Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Fagor Taldeak hizkuntza berdintasuneko estrategiak partekatu dituzte
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Fagor Taldeak hizkuntza berdintasuneko estrategiak partekatu dituzte
Markel Olano: “Euskararen erabileraren indartzea enpresen bihotzetan ere garatzea ezinbestekoa da”
Gipuzkoako diputatu nagusia, Markel Olano eta Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Garbiñe Mendizabal, Arrasaten izan dira gaur goizean Fagor Taldearekin batera euskara euren erakundeetan sustatzeko egiten duten lana partekatzeko. Olano eta Mendizabalekin batera egon dira, Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Joxean Alustiza, Fagor Taldeko lehendakaria; Leire Okarantza, Fagor Taldeko Euskara koordinatzailea eta Aritz Otxandiano, Gizarte Eraldaketako Proiektuaren arduraduna.
Olanok adierazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburu estrategikoen artean dago hizkuntza berdintasunarena, eta erronka horri enpresaren mundutik heltzea ere beharrezkoa da. “Gaur bi erakundeen asmo eta estrategiak partekatu ditugu, hizkuntza berdintasuna lortze alderako bidea elkarrekin egin dezagun”, gehitu du. Hori lortzeko, elkarlanaren garrantzia azpimarratu du, “guztion artean landu beharreko erronka delako hizkuntza berdintasunarena”.
Fagor Taldearen xede nagusietako bat da Gizarte Eraldaketa Proiektua garatzea, batez ere, eskualdearen erronkei aurre egiteko. Marko horretan kokatzen du euskararen biziberritzean egindako ibilbidea eta aurrera begira markatutako ildo estrategikoak.
Gipuzkoa Berdinago
Gipuzkoako Foru Aldundia eta Fagor Taldea dira, hain zuzen ere, pasa den azaroan sinatu zen Gipuzkoa Berdinago akordioaren sustatzaileetako batzuk. Urtebeteko lanaren ondoren, Gipuzkoako 18 erakunde, enpresa eta eragile garrantzitsuenek Foru Aldundiak bultzatutako Gipuzkoa Berdinago ekimena sinatu zuten, jendaurreko hizkuntza jokamoldea bateratzeko helburuarekin. “Euskara lehenetsi behar dugu benetako hizkuntza berdintasuna lortzeko, aurrerapausuak elkarrekin eginez”, azpimarratu du Olanok.
Gipuzkoa Berdinago akordioaren bidez, hizkuntza irizpideak finkatzeaz gain, trebakuntzan aurrera egitea da helburua, bi hizkuntzen arteko oreka indartuz; etorkizunean hizkuntza berdintasuna lortzeko.
“Eskuartean dugun erronkaren garrantzia ahaztu gabe, elkarlanean jarraituko dugu etorkizunean benetako hizkuntza berdintasuna lortzeko; markatu genuen ibilbidean geroz eta indar handiagoa egiteko asmoarekin”, gaineratu du diputatu nagusiak.
2709