Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako Foru Aldundiak Kanpazarreko errepidea zabalduko du

Gipuzkoako Foru Aldundiak Kanpazarreko errepidea zabalduko du

Lanak sei hilabeteko epea izango dute eta 1,2 milioi euroko aurrekontua, eta 2022an lizitatuko direla aurreikusten da

2021/10/27

Gipuzkoako Foru Aldundiak Arrasatetik Elorriora Kanpazarretik hartuta doan N-636  errepidea hobetuko duela iragarri du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak gaur, Maria Ubarretxena alkatearekin batera, Arrasateko udaletxean eman duen prentsaurrekoan. “Gaur egun Epeleko errepideak hiru errei ditu Kanpazarreko igoeran, azken ia 900 metroetan izan ezik. Eta zati hori da nabarmen zabalduko duguna”, aurreratu du Oiarbidek. Lanak 2022an hasiko dira eta sei hilabeteko iraupena eta 1,2 milioi euroko aurrekontua izango dute.

          Proiektuaren aurkezpenean Oiarbidek azaldu du hobetu beharreko errepideko 34,100 eta 34,978 kilometro puntuen arteko zatiak trazatu bihurgunetsua duela eta luzeraren zati handi batean plataformaren zabalera ez dela 7,00 m baino gehiagokoa: “Errepidearen puntu estuenetan zailtasunak sortzen dira bi ibilgailu gurutzatzerakoan, bereziki kamioiak direnean”, adierazi du diputatuak.

          Aurkeztu den proiektuak jasotzen duenez, errepidearen plataforma 9 metroraino zabalduko da ibilbide guztian; galtzadak 7 metro zabal izango ditu eta metro bateko artzen edo bazterbidea alde bakoitzean. “Zabaltze lanak errepidearen ezkerreko aldean, Elorrioko noranzkoan, egingo dira ia oso-osorik. Luzerako profila, berriz, ia ez da aldatzen, nahiz eta zuzenketa txiki batzuk egingo diren eta aldaketa horiek, galtzadaren zabalera handitzearekin batera, N-636 errepideko zati horretako segurtasun baldintzak nabarmen hobetzea ekarriko dute”, azaldu du Aintzane Oiarbidek eta gehitu du zabaltzearekin batera errepidearen zorua birgaitu eta ezponda berrietan, higadura arriskua murrizteko, hidroereintza bidez belar espezieak birlandatuko direla.

             Jarduketaren xede den errepide zatia Arrasateko udal mugartean dago osorik, 926,00 m-ko luzeran, eta muga hauek ditu: GI-3551 eta N-636-ko bidegurutzea eta Bizkaiko eta Gipuzkoako muga, hasierako eta amaierako puntuetan, hurrenez hurren.

 

Kanpazar

N-636 errepideak Kanpazarreko portuaren bidez Gipuzkoa eta Bizkaia lotzen ditu eta Debagoienako gidari eta garraiolari askorentzat Bilbo norabideko irteera ohikoena da. “Egunean 7.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen dira eta horietako %17 ibilgailu astunak dira”, azaldu du Oiarbidek.

          Bere garaian Kanpazarreko azken zatia libratzeko tunel bat aurreikusi bazen ere, "Azpiegitura horrek beharko lituzkeen inbertsioak eta mantentze-gastuak berriz planteatu behar dira, eguneratutako araudi teknikoetara egokituz eta beste aukera batzuk aztertuz", adierazi du Bide Azpiegituretako diputatuak.

          Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko lotura egiteko proposatu zen tunela, baina Europako zuzentarauak aldatu egin dira, eta zuzentarau horien arabera, "ez litzateke tunel bakarra izango, bi baizik. Tunelen segurtasunerako zuzentarauak, kasu honetan, noranzko bakoitzean tunel bat egitea eskatzen du; beraz, bi tunel egin beharko lirateke”, adierazi du Oiarbidek. “Horrek ingurumenean eragin handiagoa izatea dakar, eta, bestalde, inbertsioa ere asko handituko litzateke; 120 milioi baino gehiagoko aurreikuspenak daude”, gehitu du.

          Amaitzeko, diputatuak aurreratu du Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu berri bat egitea adostu dutela eta proiektu horretan eraikuntza proiektu batek behar dituen parametro guztiak aztertuko direla, ingurumen inpaktuak, oztopoak, irtenbiderik egokienak eta horrek ekarriko duen inbertsioa jasoko dituena. Azterketa proiektu hau 2022an egingo hasiko gara idazten.

  

3495