Breadcrumb

Asset Publisher

Back Partaidetza prozesua Adinekoen Kontseilua indartzeko

Partaidetza prozesua Adinekoen Kontseilua indartzeko

Zazpi eskualdeek ordezkari bana izango dute hirugarren adinekoei dagozkien politikak hobetzeko foro horretan

Gipuzkoako Foru Aldundiak partaidetza prozesu bat abiarazi du Gipuzkoako Adinekoen Kontseilua indartzeko eta eskualdeek kontseilu horretan duten parte hartzea sendotzeko. Kontseilua, adinekoek eta hirugarren adinarekin lotutako entitate, elkarte eta erakundeek parte hartzeko foro berezi gisa sortu zen, herritarren kolektibo horren ongizatea lortzera zuzendutako politika eta jarduketen planifikazio eta jarraipenean elkarlanean jarduteko asmoz.  «Nahi genuke Kontseilua tresna are eraginkorragoa izatea adinekoen kezkak eta interesak erakundeetara eramateko, eta Gipuzkoako eskualde guztiak kontseilu horretan ordezkatuak sentitzea», azaldu du Imanol Lasa Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.

Horretarako, Aldundiak partaidetza tailerrak antolatu ditu lurraldeko zazpi eskualdeetan. Tailer horiek bi saiokoak dira, eta udalei eta eskualde mailako elkarteei egin zaie horietan parte hartzeko deialdia. Lehenengo saioan, partaidetza prozesuaren berri ematen zaie, eta, bigarrenean, berriz, lurraldeko Adinekoen Kontseiluan parte hartuko duen ordezkari bat aukeratzen dute eskualde bakoitzeko, jarduera protokolo bat adostearekin batera.  Tailerrak Donostian, Irunen, Eibarren, Zumarragan, Tolosan, Arrasaten eta Zarautzen ari dira egiten, martxoaren 27an hasi, hil honen 12ra bitartean.

Prozesuaren helburua eskualdeetan eztabaidarako espazioak sortzea eta bultzatzea da, horiei esker Kontseiluaren ordezkagarritasuna hobetzeko, eta haren pluraltasuna eta genero oreka bermatzeko. Imanol Lasak aurreratu duenez, foro horretan lantzen ari diren eraldaketek haren «eraginkortasuna» hobetuko dute, eta proposamenak egingo dituen egitura bat sortzea ahalbidetuko dute, «hirugarren adinekoei dagozkien politika publiko aproposak egiteko». «Nahi genuke adinekoak ordezkatuago senti daitezen Aldundiak hartzen dituen erabakien fase desberdinetan: planifikazioan, prestaketan, onarpenean, jarraipenean eta exekuzioan. Senti dezatela beren presentziak eragina duela onartzen diren politiketan, eta izan dezatela erakundean egiten dugunaren berri», adierazi du.

Kontseiluaren lehen zeregina adinekoei dagozkien gizarte eta ongizate politiketan parte hartzea bada ere, Gizarte Politikako Departamentuari lotuta egonik, asmoa da jardun eremu hori progresiboki zabaltzen joatea, berariaz gizarte zerbitzuak hobetzeari loturiko gaiak gaindituz eta adinekoentzat interesekoak diren beste gai batzuetara ere iritsiz, hala nola osasuna, garraioa eta mugikortasuna.  «Nahi genuke Kontseilua berritua tresna eraginkor bat izatea pertsona horiek osatzen duten aktiboari behar besteko balioa emateko, asko baitute emateko eta argi utzi baitute prest daudela parte hartzeko. Gure adinekoek Gipuzkoaren etorkizuna eraiki nahi dute eta partaide izan behar dute», nabarmendu du Diputatuak.

Gipuzkoan 65 urtetik gorako lagun 154.000 inguru bizi dira gaur egun, eta kopuru hori hazten joango da, biztanlegoaren zahartze prozesua dela-eta: “Haietako askok osasun ona eta oso bizimodu aktiboa dauzkate”.  Hori dela-eta, Aldundiak jomuga bat finkatu du: mendekotasunaren arreta Kontseiluaren lehentasun nagusien artean mantenduz, adineko independenteen kezkei ere lekua egitea, foro hori hirugarren adineko guztien «termometro» bat izan dadin.

Aurrekontu Irekiak prozesuaren barruan erretiratuen elkarteekin egin diren topaketetan jaso den eskaeren artean, Gipuzkoako Adinekoen Kontseilua biziberritzea izan da, hain zuzen, eskaera nagusietako bat. Orain, bide emango zaio eskakizun horri. Biziberritze hori partaidetza prozesu baten bidez egiteko erabakiaren bidez, «gardentasuna, inplikazioa, ahalduntzea eta entitate eta parte-hartzaileen pluraltasuna» bermatu nahi dira. Foru Aldundiak duela gutxi lurraldeko erretirodunen eta pentsiodunen elkarteekin izandako kontaktu errondan ere –Nagusilan eta Agijupensekin, besteak beste-, hori izan zen jorratutako gai garrantzitsuenetako bat.

Eskualdeetako zazpi ordezkariez gain, Kontseiluaren parte izango dira, halaber, Aldundiko hiru ordezkari, lurralde mailan adinekoen elkarte mugimendua osatzen duten entitateetako hiru ordezkari, lurralde mailan adinekoen gaiez arduratzen diren irabazi asmorik gabeko entitateetako bi ordezkari, Eudeleko ordezkari bat eta Kabia organismo autonomoko beste bat.

  

1989