Breadcrumb

Asset Publisher

Back Gipuzkoako foru Ogasunak beste Errenta kanpaina positiboa itxi du, 3,1 milioi euroko hobekuntzarekin

Gipuzkoako foru Ogasunak beste Errenta kanpaina positiboa itxi du, 3,1 milioi euroko hobekuntzarekin

Foru erakundeak 275 milioi euro itzuli zituen, eta beste 257 milioi jaso

2019/07/18

18,7 milioi euroko emaitza negatiboarekin itxi du Gipuzkoako foru Ogasunak 2018ko Errenta kanpaina, aurreko urtekoa 3,1 milioi eurotan hobetuz. Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak kanpainaren irakurketa positiboa egin du, zehaztuz 275 milioi euro itzuli zaizkiela zergadunei eta beste 257 milioi jaso. Hobekuntzaren arrazoia, foru arduradunaren esanetan, lurraldeko ekonomiak bizi duen momentu ona litzateke, 2018 urtea oso ona izan dela nabarmenduz. “Adierazle ezberdinek esaten digutena da aurreko urtea oso ona izan zela enpresen salmentei, enpleguari edota soldatei dagokionean, eta honek guztiak eragin zuzena du kanpaina honen emaitzetan”, esan du Larrañagak.
Larrañaga foru Jauregiak agertu da gaur hedabideen aurrean, Ogasuneko foru zuzendari den Jokin Perona eta Zerga Kudeaketako zuzendariorde den Yolanda Dominguezekin batera, amaitu berri den kanpainari buruzko zehaztasunak emateko. Foru diputatuak azaldu duenez, 381.670 aitorpen aurkeztu dira, aurreko urtean baino 4.281 gehiago. Honenbestez, hirugarren urtez jarraian hazi da aitorpen kopurua, lan merkatuak bizi duen momentu onaren beste adierazle bat. 
Larrañagak bere hitzaldia hasi du eskerrak emanez bai herritarrei zein Ogasuneko langileei, barne funtzionamenduari dagokionean “beste urtebetez oso kanpaina ona” izan delako. Foru arduradunak gogoratu duenez, Ogasunak biltzen dituen baliabideak ezinbestekoak dira gure ongizate mailari eusten dioten zerbitzu sozialak finantzatzeko. Puntu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomia sustapenaren alde egiten duen apustua egokia dela berretsi du Larrañagak. “Ekonomia ondo joatea, enplegu gehiago izatea, gure enpresek gehiago saltzea… Hori da gure zerga-bilketa hazteko biderik eraginkorrena eta, honela, gaurko eta biharko gure ongizate sistema indartzen jarraitzeko”, nabarmendu du. 

 

Errenta kanpaina
Zenbakietara jaitsita, Larrañagak azaldu du foru Ogasunak 275 milioi euro itzuli eta 257 milioi euro jaso dituela kanpaina honetan. Saldoa, honela, 18,7 milioi euro negatiboa da, aurreko urteko emaitza 3,1 milioitan hobetuz. Foru diputatuak gogorarazi duenez, hobekuntza enplegu eta soldaten ondorio zuzena da. “Lauzpabost urte badira Gipuzkoak oso emaitza onak dituela Errenta kanpainari dagokionean, eta hau oso albiste ona da gure lurraldearentzat”, nabarmendu du. Hala ere, ez erlaxatzeko deia ere egin du foru arduradunak: “Haizeak edozein momentutan aldatu dezake norabidea, eta bide beretik jarraitu behar dugu lanean”.  
Peronak, bere aldetik, 214.478 autolikidazio proposamen onartu direla zehaztu du, bidali direnen %85,6, aurreko urtean jazo zen antzeko ehunekoa. “Azken urteotan asko hazi gara modalitate honetan, herritarrentzako erosoena dena”, gogoratu du foru zuzendariak, modalitate hau hedatzen jarraitzeko lanean jarraitzen dela gogoratuz. Aitorpen mekanizatuak 74.836 izan dira, eta internet bidez aurkeztu direnak 92.356, 73.329 aholkularien bidez eta 19.027 norbanakoek aurkeztu dituztenak. Azken puntu honetan, ZergaBidea plataformak izan duen eragina nabarmendu du Peronak, aplikazio aitzindari honek oso harrera ona izan baitu zergadunen artean. 
Emaitzaren arabera, foru zuzendariak azaldu du 261.276 aitorpen itzultzera izan dira (2017an baino 622 gehiago) eta 120.394 ordaintzera (3.659 gehiago 2017 urtean baino). “Itzultzera izan diren aitorpenak osoaren %68,5 dira, eta batez besteko zenbatekoa 1.055 eurokoa izan da”, zehaztu du Peronak. Ordaintzera izan diren aitorpenak, bere aldetik, gainerako %31,5 izan da, eta zergadun bakoitzak batez beste 2.134 euro ordaindu ditu. 

 

Ondarearen gaineko Zerga
Ondarearen gaineko Zergari dagokionean, foru Ogasunak 58,6 milioi euro bildu ditu, zerga honen erreformaren aurreko urteetan jasotakoaren zifra antzekoa. Honela, Larrañagak gogoratu du 2018 izan dela zerga hau guztiz erreformatuta egon den lehen urtea (2015 eta 2018ean onartutako aldaketak indarrean zirela) eta emaitza erreformen aurrekoaren berdina izan dela. “Bide ezberdinetatik joanda ere, helmuga berera iristea posible dela egiaztatu dugu. Geure buruari galdetu behar dioguna da ea merezi izan zuen duela bi legealdi egindako guztiak”, esan du Larrañagak. 
Azkenik, kanpainan parte hartu duten Ogasuneko langileen lan ona txalotu du Dominguezek. Adibide bezala, zerbitzu kartan jasotako zenbait datu aipatu ditu, foru erakundeak zergadunekiko dituen konpromisoak jasotzen baitira dokumentu honetan. Honela, nabarmendu du 42.542 telefono-kontsulta jaso direla, zailtasun maila ertain edo altukoak, eta hauetatik 56 bakarrik galdu direla (%0,1). Itzulketa egiteko batez besteko epea, berriz, 1,22 egunekoa izan da proposamenen kasuan, eta 1,58 egunekoa aitorpen mekanizatuei dagokionean. “Oso adierazgarriak diren zifrak direla”, azpimarratu du foru arduradunak.

  

2743