Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako Foru Aldundiak Batzar Nagusietan aurkeztu du fortuna handien aldi baterako elkartasun zerga

Gipuzkoako Foru Aldundiak Batzar Nagusietan aurkeztu du fortuna handien aldi baterako elkartasun zerga

Fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zerga indarrean dagoen ondarearen gaineko zergaren osagarri den zerga-proiektu gisa planteatzen da.

2023/11/07
Batzar nagusiak

Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zergaren (FHAEZ) foru arauaren proiektua aurkeztu du gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusien Batzordean. Bere hitzaldian, Peronak joan den urriaren 24an Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluan onetsi zen zerga proiektu honen aplikazioaren xehetasunak azaldu ditu Batzar Nagusietako talde politikoen aurrean. Proposamena presako prozeduraren bidez izapidetzen ari da, abenduaren 31 baino lehen onartuta egon dadin, 2023ko ekitaldi honi dagokion zerga kobratzeko zerga-sisteman sartzeko.

Fortuna handien gaineko aldi baterako elkartasun zerga aplikatzeko, kontuan hartu da Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak 2022ko abenduaren 27an lortutako akordioa, 38/2022 Legearen bidez onartua. Peronaren hitzetan, «legearen arabera, tributu pertsonala da, egungo ondarearen gaineko zergaren osagarria». Zerga berriak 3,2 milioi eurotik gorako ondare garbiak zergapetuko ditu.

Zerga honen elementu nagusiek Gipuzkoako Lurralde Historikoan indarrean dagoen ondarearen gaineko zergaren erregulazioa jarraitzen dute, ekainaren 11ko 2/2018 Foru Arauarekin bat etorriz, hala nola haren aplikazio-eremuarekin, salbuespenekin, zergadunarekin, zerga-oinarriarekin, likidazio-oinarriarekin eta sortzapenarekin lotutako alderdiak.

Azaldu duenez, proiektu berriak «lau tarteko tarifa bat planteatzen du, % 1,70eko tasarekin 3,2 milioi euroko likidazio-oinarritik aurrera, eta % 3,50eko gehieneko tasarekin 16 milioi eurotik gorako likidazio-oinarrietarako».

Likidazio-oinarria, gehienez

(Euroak)

Kuota osoa

(Euroak)

Likidazio-oinarriaren

gainerakoa, gehienez (Euroak)

Tasa aplikagarria (%)
3.200.000 0 3.200.000 % 1,70
6.400.000 54.400 6.400.000 % 2,10
12.800.000 188.800 3.200.000 % 2,50
16.000.000 268.800 Hortik gora % 3,50

 

Kuota osoaren muga kalkulatzeko, kontuan hartu beharreko PFEZaren oinarri ezargarriaren portzentajea % 60 izango da, eta kuotaren gehieneko murrizketa % 80.

Zerga-zorra zehaztean, ekitaldi berari dagokion ondarearen gaineko zergaren kuota kenduko da.

Autolikidazioa aurkezteko betebeharrari dagokionez, horretara behartuta egongo dira ordaintzeko emaitza ateratzen zaien pertsona fisiko zergadunak.

Azken hiru ekitaldietako ondarearen gaineko zergaren aitorpenetan oinarrituta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuak uste du zerga berri honek hamar bat zergaduni eragingo diela eta 300.000 eurotik gorako bilketa-eragin positiboa izango duela.

«Zerga proiektu honen bidez, ondarearen gaineko zergaren osagarritasuna bermatzen da, eta estatu mailan onartutako elkartasun zerga Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-sistemara egokitzen da», nabarmendu du Peronak.

Bere hitzaldian zergen funtzionaltasun bikoitza zein den gogorarazi du: «alde batetik, zerbitzu publikoen iraunkortasuna bermatzea eta aberastasuna birbanatzea, lurraldean oreka bermatzeko, eta, bestetik, Gipuzkoako garapen ekonomiko eta industrialari laguntzea». Ildo horretan, azpimarratu du beharrezkoa dela zerga-proiektua adostea 2023ko ekitaldian aplikatu ahal izateko.

Gaur aurkeztutako fortuna handien gaineko zerga aldi baterakoa izango da 2023ko ekitaldirako, Ekonomia Itunean jasotzen den bezala.

  

2068