eskakizunetara egokitzeko eta erabiltzen dutenen segurtasuna areagotzeko.

 Sei etapatan egin da egokitzapen lan hori; 1999an hasi zen Segurako bariantearekin eta amaitu berri da azkena, Zegaman, Kortaberriko biribilgunetik Ondaraldea industrialdera doan zatiaren hobekuntzarekin. “Segurako ingurabidearen osten, Intxausti parean Oria ibaiaren bideratzeari ekin genion. Ondoren Idiazabal eta Segura artean errepidea zabaltzea eta hobetzea etorri zen eta 2009an, Seguratik Kortaberriko biribilgunera arteko zatiari tokatu zitzaion”, azaldu du Aintzane Oiarbidek. “Duela bi urte, Zegama eta inguruko oinezkoentzat ezinbestekoa den obrari ekin genion, Ondaraldea poligonotik Zegama herrigunera arteko bidea zabaltzeari eta oinezkoentzat eta bizikleta zaleentzako bidea eraikitzeari. Horri esker, gaur egun segurtasunez ibili daiteke bai oinez bai bizikletan Zegama eta Idiazabal artean”.

Aintzane Oiarbide diputatuak azaldu duenez, azken 20 urteetan Aldundiak 15 milioi euro inguruko inbertsioa egin du GI-2637 errepidearen hobekuntzan. “Errepide honen hobetzea probintziako lurralde orekaren barnean kokatzen da. Errepide nagusietan egiten diren hobekuntzekin batera, bigarren mailako bideak ere onak izatea ezinbestekoa da, kasu honetan Aizkorpe bailarako herriak lotu eta N-I-erako sarbidea errazteko”, amaitu du esanez Oiarbidek.

 

  

2147