Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik 400 profesional baino gehiago prestatuko dituzte adinekoak zaintzeko

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik 400 profesional baino gehiago prestatuko dituzte adinekoak zaintzeko

Dagoeneko aktibatu da Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoaren baitan zainketak emateko ziurtagiri profesionala eskuratzeko doako ikastaroaren bigarren edizioa

Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri fundazioak urteak daramatzate zaintzaile profesionalen gaikuntza eta prestakuntza sustatzeko lanean. Azken urtean bi erakundeen artean aktibatutako gaikuntza ibilbidearen baitan, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzarekin, 400 profesionalen baino gehiago trebatu dituzte adinekoen zaintzan. Ehun langile inguruk lortu dute –gehienak emakumeak– Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoaren esparruko profesionaltasun ziurtagiria; prestazio hori Aldundiak ematen die beren etxean bizi diren eta zaintzaile profesional bat kontratatuta duten mendeko pertsonei. Lehenengo edizioaren arrakasta ikusirik, 2024an ere emango dira ikastaroak.

Prestakuntza ikastaro horien helburua da Gipuzkoako etxeetan ematen diren zainketak profesionalizatzea, gehienbat emakume migratzaileek ematen dituztenak. Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailaren baterako finantzazioarekin, Zainlaben esparruan, 2023. urtearen hasieran jarri zuen abian lehen deialdia eta, aurtengo edizioan 8 ikastaro berri jarri dira martxan, 150 pertsona trebatzeko 8 taldetan (4 dagoeneko abian dira). Ikastaroak Grupo SSI, Nazaret eta Inmaculada Ikastetxeak ematen dituzte, Gipuzkoako hainbat eskualdetara iritsi ahal izateko.

Ikastaroa doakoa da, eta 480 prestakuntza-ordu ditu, eta berariaz egokitzen da ikastaroa zuzentzen zaion kolektiboaren beharretara eta prestasunera. Gainera, ekintza honek akonpainamendu zerbitzu bat eskaintzen du zaintzaile gisa jarduteko kualifikazio profesionala egiaztatzen duen ziurtagiri profesionala eskuratzeko. Izen-emateak 688 825 452 telefonora deituta egin daitezke.

Gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiak Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa ematen die mendekotasunen bat duten 6.364 pertsonari, eta horiei esker 4.600 zaintzaile kontratatzen dira. “Zaintzaile profesionalei gaitasun teknikoak eman nahi dizkiegu, mendekotasuna duten pertsonek etxean jasotzen duten arreta hobetzen jarraitzeko; urrats erabakigarria da zaintza profesionalizatzeko”. Ildo horretan, Maite Peñak, Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, adierazi du ekintza hori zainketen arloan lan egiten duten profesionalentzako prestakuntza-estrategia baten baitan txertatzen dela, eta estrategia horrek sei lan-ildo dituela. “Helburua da eskariaren beharrei erantzutea, sektorearen profesionalizazioan aurrera egitea, zainketen sektoreari balioa ematea eta sektore horretan berrikuntza sustatzea”, azaldu du.

‘Proiektu bereziak’

Aldundiaren eta Adinberriren gaikuntzarako ibilbidea haratago doa, eta Lanbideren ‘Proiektu bereziak’ ekimenaren bidez beste 200 langabeturengana iritsiko da, zainketen esparruan zaintzaile profesional gisa jarduteko aukera izan dezaten; gero eta zaharragoa den eta etxean ahalik eta denbora gehien bizitzea eskatzen duen gizartean urtero %5 hazten den eskaerari erantzunez. Ildo horretan, beste prestakuntza lerro honek aukera ematen du praktikak egiteko gizarte baliabideetan, hala nola, egoitzetan edo eguneko zentroetan. Ikastaroetan parte hartu dutenetako askok lortu du Gipuzkoako merkatu profesional soziosanitarioan txertatzea.

Esparru horretan, Aldundiaren Elkarrekin Lanean enplegagarritasun estrategiaren baitan, Adinberrik Gipuzkoako arretaren eta zainketen esparruan prestakuntza proiektuak ere sustatu ditu, bideratzen direnak pertsona eta kolektibo zaurgarrienentzako enplegua sortzera.

  

2286