Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Pindro Dantzariz, Ijito herria Gipuzkoan’ erakusketa inauguratu du
Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Pindro Dantzariz, Ijito herria Gipuzkoan’ erakusketa inauguratu du
Erakusketa Aiete Kultur Etxean egongo da ikusgai abenduaren 13tik martxoaren 2ra, eta ijito-herriaren historiaren alderdi positiboak eta garrantzi kultural eta identitarioa nabarmentzen ditu, mendeetan zehar jasandako jazarpenetik eta bazterkeriatik haratago.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Pindro Dantzariz, Ijito herria Gipuzkoan erakusketa inauguratu du. Erakusketa abenduaren 13tik martxoaren 2ra bitartean egongo da zabalik Aiete Kultur Etxean, ondorengo ordutegian: asteartetik ostiralera 16:00etatik 20:30era, larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara, eta igandeetan 10:00etatik 14:00etara.
Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Ion Gambrak, Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko foru zuzendariak, AGIFUGI elkarteko Isabel Jimenezek eta erakusketaren komisarioek, Juantxo Egaña argazkilari donostiarrak eta David Martin Errenteriako historialari eta Euskal Herriko ijito herriaren historian adituak.
“Ijito herria, mende luzez dagoeneko, gipuzkoar lurraldeko eta Euskal Herriko gizarte, kultura eta herri bizitzaren parte da. Eta, tamalez, estereotipoez gaindi, oso gutxi dakigu ekarpen eta ondare horren aberastasunaz”, gogoeta egin du Gambrak eta gaineratu du, hain zuzen ere, gaur inauguratutako erakusketaren helburua “gabezia” hori betetzea dela eta ahalegin horretan, gainera, “bidegilea” dela. “Pertsona ororen ongizatea helburu duen lurraldea da Gipuzkoa, aniztasuna, giza eskubideak eta diskriminazio eza oinarrizko balio gisa lantzen dituena, eta erakusketa honekin urrats berria ematen dugu balio horietan”, gaineratu du.
Erakusketa Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritzak antolatu du, Aniztasunaren II. Foru Planaren barruan. Ezaugarri hauek dituen lehen erakusketa da Gipuzkoan, eta ahalegin handia egin da materialak biltzerako orduan: 83 argazki, Felix Arteta artistaren sei margolan, Gustave Doréren bi grabatu, lanbide tradizionaletako tresnak, aldizkariak, kartelak eta liburuak. Material horietako asko Euskal Herriko museo, artxibo eta partikularrek utzi dituzte, Gipuzkoako objektu eta argazkietan fokua jarriz.
Erakusketaren izenburua, Pindro Dantzariz, Jon Mirandek erromintxelaz idatzitako poesia batetik dator eta Oin Dantzariak esan nahi du, ijito herriaren izaera nomada nabarmenduz. Horrek azpimarratzen du, historian zehar, familia nomada berberak izan direla euskal herriko lurralde ezberdinetara mugitu direnak, eta ijito asko bizi izan direla gurean, Gipuzkoan; eta baita ere Nafarroan, Iparraldean eta Bizkaian.
XV. mendean iritsi zirenetik gaur egunera arte
Erakusketak ijito herria XV. mendean Gipuzkoara iritsi zen modua aztertzen du, eta hainbat gai jorratzen ditu, hala nola, legeria eta XVI. eta XVIII. mendeen arteko neurri diskriminatzaileak, lanbide tradizionalak, euskararekiko eta euskal kulturarekiko harremana, edota Kaldereroen ospakizunak ere. Gatazka belikoetan eta beste egoera historiko batzuetan bizitako esperientziak ere islatzen dira, eta ijitoek mendeetan zehar egindako ekarpenak eta aurre egindako erronkak nabarmentzen dira.
Era berean, Gipuzkoako ijitoen egungo errealitatea aztertzen da, eta nabarmentzen da familia tradizioen garrantzia, kohesio komunitarioa eta ijito haien ondorengoek mendeetan zehar mantendu duten transmisio kulturala. Jasandako diskriminazio eta bazterkeria gorabehera, euskal lurraldeetan ijito-herriarentzat funtsezkoak diren ezaugarri kultural eta identitarioen balioa azpimarratzen da.
Hori horrela, mendeetan zehar jazarpenak eta gizarte-bazterkeria jasan dituzten arren, erakusketak ijito-herriaren historiaren alderdi positiboak agerrian jarri nahi ditu, haientzat garrantzi handikoak diren kultura eta nortasun elementuetan arreta berezia jarriz. Kultura-ezaugarri horien aberastasuna eta garrantzia nabarmendu nahi da, haien nortasuna babesten eta tradizioak transmititzen lagungarri izan baitira.
1524