Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei zuzendutako Bizikidetza Lantzen programa aurkeztu du
Gipuzkoako Foru Aldundiak udalei zuzendutako Bizikidetza Lantzen programa aurkeztu du
Diputatu nagusia, Markel Olano, Irun, Errenteria eta Elgoibarko alkateekin elkartu da foru Gobernuak esparru honetan dituen lan ildoak aurkezteko
Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan bizikidetza arloan duen programa eta lan ildoak aurkeztu dizkie lurraldeko udalerriei. Irungo alkatea, Jose Antonio Santano; Errenteriakoa, Julen Mendoza; eta Elgoibarkoa, Ana Beitia, foru Jauregian elkartu dira gaur diputatu nagusiarekin, Markel Olanorekin, eta lehen eskutik jaso dute ekimenaren berri. Helburua bake, bizikidetza eta giza eskubideen arloko udal politiken sustapena da.
Olanok gogoratu duenez, foru erakundeak hamarkada luzea darama udalekin elkarlanean bizikidetzaren arloan, eta zuzentzen duen Gobernuak lankidetza horretan “sakondu” nahi duela azaldu du. “Udaletxeak herritarrekin konektatzeko espaziorik egokiena dira, hiritarrengatik gertuen dagoen instituzioak direlako” azaldu du. Hori dela eta, Foru Aldundiaren lan ildoek udalerriekin elkarlana indartu nahi dutela esan du, eta hauekin “aliatu” bizikidetza arloan.
Gainera, bilera berean, foru Gobernuko ordezkariek pasa den azaroaren 26an Foru Aldundian burutu ziren Bizikidetza Lantzen jardunaldien ondorioak partekatu dituzte udal ordezkariekin. Ekimen honetan 30 herri desberdinetako eta kolore politiko ezberdinetako alkate eta udal ordezkarik hartu zuten parte, eta foru Gobernuak eta udalek Gipuzkoan bizikidetzaren esparruan martxan dauden proiektu ezberdinen berri jasotzeko balio izan zuen.
Sei lan ildo, hiru lankidetza lerro
Laburbilduz, arlo honetan “lehentasunezko” sei lan ildo identifikatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak: udalbatzan ordezkaritza duten kolore politiko ezberdinen artean elkarrizketa eta akordioa sustatzea; bizikidetza pluraleko foro eta esperientziak bultzatzea; giza eskubideen esparruan heziketa xede duten ekimenak sustatzea; udaletxetatik biktimei eskaintzen zaion laguntza indartu; memoria politikak garatzea udal esparruan; eta presoen bergizarteratze prozesuei ekarpenak egitea.
Guztira, 2016 urterako 300.000 eurotako aurrekontua bideratuko ditu Foru Aldundiak bizikidetza proiektu honetara
Oinarri hauen gainean, eta lurraldeko udalerrietan bizi diren errealitate ezberdinak kontutan hartuz, Foru Aldundiak hiru lankidetza lerro proposatzen dizkie udalerriei, “bakoitzak hobekien deritzona aukera dezan”:
- Diru-laguntza deialdiak. Aurreko legealdian martxan jarritako diru-laguntza dinamikei jarraipena emango dio Foru Aldundiak, baina gutxienez aipatutako “lehentasunezko” sei lan ildoetatik hiru barne hartzen dituen urteko jarduera plana aurkezten duten udalerriei mugatuta egongo da. Lan lerro hauetatik, derrigorrezkoak izango dira sentsibilitate politiko ezberdinen arteko elkarrizketa eta akordioa xede duena eta bizikidetza pluraleko foro eta esperientziak sustatzea.
- Lankidetza hitzarmenak. Oraindik esparru honetan jarduerarik garatu ez duten udaletxeei zuzenduta, edota urteroko plan batekin ez baina jarduera konkreturen bat bultzatu nahi dutenentzat. Kasu hauetan, Foru Aldundiak lankidetza hitzarmenak adostu ditzake ekintza hauek bi erakundeen artean garatzeko.
- Foru parte-hartzea udalerrian. Diren arrazoiak direla, ez planik ez jarduera konkreturik garatzea aurreikusten duten udalerriei zuzendua. Hemen, Foru Aldundia, Bizikidetza eta Giza Eskubidetako zuzendaritzaren bitartez, udalerri hauetan ekintza zehatzak garatzeko prest egongo da.
Guztira, 2016 urterako 300.000 eurotako aurrekontua bideratuko du Foru Aldundiak. Bizikidetza eta Giza Eskubideen foru zuzendariak, Maribel Vaquerok, aste honetan ekingo dio lurraldeko udalerriak bisitatzeari, lan ildo eta planteamendu hauen berri lehen eskutik eman eta herriko ordezkarien ekarpenak jasotzea helburu. Batzar Nagusietako talde politikoekin ere elkartuko da programa honen berri emateko
2371