Gipuzkoako Foru Aldundiak Mirafloreseko espaloia egin eta finantzatuko du Eibarren
Gipuzkoako Foru Aldundiak Mirafloreseko espaloia egin eta finantzatuko du Eibarren
Bide Azpiegitura departamentuak obra egitea erabaki du Eibarko auzo horretako bizilagunen irisgarritasun eta mugikortasun arazoei irtenbidea emateko
Gipuzkoako Foru Aldundiak GI-3950 errepidean, bide-segurtasuna hobetu nahian, espaloia eraikiko du. Hain zuzen ere, Arrateko gainera igotzeko bide hasieraren eta Miraflores auzora sartzeko bidegurutzearen arteko zatian. Espaloia eraikitzeaz gain, Arrateko gainera igotzeko bidegurutzea aldatuko da eta tarte osoan dauden seinaleak egokituko dira.
Errepidearen zabalera (3 eta 3,2 metro artekoa) eta errepide alboetan dauden paretak kontuan izanik metro bateko zabalera izango duen espaloia proiektatu da. Horrez gain, Miraflores auzoaren sarbidetik gertuen dagoen eremuan hormigoizko horma eraikiko da zati horretan espaloia handiagotu ahal izateko.
Bidearen egungo ebakiduran bi errei daude, zirkulazio noranzko bakoitzeko errei bana, bazterbiderik gabe 3 m eta 3,20 m bitarteko zabalerakoak. Bide-zatiaren hasierako gunean STOP seinalea duen bidegurutzea dago GI-3950 errepidetik zirkulatzen duten ibilgailuentzako, Miraflores eremutik Eibarko noranzkoan.
Foru Aldundiak, Eibarko auzo horretako bizilagunen irisgarritasun eta mugikortasun arazoei irtenbidea emateko, obrari ekitea eta bere osotasunean finantzatzea erabaki du. Herritarrek egindako eskaerari erantzun egokia emango dio horrela, premiazko obratzat jotzen baitzuten eibartarrek. Lanek 100.720 euroko aurrekontua dute; irailean hasiko dira eta hilabete eta erdiko epea izango dute.
1722