Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako Foru Aldundiak aniztasun gaietan lanean dabiltzan teknikari eta hautetsien sarea bultzatuko du

Gipuzkoako Foru Aldundiak aniztasun gaietan lanean dabiltzan teknikari eta hautetsien sarea bultzatuko du

Arlo hauetan jarduten duten lurraldeko arduradun tekniko zein politikoen arteko ezagutza, elkarlana eta sinergiak sustatu nahi dira

Gipuzkoako Foru Aldundiak udalerrietan aniztasun eta migrazio gaietan lanean dabiltzan arduradun tekniko eta politikoen Elkarbizi sarea bultzatuko du, arlo hauetan diharduten udal arduradunen artean ezagutza, elkarlana eta sinergiak sustatzeko asmoz. Foru erakundeko Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendariak, Maribel Vaquerok, ekimenaren berri eman die gaur lurraldeko udalen ordezkaritzari, azpimarratuz esparru honek bizikidetzarako duen berebiziko garrantzia eta, hori dela eta, erakundeek atentzio berezia eskaini behar diotela eta esku-hartzea planifikatu.
Topaketaren baitan, Vaquerok argi utzi nahi izan du “aniztasunaren” afera ez dela migrazio kontuetara bakarrik mugatzen, baizik eta plangintzak aniztasun erlijiosoa, kulturala, sexuala eta politikoa ere kontuan hartu behar dituela. “Aniztasuna modu orokorrean landu nahi dugu”, esan du foru zuzendariak, gizarte moderno eta ezberdintasunik gabeko bat eraikitzerako orduan kontu honek duen garrantzia berretsiz. Zentzu honetan, Vaquerok aitortza egin die udal arduradunek orain arte eremu honetan egin duten “lan mardul eta oparoari”.
Azken urteetako lana oinarri hartuz, eta Emun erakundearekin elkarlanean, udal teknikari eta hautetsien bi bilgune antolatzea aurreikusten da: teknikarien bilguneak, batetik, urtean lau aldiz elkartuko direnak, eta Gipuzkoako Foro Orokorra bestetik, urtean bitan arduradun tekniko zein politikoak batzartuko dituena. Gainera, Intranet bidezko foroa abian jarriko da, esparru honetako komunikazio kanala izateko asmoarekin. 
Bestalde, gaurko hitzorduak udalei aurten 120.000 euro bideratuko zaizkiela komunikatzeko ere baliatu Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendariak, aniztasun jarduketak finantzatzeko. Deialdi honen bidez Foru Aldundiak harrera planetan, sentsibilizazioan eta prebentzioan bereziki eragin nahi du.
Aurrera begira, foru erakundeko arduradunak datozen urteetako Giza Eskubide eta Integraziorako Elkarbizitza lan egitasmoa diseinatzen ari direla ere aurreratu du, egin diren praktika eta politikak sistematizatu eta akzio plana finkatuko dituen proiektua hain zuzen. Puntu honetan Deustuko Unibertsitatearekin ari da lanean Aldundia.

  

1935